GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kirolak > ARRAUNA 2006-08-12
- Hondarribia Arraun Elkartea (Bigarren trainerua) -
Gaurko pozak biharko negarra ekar ez dezan
·Kanpandegik eta Garmendiak KAEko lehen multzo indartsuan sartu dute euren talde gaztea eta ilusioz betea

DONOSTIA

Denboraldi biribila betetzen ari da aurtengo udan Hondarribia Arraun Elkartea. TKE Ligan bost estropada irabazi ditu dagoeneko eta Gipuzkoako Txapelketa bereganatu berri du aurreko astearte arratsaldean. Lehen traineruak arrakasta horiek guztiak lortzen jarrai dezan, ordea, ezinbestekoa da atzetik ongi prestatutako jende gaztea etortzea, eta lan horretan pieza garrantzitsua da Hondarribiko bigarren trainerua.

Sortu berria den Kantauriko Arraun Elkartean sartuta, lehen multzoan lekutxo bat irabazi zuen taldeak uztailaren hasierako sailkapen estropadan eta ontziak aurreneko probetan maila polita ematea lortu zuen arren, azken asteburua ez da nahi bezain ona izan. Oraingoz, hamargarren postuan daude 38 punturekin Ciudad de Santander eta Camargoren aurretik.

«Taldea oso gaztea da. Arraunlari gehienek bi edo hiru urte daramatzate asko jota traineruan eta guztiz egin gabeko kirolariak dira. Hori bai, argi daukagu hemendik urte gutxira gure taldeko arraunlari asko lehen ontzian egongo direla eta aldaketa horretarako gazteek zenbat eta gehiago ikasi, orduan eta hobeto», adierazi du Gaizka Garmendia patroiak, Samuel Kanpandegirekin prestatzaile lanetan dabilen zarauztarrak.

Garmendia maiatz aldean iritsi zen Txingudi aldera eta Xamu Kanpandegik lehen taldean arraun egiteko zuen aukera aurrez ikusita ­azkenean gertatu den moduan­, prestaketa lanak bien artean eraman dituzte aurrera ordutik.

Lehiaketa, ikastegi

Entrenamenduak beharrezkoak diren arren, argi dago arrauna bezalako kirol gogor batean lehiaketa ofiziala dela kirolaria benetan zailtzen duena eta, eskatzen hasita, lehiaketa zorrotzagoa den heinean, prestaketa ere egokiagoa. «Zalantza bat bageneukan denboraldi hasieran. Arriskua ikusten genuen lehen multzoan sartuz gero oso atzean ibiltzeko eta bigarren multzoan geratuz gero guk nahi adinako exijentzia ez aurkitzeko», azaldu du Garmendiak.

Azkenean ez da halakorik gertatu eta, lehen multzoan sartzeaz gain, denboraldi hasieran maila ona eman du ontziak. «Azken asteburua patala izan den arren, orain arte bigarren txandan egin dugu arraunean eta horrek meritu handia du. Gure mutilentzat Trintxerpe, Donostia Arraun edo Santurtzi bezalako taldeekin lehiatzea oso garrantzitsua da eta zenbait estropadetan talde horiei aurre hartzea, are gehiago», nabarmendu du Gaizka Garmendiak.

Patroiarekin batera, eta Kanpandegi alde batera utzita, Manterola eta Aranburu dira esperientzia gehixeago duten arraunlari bakarrak. Ia guztiak etxeko arraunlariak dira eta lehen fitxa orain dela gutxi estreinatu dute. Adibide bat jartzearren, lehen fitxa 2000an edo geroago egindako kirolariak bederatzi dira KAEk ahalbidetutako informazioaren arabera. Horietatik seik, gainera, lehen fitxa hori Ama Guadalupekoaren tostetan erabili dute.

Horrenbestez, badirudi Hondarribiko arraunak etorkizun benetan oparoa duela eta lehen taldeak lortu dituen garaipenek izango dutela hurrengo urteetan ere jarraipenik. Zalantzarik gabe, gauzak oso ongi egiten ari dira Bidasoa inguru horretan azken urteotan eta azkenean saria heltzen ari da.

Bigarren traineruaren helburua orain, datorren urtera begira lehen multzoan jarraitzea izango da. Baina KAE Ligan dagoen berdintasuna ikusita, ez da inolaz ere lan erraza izango hondarribiarrentzat.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
Familiares dicen que «es un homicidio»
Ekonomia
Las rebajas reducen el IPC de julio en Hego Euskal Herria
Mundua
Gran Bretaña mantiene el nivel máximo de alerta
Mundua
Washington y París llegan a otro acuerdo para acabar con la violencia en Líbano
Euskal Herria
Ciudadanos convocan mañana en Donostia en favor de la solución
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss