Aste berezia izan da amaitzear dugun hau Azkoitiko herritarrentzat eta pilota maite duen jende guztiarentzat. Oteiza frontoiak inauguratu dituzte Gipuzkoako herrian eta ekitaldi hori biribiltzeko beste hainbat ikuskizun ere antolatu dituzte bertan. Asteari bukaera bikaina emango dio gaurko pilota maratoi bereziak.9.30etik aurrera, Azkoitiko txoko guztiak pilotaz blai jarriko dira eta kirolaz gozatzeko aukera izango dute ikusleek frontoietan. Oteiza pilotalekuez gain, Gurea, Kontsejupe eta plazako frontoia pilotariz beteko dira. Gaztetxoenek Oteiza frontoiak hartuko dituzte jokaleku. Izan ere, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako alebin mailako 48 pilotarik torneo azkar batean hartuko dute parte. 24 bikotetan banatuta, lurralde horietako bakoitzetik 6k, goiz osoan pilotan jokatzeko aukera izango dute.
Ordu erdi geroago hasiko dira lanean emakumezkoak bi kokagunetan banatuta. Lehenik eta behin, Gurea pilotalekuan, I. Emakumea Pilotari Torneoaren 5. jardunaldia jokatuko dute. Hamar bikote arituko dira nor baino nor. Ordu berean, 10.00etan, emakumezkoen I. One-Wall Torneoa hasiko da Oteiza frontoietan.
Irlandar erako pilota jokamolde horretan, Euskal Herrian, emakumezkoek lehiaketa batean parte hartzen duten lehen aldia izango da. Bi mailatan banatuta, 16 urtez azpikoak 13 neskak eman dute izena eta 16 urtez gorakoak 6 pilotarik hartuko dute parte, pare bat orduz arituko dira lanean.
Deigarria da parte-hartzaileen artean paletaz jokatzen Munduko Txapelketetan izan diren emakumeak ikusi ahal izango ditugula, Nagore Arozena edota Maider Mendizabal, esaterako. Baina ikusi egin beharko da esku-huska jokatzen den molde honetan nola erantzuten duten.
«Gizonezkoen taldea Dublinen eta Edmontonen izan da Munduko Handball Txapelketetan, eta gure nahia emakumezkoen talde bat ere osatzea da. Horretarako, pilotan dabiltzan neskei deialdia egin genien egun honetarako, lehen aukeraketa bat egin ahal izateko. Arauak bidali nizkien eta entrenamenduren bat egin duten arren, inork ez du serio one-wallean jokatu», onartu du Kepa Arroitajauregi Euskadiko Federazioko kideak.
Emakumezkoen ondoren, gizonezkoek jokamolde berean erakustaldi-partida bat jokatuko dute. Hasieran Amantegi eta Erroizenea munduko txapeldunak ziren jokatzekoak, baina arratsaldean Elite Torneoko finalak jokatzen direnez gero, ezingo dute bertan egon. Haien ordez, Gipuzkoako bikote batek (Goenaga-Oinatz Gonzalez) Bizkaiko baten (Martin II-Iker Etxeberria) aurka jokatuko du.
One-wall jokamoldea gogorra eta ikusgarria da oso. 10,20 metro luze, 6 metro zabal eta 4,80 metro garai den orma bakarreko pilotalekuan jokatzen da eta, beraz, oso joko azkarra da. Fisikoki oso zorrotza. Zaleak ez dira aspertuko.
Baina ikusteaz gain, bertaratzen direnek parte hartzeko aukera ere izango dute gaur Azkoitian. Oteizako gunean ber- tan, frontenis lehiaketa irekia antolatu dute 10.00etatik aurrera. Egunean bertan izena emateko arazorik ez dago eta sari txiki batzuk ere badaude: 300 euro irabazlearentzat eta 150 bigarrenarentzat.
Frontoietako jarduerari dagokionez, puntu gorena arratsaldean iritsiko da Gurea pilotalekuan. 17.00etan hasiko da jaialdia eta bertan Eskuz Binakako Elite Torneoko finala zein hirugarren posturako lehia jokatuko dituzte. Lehen norgehiagokan Amantegi-Ajuria eta Lazkoz-Resano neurtuko dira; bigarrenean Erroizenea-Garmendia eta Lasa-Irureta.
Baina frontoietatik kanpo ere izango da pilotarekin zerikusia duen ekitaldirik. Baztartxo zinemako sarrera-gelan, adibidez, egun guztian “Pilota Herriz Herri” erakusketa egongo da ikusgai. Pilotaren historiarekin lotutako hainbat objektu biltzen ditu erakustaldi horrek (antzinako pilotak, kamisetak, argazkiak...) eta denboran atzera egiteko aukera eman. Gainera, 15.30ean ikus-entzunezko bat emango dute eta Iñigo Gallaga arduradunak azalpenak emango ditu bertatik bertara.
Egun guztian, pilotalekuen inguruetan «pilota-txokoak» ipiniko dituzte jendeari takoak nola jartzen diren edota pilotak nola egiten dituzten erakusteko. Helburua, noski, pilota publiko ahalik eta zabalenari gerturatzea izango da modu dibertigarri batean.
Egunari amaiera «Pilotaren Galak» emango dio. Euskadiko Euskal Pilota Federazioak 20 urte betetzen dituela-eta, ekitaldi berezi bat antolatu dute Baztartxo zineman. Plan estrategikoaz azalpenak emango ditu federazioko presidenteak eta, horretaz gain, Elite Torneoko sari-banaketa ere gala horretan egingo dute, besteren artean. Amaitzeko lunch txiki bat ere eskainiko dute.
Pilotazale, ibili azkar eta joan Azkoitira, oraindik garaiz zabiltza-eta. -
DONOSTIA