BAIONA
Etxegintzan aritzen diren ehun bat ofizialek protesta egin zuten, atzo, Baionako Merkataritza eta Industria Ganberaren (MIG) aitzinean, Jean-Xavier Gantois etxe-sustatzailearen jokamoldea salatzeko. Ofiziale horiekin guztiekin zorrak ditu Gantoisek, eta zenbait enpresa txiki itxi egin dute edo ixteko zorian daude sustatzaileak ez dituelako zorrak kitatzen. Trantze horretan da Jean-Marc Etxebeste Arran-goitzeko ofiziala Dantoisek zor dizkion 90.000 euro jaso ez izanagatik, eta orain etxea galtzeko arrisku bizian da.
Duela hiru aste, Roger Idiart Ostankoako ofizialeak gose-grebari ekin zion MIGen aparkalekuan 30.000 euro zor zizkiolako egindako lanengatik. Geroztik, antzeko kasu ugari azaleratu da, publiko bederen, jasotako salaketa eta zigorra direla-eta, epaitegietan aski ezaguna baita etxe-sustatzailea.
Hori da, hain zuzen, ulergaitza ofizialeen ustez. Jean-Mixel Urtoi Uztaritzeko arotzaren iritziz, «deitoragarria» da Gantoisek lanean jarraitzea: «Berriki jakin dugu Ahetzen etxe multzo bat egitekotan dela. Nolatan uzten diote, estatutuak aurkezte hutsarekin, beste sozietateak sortzen edo lurrak erosten epaitegietan aski ezaguna izanda?».
Ofizialeak eta eurekin protestan parte hartu zuten Dantoisen etxe erosleak konbentziturik daude eraikitzaileak «norbaiten babesa» duela.
Arratsaldean, Merkataritza Epaitegiko lehendakariarekin elkarrizketatu zen ordezkaritza bat haien haserrea eta ulertezintasuna helarazteko, baina «arrunt etsituak» irten ziren bertatik lehendakariak «ezer ezin duela egin» agertu zielako. Jarraian, fiskalarekin egin zuen bilera, eta Dantoisen aurka dauden epaiak betearazteko neurriak har ditzala eskatu zion.