IRUÑEA
Kontseilua taldeak atzo Iruñean salatu zuen Nafarroako Gobernuak datorren urterako prestatu dituen aurrekontu proiektuak ez duela balio euskararen normalizazioaren bidean urratsak egiteko. «Aurreikusitakoa guztiz askieza da, eta inondik ere ez du ziurtatuko euskararen normalizazioan pausoak ematea», nabarmendu zuen Kontseiluko idazkari nagusi Xabier Mendigurenek.
«Nafarroan euskararen egoeralarria da, eta, gainera, datorren urtean ez dituzte aurrera egiteko neurriak hartuko», salatu zuen Mendigurenek.
Kontseiluko arlo instituzionaleko arduradun Iñaki Lasak, berriz, gaika aztertu zituen UPNk eta CDNk prestatu dituzten aurrekontuak. Azaldu zuenez, proiektuan ez da inondik ageri Administrazioa euskalduntzeko partidarik.
«Xeheki aztertuz gero, Osasunbideko ospitale batzuetan ordezkapenak egiteko orduan euskara kontuan izateko partidak daude. Baina horiek ospitale bakoitzaren ekimenaren isla baino ez dira, bertako langileek bultzatutakoak», adierazi zuen Lasak.
Plan orokorrik gabe
«Horrek ez du Osasunbidearen euskalduntzea ekarriko, ez baitago plangintza orokorrik. Esate baterako, Administrazioko langileak edota Foruzaingoa euskalduntzeko ere ez dago batere sosik», gaineratu zuen Lasak. Helduen euskalduntze eta alfabetatzeari dagokionean, berriz, 2004an diru kopurua jaitsi zuten, aurreko partidaren heren batean utzi zuten, eta oraindik ez dela errekuperatu gogora ekarri zuen Lasak.
Hala, aurtengo 233.600 euro hurrengo urterako 500.000 eurora igo badituzte ere, hori ez da nahikoa euskaltegien beharrak asetzeko, horretarako milioi bat euro behar baitituzte, Lasaren hitzetan.
Euskara arloko ekimenak martxan jartzeko Nafarroako udalei ematen dizkieten diru-laguntzak ere ez dituzte asko igo, 418.000 eurotik 429.000 eurora, hain zuzen.
Aurreko urteotan partida horrek murrizketa handia izan zuen, eta aurten hazkundea hutsala dela nabarmendu zuen Iñaki Lasak.
«Kontuan izan behar daeuskara zerbitzuak dituzten udalak gehiago direla aurten, eta, ondorioz, bakoitzarentzat izango den diru kopurua oraindik txikiagoa izango dela», azaldu zuen Lasak.