Batasunarekin biltzea ez dela delitu argudiatu du Fiskaltzak
Epaitegietan ekinbideek aurrera egiten duten arren, Fiskaltzak ez du inolako deliturik ikusten Juan Jose Ibarretxek, batetik, eta PSEko Patxi Lopezek eta Rodolfo Aresek, bestetik, Batasunarekin egindako bileretan. «Harreman horiek ez dira Kode Penalean sartzen», aipatu du. Baltasar Garzon epaileak ez zuela hori debekatu gaineratu du fiskalak.
BILBO
Fiskaltzak ez du delitu zantzurik ikusten Patxi Lopez eta Rodolfo Ares PSEko agintarien jokabidean. Batasuneko ordezkariekin bilera egin zuten biek uztailaren 6an, eta PPk eta Ermuko Foroak salaketa aurkeztu zuten, ustez, «desobedientzia» egin zutelako legez kanpo jarritako alderdi batekin hitz egiteagatik, eta ekimen hori onartu egin dute. Atzo aditzera eman zutenez, ordea, Maria Angeles Montes EAEko Auzitegi Nagusiko fiskalburuak ez du horrelakorik ikusten, hainbat arrazoi direla medio. Hasteko, PSEko bi agintari horiek ez direla legez kanpo utzi nabarmendu du fiskalak (Batasunekoei buruz ez da aipamenik egiten, agentziek zabaldutako laburpenean behintzat). Gainera, bilera izan aurretik horretarako eskaera egin zen arren, Baltasar Garzon epaileak ez zuela debekatu ekarri du gogora Maria Angeles Montesek. Horrekin batera, ontzat eman du Patxi Lopezek eta Rodolfo Aresek aurkeztutako alegazioa:hots, Batasunekoekin egindako bileraren xede bakarra Alderdien Legea onar zezaten eskatzea zela. Ondorioz, salaketa horren bidez irekitako prozedura bertan behera uztea proposatzen du fiskalak. Patxi Lopezek hori gertatuko dela argi duela aurreratu du dagoeneko aste honetan bertan. Hala, Ibarretxeren aurka akusazio berberagatik zabaldu den sumarioan hartutako jarrera berbera erabili duela gaineratu du Fiskaltzak. Hala ere, prozedura hori aurreratuago dago, dagoeneko instrukzio fasea irekia baitago, eta lehendakaria zein mahaikideak deklaratzera deitu beharko dituzte Bilboko auzitegian, aldaketarik ez bada behintzat.
|