GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-12-02
Urbinak bidea ireki zuen, eta Gasteizko kontzejuek jarraitu

DONOSTIA

Urbina izan zen AHTren inguruko herri-galdeketa egiten lehena. Joan den uztailaren 16an izan zen hitzordua eta 115 lagunek bozkatu zuten. Horietatik 108k esan zuten makroproiektuaren kontra daudela eta inork ez zion baietzik eman AHTri. Ordutik eginak ditu kilometro batzu-batzuk proiektuak, duela aste pare bat hasi baitziren lanak Lukun.

Urbinako herri-kontsultaren emaitza Lakuan, Arabako Aldundian eta Legutioko Udalean jaso zuten egin eta egun gutxira. Baina horretan gelditu da harremana, Urbinan ez dute inolako erantzunik jaso, bertako alkate Josu Ormaetxeak agertu duenez. Prentsaren bitartez jakin da ondoren Lakuaren ustez «pasatu dela» proiektua egin edo ez egin eztabaidatzeko garaia, eta horregatik Gasteizko Gobernuak ez die baliorik ematen herri-kontsulta horiei.

«Instituzioen planak aurrera jarraitzen du, herritarrek edozer gauza esanda ere. Herriaren hitzak ez dauka baliorik agintari horientzat», salatu du Ormaetxeak. «Hainbeste abantaila baldin baditu proiektuak, mesedez ager ditzatela. Baina nahiago dute ezkutuan eta informaziorik eman gabe aritzea», jarraitu du.

Urbinako alkateak garbi dauka «makroproiektu zentzugabe» horren aurka borroka egitekotan, indarra herriak egin behar duela. «Haiek uste baino indar handiagoa dago, eta horren adierazle dira egin diren manifestazioak. Urbinan, esaterako, mota guztietako jendea pasatzen ari da egun hauetan proiektuaren kontra daudela adierazteko. AHTren aurka lan egitera datorrena ongietorria izango da beti Urbinan. Ongietorriak ez direnak egunero inguruan dabiltzan ertzainak eta guardia zibilak dira. Baina, espero genuen horrela izango zela, badakigu-eta zein asmo dituzten proiektuaren kudeatzaileek», kritikatu du. «Azkenean egiten badute, ez dira gai izango AHTk eragingo duen triskantzaren faktura ordaintzeko», amaitu du.

Gasteizko kontzejuak

Gasteizko kontzejuak izan ziren bide horri eutsi zioten hurrengoak. Joan den urriaren 29an egin zuten 18 kontzejutan AHTren gaineko galdera, eta herritarren %90 makroproiektuaren kontra agertu zen. Beste hamabost kontzejuk ­nahiz eta hauetan ez den herri-kontsultarik egin ­ kontrako emaitza horrekin bat egiten dutela agertu dute.

Gasteizko kontzejuen elkarteko ­ACOVI­ lehendakari Miren Fernandez de Landak hitz bakarrean laburbildu du herri-kontsultara deitzearen arrazoia: «desinformazioa». «Proiektuak eragindako kontzejuetatik elkartera etorri ziren AHTren inguruan ideia zipitzik ez zutela-eta kezkatuta. Nondik pasatzen zen eta nondik nora zihoan jakin nahi zuten. Eskaera hori aintzat hartu eta informazioa eskaintzea erabaki genuen, zerbitzu hori ematea. Horrexegatik jo genuen Eusko Jaurlaritzara, Aldundira eta udaletara. Baina ez ziguten informaziorik eman, eta, hori ikusita, herri-kontsultara deitzea erabaki genuen».

Baina proiektu baten gainean iritzia eman aurretik, beharrezkoa da proiektuaren berri jakitea. Horrexegatik hainbat mahai inguru antolatu zituzten kontzejuotan herri-kontsultaren aurretik, aldeko eta kontrako iritziak jasotze aldera. «Proiektuaren aldekoentzat prestatu genituen aulkiak hutsik geratu ziren, ez baitzen inor agertu, nahiz eta deia egin Aldundian, Gasteizen eta udaletan», agertu du Fernandez de Landak. Jarrera hori ere zaila da ulertzen ACOVIko lehendakariaren iritziz: «Ez dute informaziorik eman nahi, ez dute mahai inguru batean proiektuaren kontra daudenekin eseri nahi. Zergatik? Horrek guztiak pentsarazten du kontatzeko daukatena ez dela hain ona, ezta?».

Hala ere, Fernandez de Landak garbi utzi nahi du beren elkarteak ez duela batzuen edo besteen alde jarri nahi, beren asmoa «informazioa ematea» izan dela eta horretan saiatu direla.

Joan den astean irratian Lakuako arduradun baten elkarrizketa entzun zuen Fernandez de Landak. Bertan kontzejuetako herritarrak «une oro informatuak» egon direla esan zuen arduradun horrek, eta ACOVIko lehendakariak deitu egin zuen irratira. «Gurekin ez zela egon eta gustatuko litzaidakeela zuzenean berekin egotea esan nion. Bere erantzunaren zain nago, baina espero dut laster egongo garela», bukatu du Fernandez de Landak.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Mundua
«Ni Depardieu hace sombra a Fidel»
Euskal Herria
Batasuna lamenta que los estados «echen por tierra las esperanzas de este pueblo»
Ekonomia
Langileen %3 besterik ez dabiltza laborantzan
Mundua
Felipe Calderón se hace con el cargo por la puerta de atrįs
Euskal Herria
El Parlamento de Gasteiz pide que desaparezca la Audiencia Nacional
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss