Bizkaiko hondartzetan ezbeharrik ez izateko aholkuak
Udan bete-betean sartuta gaude eta jendeak hondartzara joateko gogoa du. Bizkaiko hondartzek oporrez gozatzeko aukera eskaintzen badute ere, uraren korronteak, intsektuek edo eguzkiaren indarrak sorturiko ezbeharrak saihesteko, Bizkaiko Gurutze Gorriak zenbait aholku ematen ditu.
Bizkaiko hondartzetan urtero gertatzen diren jazoeren artean, gehien gertatzen direnak zauri eta ebakiekin lotutakoak dira. Halere, Bizkaiko Gurutze Gorriak adierazi duenaren arabera, horiei aurre egiteko bide asko daude, besteak beste, oinetako egokiak erabiltzea eta betiere, haitzetatik egiten diren ibilaldiak alde batera uztea. Hala ere, ebakiak ez dira Bizkaiko hondartzetan izaten diren ezbehar bakarrak, intsektuen ziztadak ere nabarmentzekoak baitira bertan gertaturiko gorabeheren artean. Gurutze Gorriak azaldutakoaren arabera, intsektuen artean aldaera asko daude, hondarretan izandako ziztaden artean denetarik baitago: liztorrak, erleak, eltxoakŠ Hondarretan egonda bizi ditzakegun arriskuez gain, uretan ere kontuz ibili beharra dago. Izan ere, itsasoak ere baditu eragozpenak, bertan topa ditzakegun marmokek eta xabiroiek ezusteko handiak ematen baitituzte. Gainera, Gurutze Gorriaren hitzetan, «ez dago zelan aurre eginik». Beraz, irtenbiderik egokiena animalia horien presentziaz ohartzea litzake. «Kontuz ibili behar da, batez ere, itsasertzean, 20 gradutik goragoko tenperatura dagoenean bertan egotea gustatzen zaielako» gogorarazi du Gurutze Gorriak. Horretaz gain, badago elementu bat guztientzat arriskutsua dena, eguzkia, hain zuzen ere, modu desegokian hartuta kalte handiak ekartzen baititu.
Horri aurre egiteko, krema bota behar dela nabarmentzen dute Gurutze Gorrikoek. Halaber, eguzkiak sorturiko zaurien arrazoi nagusiei dagokienez, jakinarazi nahi izan dute faktore anitzek hartzen dutela parte. Alde batetik, krema modu uniformean gorputzean bota ez izana, eta beste alde batetik, berriz, eguzkitan jendeak ematen duen denbora luzea. Behin eguzkia hartuta, askok uretara sartzeko gogoa edukitzen dute, baina hori bai, kontuan hartu behar da beti itsasoaren egoera zein den. Izan ere, askotan korronte arriskutsuek arazoak ekar ditzake. Horregatik, eta korrontearen ondorioz gerta litezkeen ezbeharrei aurre egiteko, Gurutze Gorrikoek kontseiluak ematen dituzte behin eta berriz: «Baten batek halako egoeran ikusten badu bere burua, sorosleak ohartarazteko seinaleak egin beharko ditu, baita oihukatu ere». Horrekin batera, nabarmendu nahi izan dute korrontearen indarrak eraman gaitzan utzi behar dela, inoiz ez bere kontra joan, daukagun indarra ur gainean mantentzeko erabili behar baitugu. Denboran atzera egitea berandu konpondu behar izatea baino hobea izaten da. Halere, batzuetan dagoeneko jasandako kaltea konpontzea besterik ez dago. Horixe bera gertatzen da marmoka eta xabiroiekin, haien erasoa ekiditerik ez baitago, eta beraz, sorospen tokian sendatu beharra dago. Lehenengoei dagokienez, Gurutze Gorriak azkura eta azaleko gorritasuna agertzen ditu ziztadaren sintoma zuzen moduan. Hala ere, mina arintzeko sorospen lekura joan besterik ez da egin behar, bertan, tratamendu egokia aplikatzeko. Xabiroien kasuan, berriz, animalia horrek sorturiko mina sendatzeko, lehenengo eta behin zauria ondo garbitu behar da, horren ondoren, pomada eman ahal izateko. Eguzkiak sorturiko kalteak, berriz, maila ezberdinetan sailka daitezke. Izan ere, Gurutze Gorriaren arabera, eguzkiaren ondorioz izandako erreduren larritasuna kontuan hartuta, tratamendua era batekoa edo bestekoa izango da. -
BILBO
|