Biarritzeko jokalarien kalitateak erabaki du Baionako derbia
·Galdu arren, Aviron Baionakoak garbi utzi zuen bere jokoak nabarmen egin duela gora
AVIRON 11 BIARRITZ 15 Aviron: Thierry, Gerber, Dourthe, Audrin (Hegarti, 65.m), Lhande, Pez, Tilloles, Massabeau (Davies, 55.m), Baget, Deen, Tewhata (Bergez, 71.m), Linde, Lopresti (Tomuli, 47.m), Hill (Laurent, 53.m), Coetzee (Usandizaga, 64.m). Biarritz: Brusque, Bidade, Bosch, Cabannes (Traille, 71.m), Bobo, Peyrelongue, Dupuy (Yachvili, 62.m), Harinordoki, Th. Lievremont, Betsen, Couzinet, Hall (Malonga, 66.m), Lecouls (Wessels, 62.m), August, Balan (Lealamanua, 75.m). Epailea: Berdos. Avirongo Linde (32.m) eta Deen (38.m) eta Biarritzeko Couzinet (52.m), egotzi zituen hamar minututarako, txartel horia erakutsi ostean. Markagailua: Aviron: Entsegu bat Deenek (59.m),eta bi zigor-kolpe Dourthek (5. eta 75.m). Biarritz: Bi entsegu: Dupuy (24.m), Brusque (45.m) transformazio bat Dupuyk (45.m), eta zigor bat (21.m). Gorabeherak: 15.000 ikuslek erabat gaineztu zituzten JeanDauguer zelaiko harmailak.
BAIONA
Biarritzek eraman zuen atzo Jean Dauguer zelaian jokatutako euskal derbia. Partida ez zen ikusgarria izan, derbietan gutxitan izaten den moduan. Biarritzek ere ez zuen partida handia egin, baina Avironek duena baino kalitate handiagoa dauka, eta horixe izan zen atzoko partidak izan zuen aldea.Neurketa ongi hasi zen zuri-urdinentzat, lehen aukerarekin batera, markagailuan 3-0 aitzineratu baitziren. Dourthek zigorra gauzatu zuen, eta 3-0koa jarri zuten markagailuan. Hortik aurrera, Biarritz lanean hasi zen markagailua murrizteko asmoarekin, eta 24. minuturako nagusi ziren 3-8. 21. minutuan Dupuyk lehen entsegua egin zuen. Jokalari bera ahalegindu zen jokaldi hori transformatzen, baina ez zuen asmatu. Hiru minutu geroago, ordea, zuri-gorrien jaurtitzaileak zigorra gauzatu zuen, eta aldea handitu egin zuen. Kolpe dezentea izan zen etxekoentzat, baina horrek ez zituen kikildu, eta aurrera egin zuten, zuri-gorriengana hurbiltzeko asmoarekin. Bost minututan, ordea, zuri-urdinen bi jokalarik, Lindek eta Deenek, txartel hori bana ikusi zuten, eta hamar minuturako kalera joan behar izan zuten, eta taldea hamahiru jokalarirekin utzi zuten. Biarritz ahalegindu zen aukera hori aprobetxatzen, baina ez zuen lortu, Aviron defentsan bikain aritu baitzen. 3-8koarekin joan ziren atseden hartzera. Bigarren zatia hasi eta berehala itzuli zen zelaira Linde, eta Aviron hamalaurekin jokatzera pasatu zen. Artean, ordea, bat gutxiagorekin zegoen, eta Biarritzek ez zuen aukera alferrik galdu. Brusquek entsegua egin zuen, eta Dupuyk transformatu egin zuen, eta 3-15ekoa jarri zuen markagailuan. Hortik aitzinera, Aviron izan zen zelaian nagusi. Bigarren zatiko erdian Deenek entsegua egin zuen, eta itxaropena piztu zuen, baina Dourthek ez zuen transformatu. Jokalari horrek, ordea, partida amaitzeko bost minutu falta zirenean zigorra gauzatu zuen, eta lau puntura jarri ziren. Azkeneko minutuetan etxekoak saiatu ziren entseguren bat egiten, baina alferrik izan zen.
Avironek azken postuan jarraituko du
J.L. BAIONA Gaur gainerako partidetan gertatzen dena gertatu, Avironek sailkapeneko azkeneko postuan jarraituko du. Zuri-urdinek aukera ederra zuten jaitsierako postutik irteteko, baina horretarako ezinbestekoa zuten atzo irabaztea, eta hori lortu ez zutenez, hortxe geratuko dira. Orain aurkari zuzenek ere ez irabaztea desioko dute zuri-urdinek, izan ere, salbazioa lau puntura bakarrik baitute. Dena dela, garbi dago taldeak hobera egin duela, eta horrek zaleen itxaropena dezente indartu du. Biarritzek, berriz, atzoko garaipenaren ostean, sailkapenean gorantz egin du, eta bigarren jarri da. Hori bai, gainerako partida guztiak gaur jokatuko dira, eta itxaron egin beharko du Clermontek zer egiten duen ikusteko. Une honetan Biarritzek puntu bat kentzen dio, eta horixe lortzea nahikoa dute Clermontekoek, sailkapenean bigarren geratzeko. Jardunaldi honen ostean, Biarritzek gutxienez hirugarren jarraituko du. Hori bai, bai Avironek eta Biarritzek datozen bi asteetan Europako lehiaketak izango dituzte. 23an itzuliko da Liga.
|