Nafarroako Liburutegi Nagusi berria, 2009rako
·Eraikitze lanak datorren urtean hasiko direla adierazi zuen Corpas kontseilariak
Datorren urteko lehen hiru hilabeteetan hasiko dira Nafarroako Liburutegi eta Filmategia eraikitzeko lanak, eta zerbitzu berriak 2009an prest egon beharko luke, Juan Ramon Corpas Kultura kontseilariak atzo adierazi zuenaren arabera. Iruñeko Udalak Mendebaldean eskaini duen orube batean eraikiko dute ekipamendu berria, Manuel Ferrer arkitektuaren proiektu bati jarraituz. Aurrekontua 28 milioi eurokoa da.
IRUÑEA
Mendebaldean eraikiko duten eraikinak 20.768 metro karratuko azalera izango du, lau mailatan banatuta (laugarrena, sotoan). Bertan, batez beste bi milioi dokumentu bildu ahal izango diutzte, liburuak, CD-Romak, aldizkariak, bideoak eta beste zenbait euskarritakoak kontuan izanik.Bibliotekako mailegu sailean, esaterako, 100.000 titulu egongo dira eskuragai. Mediatekan, berriz, 19.000, eta hemerotekan, 500 inguru. Haur liburutegi bat ere atontzeko asmoa dute. Gainera, eraikin berriak Nafarroako Filmategia ere hartuko du. Filmategiko lehendabiziko funtsa 500 dokumentuk osatuko dute. Gehienak Antonio Jose Ruizen sendiak Nafarroako Gobernuari emandakoak dira. Filmategiak harrera eta kontsulta gelak, laborategiak eta biltegiak izango ditu, baita 250 lagun hartzeko moduko zinema areto bat ere. Ekipamendu berria martxan jarri bezain pronto, San Frantzisko plazan egun dagoen biblioteka Alde Zaharreko biblioteka gisa geratuko da. Izan ere, ekipamendu berria Nafarroako Biblioteka Sistemaren burua ere izango da. Yolanda Barcina Iruñeko alkatearekin batean atzo eman zuen prentsaurrekoan, Juan Ramon Corpas Kultura kontseilariak nabarmendu zuen proiektuan batez ere kontuan izan dituztela «iristeko erraztasun, erosotasun, malgutasun, moldagarritasun, segurtasun eta eragingarritasun irizpideak».
Kostata, aurrera
IRUÑEA Nafarroako Liburutegi Nagusia San Frantzisko plazan dago, baina aspaldi geratu zen motz. Izan ere, eraikin berri baten eskaerak 1983an hasi ziren. Azken urteotan, alabaina, eraikin berriaren kokapena eztabaida-iturri izan da, batez ere Nafarroako Gobernua eta Iruñeko Udala ez zetozelako bat. Azkenean, Mendebaldean eraikitzean adostu ziren. Baina lekua hitzartuta ere, proiektua atzeratzen joan da. Azkenean, iazko azaroan, Corpasek oinarrizko proiektua aurkeztu zuen. Atzo, berriz, exekuzio proiektuaren txanda izan zen. 2009rako iragarri zuen zerbitzu berria.
|