GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-11-15
Bilboko Udalak SGA kriminalizatu nahi duela salatu dute
·SGAk, Sorgintxuloko Gazte Asanbladak, manifestaziora deitu du azaroaren 16rako

Bilboko Sorgintxulo gaztetxea hustearen ondorioz, hainbat epaiketari aurre egin behar izan diote 82 gaztek. Horietariko 78 kargu gabe aske utzi dituzte, eta beste lau hilaren 22an epaituko dituzte. Gazteek adierazi dutenez, prozesu horien sinesgarritasuna «hutsa» dela agerian uzten dute epaiek.

BILBO

Bilboko Santutxu auzoko Sorgintxulo gaztetxea hutsarazi zutenetik ia bi urte pasatu diren arren, orduko gertakariek soka luzea ekarri dute, eta ekartzen ari dira. Santutxuko Gazte Asanbladako kideek atzo eginiko agerraldian jakinarazi zutenez, orain artean 78 gazte auzipetu dituzte hustearekin erlazionatuta: «33 gaztek deklaratzera joan behar izan zuten auzorako gizartearen loturetatik aske dagoen espazio bat sortu nahi izateagatik; 21 gazte epaitu zituzten bilbotarron eskaerez eta arazoez arduratzen den eraikinera jotzeagatik; hamaika, desalojoaren kontra aritzeagatik (argazkiak atera, pankartak eraman eta beste); eta sei, auzoarena dena berreskuratzeagatik», azaldu zuten.

Datu horiek guztiak zerrendatu ostean, ondorio «argi» bat jakinarazi zuen Gazte Asanbladak: «Gure proiektua eta ekintzak zilegiak dira, egin diren epaiketetan ez baitute inor erruduntzat jo».

Prozesu horrek «helburu zehatza» duela salatu zuten: «Gure ametsak ezabatzea eta gure mugimendua bukatzea». Honako erantzuna eman nahi izan zioten horri: «Ez dute lortu eta ez dute lortuko».

Aldi berean, Bilboko Udala jo zuten erruduntzat, haien esanetan, gazteei «ospea kentzen eta haiek kriminalizatzen» saiatzen ari baita. Hala ere, «gero eta indar handiagoarekin» lanean jarraitzen dutela adierazi zioten Udalari, haien esanetan, Sorgintxulo ez baitzen 2004ko abenduaren 16an hil. Gazteek esandako horren adibide garbia da iragan larunbatean Bilbon bertan egin zuten okupazioa: gazte batzuk 10.00ak aldera aspaldi hutsik zegoen Santutxuko Haro plazako lokal batera sartu ziren. Egunean bertan kaleratu zituzten arren, «gaztetxe bat eraikitzeko borrokan» jarraituko dutela esan zuten gazteek.

Azken epaiketa 22an

Salaketak salaketa, ordea, Santutxuko gazteen aurkako auzibideek aurrera jarraitzen dute, eta azkena datorren azaroaren 22an izango da. Bertan, lau gazte epaituko dituzte, ustez auzoko batzokiaren aurrean eginiko eserialdi batean parte hartzeagatik. Horietako bik lanean zeudela ziurtatzen dute, baina, hala eta guztiz ere, osotara 31 urteko espetxe zigorra eskatzen dute haientzat.

Hori dela-eta, «Poliziaren muntaitzat» jo zuen Gazte Asanbladak guztia, eta mobilizazioetan parte hartzeko deia egin zuen: manifestazioa azaroaren 16an izango da Karmelo plazatik hasita, eta elkarretaratzea, berriz, hilaren 22an, udaletxe aurrean, 12.00etan.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Mundua
Hombres uniformados secuestran en un centro oficial iraquí a docenas de personas
Euskal Herria
AI exige a Madrid el fin de la dispersión y que modifique la Ley de Partidos
Jendartea
«Las ikastolas deben tomar parte en el debate por la construcción nacional»
Jendartea
Tres detenidos por encadenarse a la maquinaria de la obras del TAV en Luku
Euskal Herria
Testigos desmienten que se tratara de quemar a un municipal en Bilbo
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss