DONOSTIA
Xabier Mendiguren Elizegik 2004ko uztailaren 16an estreinatu zuen “Egunen harian” bloga. Ordutik egunero idatzi izan du zerbait beasaindarrak, eta azken bi urteotan 500 bat artikulu ondu ditu horrela.Elea argitaletxearen bitartez kaleratu berri duen “Paperjalearen dieta” liburua aurkeztu zuen atzo, Donostian. Argitaletxeko Iñaki Mendizabalek gogorarazi bezala, Mendigurenek bloga sortu zuenean bere buruari egunero idazteko erronka jarri zion. Lehenengo urteko emaitza “Egunen harian” liburuan jaso zuen; eta bigarren urteko fruitua, berriz, liburu berrian aurkeztu du. Bertan, hain zuzen ere, 180 bat artikulu ageri dira; azkenekoa iragan ekainekoa da.
Mendizabalek beasaindarraren «ausardia» goratu zuen, bere buruari jarritako erronkari eutsi ez ezik, testuetan lortu duen mailagatik ere.
Bestalde, Mendigurenek Zaldiero ere izan zuen lagun aurkezpenean, gonbidatu gisa. Liburuaren idazleak «miresmena» agertu zuen hari dagokionez. «Liburuaren ezaugarri nagusia, bere bereizgarria, eguneroko lanaren agerpen bat erakustea da. Eta eguneroko lan horretan norbait baldin badut txapela kentzeko, Patxi Ugarte da hori», nabarmendu zuen.
Mendigurenek egunero zerbait idaztea erabaki zuen, sortu ahala jendaurrean erakusteko xedez, eta horretarako baliatu du bloga. «Ez naiz ibili artikuluak hobetzen, egunero sortu bezala erakutsi nahi izan ditudalako», esan zuen.
“Paperjalearen dietak” badu, haren esanetan, saiakeratik; ez, ordea, horrek beharko lukeen sakontasunik. Badu kazetaritzatik ere, eta kultur munduaren hainbat agerpen ere badituela azaldu zuen egileak. Liburuak, zinema, politika arrastoak... Esparru zabala landu du. «Batez ere aske jokatu dut gauza bat bestearekin lotzeko. Libreki aritu naiz, eta nire espiritua da nolabait liburuan agertzen dena», erantsi zuen. Bloga itxita du beasaindarrak.