Patxi Baztarrika - Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea
Euskara, gizarte koloretsu malgurako zubi
Elebitasunak malguagoa egin du gure gizartea», dio Dyane Adamsek, Kanadako Hizkuntza Ofizialetarako komisarioak, eta aditu berak, beste pasarte batean, aurrekoari kontrapuntua ezarriz dioena: «Mundua kolore bakar batez ikusteko modua da elebakartasuna».Euskararen Nazioarteko Egunak eragiten dizkidan gogoeten atarirako esaldi horiek ekarri baldin baditut, bi arrazoirengatik izan da, nagusiki: batetik, oso bestelako kultur testuinguru eta hizkuntz errealitatetik datozkigun ideiak direlako; eta, bestetik, ederki laburbiltzen dutelako bi-biek Euskal Autonomia Erkidegoko aginte publikoak aspaldi honetan mamitzen ari diren hizkuntza politika. Bestela esanda: bi baieztapen horietan dago hizkuntza politika aurrerakoi eta eraginkor baten gakoa, etorkizunerako giltza izan nahi duena, eta ez iraganeko urmaelean tinkoturiko aingura. Kolore anitzetako gizarte malguak, ordea, aldez aurretiko baldintza du ezinbestekoa: bizikidetzarako gaitasun eta borondate irmoa, herritar bakoitzarengandik hasita erakundeen mailarik goreneraino. Horra modernotasunaren ezaugarririk behinenetariko bat. Aniztasunaren eta ezagutzaren aroan bizi gara, eta askatasunaren sinonimo eta oinarri diren bi kontzeptu horien eskutik, elkarrenganako errespetu eta komunikazioa datoz, eta elkarren- ganako errespetu eta komunikazioaren eskutik, bizikidetza. Kate horri etengabe erreparatuta heldu beharko dio euskarak ere bere aurrerabideari. Hobe esanda, euskara ez baita politika egiten duena, euskaldunok eta erdaldunak baizik (edo nahiago izanez gero: elebidunok eta elebakarrak): askatasuna, errespetua, komunikazioa eta bizikidetza estuki lotzen dituen sokari irmo helduta ibili beharko dugu, euskaltzaleok eta euskal herritar guztiok, euskara gurean erabat normaltzeko bidean. Edo bat eta bera baitira elebitasun orekatu eta eraginkor baterako bidean. Euskal gizartea hasita dago, gau luzeegi baten ondoren, etorkizun koloretsuago baten itxaropenean oinak tinkotzen. Ikasten ari gara, pixkanaka, ezinbestekoa dugula adostasuna eta nahitaezkoa elkartasuna. Adostasunez eta elkartasunez diseinatu beharko ditugu, beraz, etorkizunerako politikak, hizkuntz normalkun- tzaren alorrekoa barne. Baina aitortu behar dut, aurrekoa bezain ozen eta garbi, adostasunerako asmoa sendoa izanagatik ere ezin dugula demokraziaren oinarri-oinarrian dagoen gehiengo- gutxiengo jokoa balizko kontsentsuen uretan ito. Ez baita onargarria mutur bateko zein besteko elebakartzaleen hipoteka, zeinahi direlarik ere haien diskurtso- en atzean ezkutatzen diren identitate edo unibertsaltasun aizunen aldarriak. Zinez bestelakoa da egunotan gure kaleetan zehar dabilen Ukan birus osasungarriaren mezua: bizikidetza, bakea bezala, aldi eta era berean da bide eta helburu onargarri bakarra, elebitasunaren bidetik modernitate justu baterantz abiatu nahi duen gizartearentzat. Ugari dira, gurean, ideia hori ulertu eta mamitu dutenak: asko euskaldundu dira, eta beste askok euskaldun izateko bidean jarri dituzte seme-alabak, eta, horrenbestez, euskararen ezagutzaren desafioa irabazten ari gara. Bidearen beste bihurgune batera iritsi gara orain: dakigun euskara bizitzaren eginkizun guztietarako erabiltzea. Hau da, hizkuntzen eta hiztunen arteko bizikidetzaren lege oinarrizkoena indarrean jartzea. Izan ere, «euskara guztiona da» aldarrikatzen dugunean, hori baizik ez gara esaten ari: elebidunak gauzatu dezakeen hizkuntza aukerari bidea zabaltzea, herritar eta instituzio orori dagokion betekizuna da, eta ez elebidunen kontzientziaren eta ahalbide edo gogoaren baitan soil-soilik utz daitekeen zerbait. Elebidunaren eskubidea ez da sekula inolako gatazkaren iturburua; gatazkarik balego, bizikidetzaren arauekin zerikusirik ez duten jarrerek eragindakoa izango da, eta euskal herritar guztion eginkizuna da, zeinahi delarik ere norberaren hizkuntza aukera, jarrera horiek gure artetik behin betiko uxatzea. Azken batean, bizikidetzarako gaitasunak gizaki hobeak egiten bagaitu, eleaniztasunak herritar hobeak egiten gaitu. Izan ere, eta Goethe handiak zionez, «norberaren hizkuntza baino ezagutzen ez duenak, ez du norberarena ezagutzen». -
|