Elorza eta Etxenike jo dituzte Ibaetako hustearen errudun
Ibaetako irakasleen etxeetako bizilagun ohiek eraikinaren hustearen gaineko balorazioak eta iritziak agertu dituzte. Donostiako alkatea eta Pedro Miguel Etxenike fisikaria jo dituzte udaltzaingoaren ekintza «bortitz» horren errudun nagusitzat, eta «zabor» gisa tratatu dituztela kritikatu dute. Euren «gorrotorik biziena» helarazi diete.
DONOSTIA
«Desalojoa egiteko abisurik eman gabe etorri ziren, eta txirrinik jo gabe, zuzenean beren ezkutu eta porrez lagundurik etxeetako ateak txikitzera sartu ziren». Hala deskribatu zuten Ibaetako irakasleen etxeetako bizilagun ohiek Udaltzaingoak egindako hustea. «Beren jarrera une oro bortitza izan zen», salatu zuten eta, gainera, «zabor» gisa tratatu zituztela adierazi zuten. Pedro Miguel Etxenike Donostia International Physics Center-eko zuzendari eta Ibaetako etxeen orubean ikerlari ibiltarientzako etxeak eraiki nahi dituena, eta Donostiako alkate Odon Elorza jo zituzten «errudun zuzen». Bertan bizi ziren zortzi familiei «izugarrizko mespretxua» egin dietela eta «hitzetik hortzera erabiltzen dituzten ‘gizatasuna’ eta ‘giza eskubideak’ hitzak» praktikan betetzen ez dituztela salatu zuten bizilagunek. Eginiko «balentria» dela-eta, Udaltzaingoa ere «zoriondu» zuten bizilagunek, batez ere «oraindik zabalik dagoen prozesuan» epailea bizilagunen alde aterako balitz, haiek euren etxeetara itzul ez daitezen etxeak «txikitzeagatik».
«Marbellaren antza»
Donostia «aberatsen eta snoben negozioentzako paradisu» bihurtu nahi duela salatu zuen Baga Boga herri ekimenak Ibaetako irakasleen etxeekin gertatutakoaren ildotik. «Marbellaren gero eta antz handiagoa du», ziurtatu zuen.Poliziaren jarrera salatu eta guztia «Elorzaren politika ‘ezkertiar eta aurrerakoiaren’ eredu» baino ez dela azaldu zuen.
|