|
|
|
|
|
Superbotila bat Sarrirentzat
Dagoen lekuan dagoela, «itsasoaren bestaldean», botila bat iritsiko zaio aurki Joseba Sarrionandiari, eta barruan bere hiru kanta dituen CDa aurkituko du, Pirritx, Porrotx etaMari Mototxek egina, eta bertan parte hartu duten Salbatore Mitxelena ikastolako ikasleen marrazki bana. Superbotila hori atzo itsasoratu zuen Oier Illarramendi surflari txapeldunakZarauzko malekoian diskoaren aurkezpena egin eta gero. Ekitaldian Sarriren ama egon zen, Natali.
|
Ez dakigu noiz, baina seguru gaude superbotila iritsiko dela. Josu Txapartegi irakasleak umeen aurrean agertu zuenez, ez ziren kortxoarekin fidatzen, usteldu egiten delako, eta estalki berezi bat egin diote botilari, ur tantaren bat sartzen bazaio edo balearen batek jotzen badu, helmugara onik irits dadin. Haren hitzak entzunda, espaziontzi baten estalkiaz ari zela ematen zuen.Superbotilaren barruan Sarrionandiari bidali beharrekoak sartu zituztenean, Oier Illarramendi Euskadiko txapelduna agertu zen surf taula ikusgarri batekin. Haurrek lagundu zioten taula itsasoraino eramaten eta gainean zutik eraman zuen superbotila arraun eginez. Zergatik Sarriri omenaldi hori? Istorioa oso sinplea da. Pirritx eta Porrotxek urtero ikuskizun bat egiten dute eta ikuskizuneko abestiekin CDa kaleratzen. Duela bi urte, “Patata patata” egin zuten; iaz, “Maite zaitut” (azken emanaldia joan den igandean egin zuten Zegaman)eta denboraldi berrirako estreinatu dute “Mari Mototx”. Porrotxek atzo agertu zuenez, Mari Mototx kontainer batean bizi da amarekin parke batean, eta guk emandako arroparekin eta diruarekin moldatzen dira. Egun batean On Txanpon eta Txanponi agertzen dira, eta parke horretan etxeak egiteko dirua eskaintzen diete. Arazo horretatik abiatzen da ikuskizunaren trama. Atzo aurkeztu zuten abestien CDan Sarriren hiru kanta
daude. Espresuki Pirritx eta Porrotxi bidalikoak bi dira, “Zebra koloreduna”
(Jon Maiak kantatzen duena) eta “Itsasoko piratak” (Su Ta Garreko Gorosabel
kantariak kantatzen duena). «Baina horretaz gain, guk aspaldidanik gelan
Sarriren beste kanta bat abesten genuen, ‘Amatxo zuri’, Txapasen musika duena,
eta hori ere sartu egin da CDan, istorioko protagonistak ama eta alaba
direlako», kontatu zuen Arantxa Urbek, ikastolako irakasle eta pailazoen
kolaboratzaileak.
Sarriren ama
Sarrik espresuki pailazoei bidalitako bi kantei Xabier Zabala zarauztarrak jarri die musika. Xabier bera, Gorosabel, Maia eta beste hainbat gonbidatu izan ziren aurkezpenean, baina Sarriren amak izan zuen protagonismo nagusia. «Sarriren hitzak dituen Laboaren ‘Oroitzen zaitudanean’ maiz kantatzen dugu gelan. Haurrei izugarri gustatzen zaie. Zergatik jartzen duen bostentzako mahaia, jakinda ez dela etorriko, kristala lurrunduta eta zergatik ez duen amak lausoa kentzen», kontatu zuen Arantxak. Aurkezpenean, beraz, haurrek bazekiten Sarri nor zen, etorri ezin den norbait, baina tarteka gutunak idazten dituena, eta ezagupide horren gainean eratu zuten omenaldi hunkigarria. Bien bitartean, Mendi margolariak eszenaren erretratu bat margotu zuen. Berari ere kanta bat eskaini diote CDan. Diskoarekin batean Mixel Muruak idatzi eta Pirritx eta Porrotx protagonista dituen ipuina aurkeztu zuten, “Nere eta bere lagunak”. Pailazoek urtero ateratzen dute Durangorako ipuin bat. “Gorka konpontzailea” atera zuten orain hiru urte homosexualitateaz; “Li arrantzalea” hurrena, haur adoptatuez, eta atzo, banatutako gurasoez. Agipase elkarteko ordezkariak ere izan ziren. Haurrak, noski, Sarriren erantzunaren zain geratu ziren. -
|
|
|
| |
|
|
|
|
|