Berangoko jaiak
Sagardo festa, harri-zulatzaileak eta herriko presoen ahotsak protagonista
Euskal kultura eta tradizioak izan ziren atzoko protagonista nagusi Berangoko jaien barruan. Txosnagunean antolatutako Sagardo Festak tradizioa eta jaia uztartu zituen. Horrekin batera, Euskal Herriko Harri Zulatzaileen Ligako proba ikusgarri bat egin zuten. Bestalde, herriko presoen ahotsa entzuteko bildu ziren berangoztar asko.
BERANGO
Euskal kulturak bete zuen atzoko programaren parterik handiena Berangon. Sagardo festarekin eta Euskal Herriko Harri Zulatzaileen Ligako probarekin tradizioak berreskuratu zituzten Uribe Kostako herrian. Sagardo festa egin ahal izateko, upel handi bat eraman zuten txosnagunera. Ekintza hori eguneko aipagarriena izan zen, bertaratu zirenek, gainera, pintxo ezberdinak dastatzeko aukera ere izan baitzuten. Horrekin batera, trikitiak eta bertso doinuek giroa alaitu zuten. Baina, herri-sagardotegiarekin eztarria eta tripa bete baino lehen, Bizkaiko kirol tradizional batekin zuten hitzordua, Euskal Herriko Harri Zulatzaileen Ligako proba bat egin baitzuten Berangon. Ekintza gogorra eta ikusgarria da; parte-hartzaileek burdinazko makila batekin harri handi bat zulatu behar dute. Ekimen horien guztien bultzatzaile nagusia Ariku elkartea da. Talde horrek Berangon euskara, euskal kultura eta tradizioak bultzatzea du helburu eta erabat errotuta dago herriko bizitzan. Izan ere, Arikuk izena Berangoko mendi batetik hartu du. Jaietan, elkarte hori, txosna jarri eta euskal kulturaren eta herri-jaien aldeko ekimen ugari antolatzeaz gain, gauetako kontzertuez arduratzen da. Aurtengo jaietan, gainera, jaien antolakuntzak 3 bideo-kontsola jartzeko egindako proposamena errefusatu zuen Arikuk. Horren ordez, kaleko giroa berreskuratzeko ekintza ezberdinak proposatu zituen. Bestalde, urtean zehar, Arikuk, sagardotegi batera irteera, Geurearen Eguna edota Sahararen aldeko janari bilketa egiten du. Hala ere, Ariku elkartekoek adierazi zutenez, hain gertu dauden Erromoko jaiak data berean direnez gero, jende gutxiago bertaratzen da eurek bultzatzen duten Berangoko herri-jaietara.
Herriko presoen ahotsa
Aldarrikapenik eta herriko errepresaliatuei egindako omenaldirik ere ez zen falta izan Berangon. Gauzak horrela, Ibai Aginaga, Patxi Markes, Irantzu Gallastegi, Lexuri Gallastegi, Orkatz Gallastegi, Jagoba Terrones eta Martin Etxegarairen ahotsak, barra lodietatik harago entzun ahal izan zituzten berangoztarrek. Herriko bizilagunak presoen deiak jasotzeko bildu ziren. Kartzela barruan daudenen ahotsa jaietara zabaltzeaz gain, presoek lagun eta herrikideen babesa eta animoak jaso zituzten. Horren ostean, euskal preso politikoen aldeko brindisa egin zuten Uribe Kostako herri honetako jaietan.Egitaraua Domeka 06
10.30: Kalejira txistulariekin batera Berangoko kaleetan barrena. 13.00: Bitsaren festa kultur etxean. 18.00: Potxin eta Patxin pailazoen emanaldia 19.00: Haurren mozorroen desfilea, pilota partida eta trikitia 19.30: “Arpana” taldearekin herri kirolak eta txokolatada 21.00: ”Mariachis Real Azteca” taldearekin dantzaldia
|