Iratxe Esnaola Arribillaga - Informatikan ingeniaria
«www.lehenbailehen.eus»
Sare sozialen garaian bizi gara. Errealak edo birtualak, baina sare sozialak dira. Mundua biltzen eta lotzen duen sare handiaren barruan sortu sare txikiak: komunitateak.Internetek munduko milioika sistema informatiko konektatzen ditu. Paisaia birtual horretan ez da denbora dimentsiorik existitzen, ezta distantzia mugarik ere. Internetek pertso- nak lotzen ditu. Eta gogoetak, eta kezkak. Are gehiago: Internet mundura begira jartzen gaituen leihoa da egun. Hortaz, mundua ere guri so dago, uneoro eta betiko: inork, inola eta inoiz itxiko ez duen leihoa baita Internet. Horrexegatik, paisaia global eta kolektibo horren parte izan eta bertan parte hartzera behartuak gaude, munduak gu ikustea nahi badugu. Internetek medioak demokratizatu dituela ere esaten da, blogen eta wikien hedapenarekin, batez ere. Internetek komunitateak sortzeko gaitasuna lortu du: nortasun eta izaera propioko komunitateak. Esparru komunikatibo birtualean ere nortasuna eta iden- titatea garrantzitsuak eta halabeharrezkoak baitira, bizitzako aspektu guztietan bezalaxe. Gauden lekuan gaudela identifika gaitzakete. Identifikazio indibiduala bermatua dugu: dela nortasun agiria, dela autoko matrikula, dela hoteleko gelako edo arrandegiko ilarako zenbakia. Beti dago besteengandik indibidualki ezberdintzen gaituen daturen bat. Interneteko leihora agertzen garen bakoitzean ere, konturatu edo ez, identifikazio zenbaki bat dugu gure identitatearen lekuko, sare handian indibidualki ezberdintzen gaituena, pertsona gisa. Eta kolektiboki? Zer gertatzen da identitate kolektiboarekin? Nola ezagutarazi munduaren aurrean euskaldun gisa? Eta euskal herritar gisa? Domeinuak webguneak kolektibo edo komunitateetan sailkatzeko erabiltzen dira. ICANNek (Izenak eta Zenbakiak Banatzeko Nazioarteko Korporazioa, www.icann.org) kudeatzen ditu. Eta onartzen, eta baztertzen. Interneten jaiotzarekin gutxi batzuk sortu ziren arren, egun mota asko eta askotako domeinuak ditugu. Ezagunenak .com, .org eta .net izan daitezke. Baina badaude gehiago. Gehientsuenak, hasieran, erakunde edo jarduera zehatzetarako (.com, esaterako, enpresa eta merkataritza elektronikorako sortu zen) izendatuak izan ziren, baina gerora erabilera libreko domei- nu bihurtu dira. Badaude webguneak beraien jatorrizko herrialdearekin lotzeko sortutako domeinuak ere. Estatu edo nazio kodeak dira, Interneteko leihorako (.fr frantziar Estatuan, .es espainiar Estatuan, .it Italian... bi hizkikoak guztiak). Eta zer gara gu, nazio bat ez bagara? Mapa politiko ofizialetan zatituta eta ezkutuan ageri den eta ICANNen baldintzetan sartzen ez den nazio bat da gurea. ICCANek ez gaitu bere prozeduretan kokatzen, ez nazio gisa bederen. Horixe gertatu zitzaien katalanei. Baina ez zuten etsi. Nazio izaerari uko egin gabe, katalan hizkuntza eta kultura aitor-tzea lortu zuten, .cat do-meinuaren onarpenarekin (www.puntcat.org). Egun, Interneteko leihotik, 15.000 webgune baino gehiago ikus ditzakegu .cat domeinupean. Eta paisaia zirraragarri bezain indartsu hau etengabe hedatzen ari da, hektareaz hektarea, eta orubez orube. Munduak hizkuntz komunitate bat ikusten du .cat-en: nortasun linguistiko eta kulturala duen komunitate bat. Interneteko leihoak ez du mapa politiko ofizialik ezagutzen. Baina bai mapa linguistikoa. Eta horrexegatik guk ere paisaiaren gure zatitxoa landu behar dugu: sortu, eraiki, zabaldu, erakutsi, hedatu. .eus da gure Interneteko mapa linguistikoa, gure leiho propioa. Errekonozimendua emango diguna. Euskarak eta euskaldunok ezinbestekoa duguna. Euskal literaturatik ikastola eta komunikabideetara egin genuen jauzi, unean uneko beharren arabera. Gure egungo erronka paraleloa eraikuntza teknologiko nazionala edo nazio eraikuntza teknologikoa da, munduari nor garen esatea: Interneten euskarazko edukiak sortuz, baina eta hizkuntz komunitate propio bat garatuz. Euskaraz irakurri ezin gaitzaketenek existitzen garela jakin dezaten, mapa politiko ofizialek gu ezkutuan gordetzen gaituzten arren. Gustatu edo ez, egun Interneteko paisaiaren zati ez diren komunitate, herri eta nazioak, beharbada paisaia errealaren argazki besterik ez dira izango etorkizunean. Internetek asko lagundu gaitzake, baina min ere egin diezaguke, aurrea hartzen ez badiogu. Eta kasu honetan ere, babesbiderik eraginkorrena aurrerasoa eraikitzailea da. Ezin dugu zain egon. Nahitaezko eremua da guretzat, berandu baino lehen geureganatu behar duguna, berak gu jan baino lehen. Eta hori guk, euskaldunok, landu behar dugu. Milioi bat euskal hiztun behar omen ditugu horretarako. Eta 45.000 dolar. Eta domeinu berria kudeatuko duen erakunde bat. Lana sobera dugu. Denbora aldeko. Baina euskaldunok badakigu zer den auzolana, inork badaki. Eta erronka berria dugu aurrean. .eus domeinuaren sorrerak euskara eta euskal kultura indartuko ditu: eta euskarazko edukiak sustatuko. Euskarak eta euskaldunok, Interneteko leihoan gure paisaia birtuala behar dugu: gure geografia emozionala, propioa. Ezinbestekoa dugu. Lehenbailehen. -
|