GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-08-12
Donostiako Aste Nagusia
Auzoko preso ohiei omenaldia eginda hasi dute aurten Aste Nagusia Grosen
Bosgarren urtez ekin diote Grosen Marruma elkartean antolatzen duten presoen aldeko Kaxueliten Asteari. Donostiako Aste Nagusiari hasiera emateko, Oier Oa eta Eneko Aizpuru «Puro» preso ohiak omendu dituzte bart, iluntzeko bederatzietan. Omenaldiarekin batera Groseko «Amnistiaren plaza» izeneko gunea inauguratu zuten Donostiako auzoan. Antiguako Antiguotarrak elkartean ere mota guztietako kaxuelitak dastatu ahal izango dira hilabete osoan.

DONOSTIA

Atzo hasi zen Aste Nagusia Groseko auzotarrentzat. Urtero-urtero, Donostiako jaiak aprobetxatuz, presoen aldeko Kaxueliten Astea antolatzen dute Donostiako auzoan. Ekimen horri hasiera eman zioten atzo iluntzeko bederatzietan. Hasiera ekitaldi moduan, azken urtean kartzelatik ateratako preso politikoak omendu zituzten.

Aurten Oier Oa eta Eneko Aizpuru gazteak izan dira omendutakoak. Jarrai-Haika-Segiko auzipetuak azken urtean gelditu dira aske. Txalaparta doinua eta hainbat bertso izan ziren bertan. Ondoren, omendutakoek brindisa eskaini zioten auzoari, eta, hala, Aste Nagusiko Kaxueliten Asteari hasiera eman zioten.

Era berean, plaza inauguratu zuten, omenaldia egin zuten tokia. Plaza berriari izena emango dion plaka jarri zuten bertan. «Amnistiaren plaza» izena eman zioten Colonen eta Kale Berriaren artean dagoen guneari. Guztia prest dute presoen aldeko Kaxueliten Asteari ekiteko. 2002an hasi ziren Grosen presoen aldeko Kaxueliten Astea antolatzen, beraz, bosgarren urtea izango da aurtengoa. Atzo iluntzean hasi eta datorren igandera arte arituko dira Groseko Marruma elkartean presoen aldeko afariak banatzen.

Asteko egun bakoitzean menu ezberdina eskaintzen dute, betiere, lehenengo plateraz, bigarren plateraz eta postreaz osaturiko menu erakargarria. Auzotar ugarik hartzen du parte egitasmo horretan, baina ez bakarrik afaltzera joateko orduan; izan ere, auzoko hainbat elkarte gastronomiko, tabernari eta pertsonak prestatzen dituzte kaxuelitak beren borondatez. Zerbitzatzeko, Groseko hainbat koadrila aritzen dira lanean modu antolatuan.

Gaueko bederatzietan hasten dira kaxuelitak banatzen Marruman, eta hamaikak aldera amaiera ematen diote egun horretako jarduerari. Prezioa menuaren araberakoa izaten da baina 10-20 euro artean afaltzeko aukera izango du bertara joaten den pertsona orok. Hala ere, urtez urte gero eta jende gehiago joaten da kaxuelitak dastatzera, horregatik, aurten erreserbak egiteko telefonoa jarri dute: 637238632. Egitasmo horretan bildutako diru guztia euskal preso politikoen alde egiteko erabiliko dute.

Antiguan ere bai

Antiguako Antiguotarrak elkartean ere, kaxuelitak eskaintzen dituzte abuztu osoan. Elkarte horretako lema bertako bazkideek hartzen dute hilabete honetan, eta ateratako etekina errepresaliatuen senitartekoei emango diete.

Iluntzeko zortzi eta erdietan hasten dira bertan afariak zerbitzatzen. Egunetik egunera menua aldatzen dute, baina betiere aukera handia egon ohi da eskatzeko. Bertan dastatu ahal izango dira, besteren artean, mingaina, hegaluzea, hainbat entsalada, albondigak... Sarrera moduan, entsalada, kroketak... eskaintzen dituzte; ondoren, 4 eta 5 euro artean balio duen kaxuelita, eta amaitzeko, etxeko postreak eskaintzen dituzte, hala nola, arroz-esnea edo esne frijitua. 11-12 euro inguru ordaindu behar dira afari bakoitzeko. Arduradunek aipatzen dutenez, berrogeita hamar bat menu inguru ateratzen dituzte gauero elkartean.

Egitasmo hori gero eta ezagunagoa egiten ari da, eta azken urteotan Gipuzkoako hainbat herritatik etorritako jendea bertaratu izan da Antiguotarrak elkartera. Aste Nagusiarekin batera lan handiagoa izan ohi da bertan. Astero talde batek hartzen du elkartearen ardura, eta haiek prestatzen dituzte gauero-gauero eskaintzen diren menuak. Halere, auzotar ugarik hartzen du parte egitasmoan, eta bakoitzak ahal duena egiten du. Askotan, kaxuelita berezi edota postreak etxean prestatzen dituzte auzoko hainbat pertsonak borondatez.

Ez da ekimen hori egiten duten lehen urtea; izan ere, Antiguotarrak elkartea ireki (1982) eta urte gutxira hasi zuten egitasmoa. Erreserbak egiteko, elkarteko telefonora deitu beharra dago: 943214412.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
Familiares dicen que «es un homicidio»
Ekonomia
Las rebajas reducen el IPC de julio en Hego Euskal Herria
Mundua
Gran Bretaña mantiene el nivel máximo de alerta
Mundua
Washington y París llegan a otro acuerdo para acabar con la violencia en Líbano
Euskal Herria
Ciudadanos convocan mañana en Donostia en favor de la solución
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss