Jon Arretxeren jauzia bidaia istorioetatik beldurrezkoetara
Jon Arretxe argitalpen berriarekin dator. «Sustrai beltzak» izeneko liburuan orain arte idatzi dituen bidaia liburuetatik aldentzen da basauriarra, eta beldurrezko ipuinetan zentratu. Argumentu berria bada ere, «esperientzia pertsonalak eta bidaietan bizitako pasarteak» erabili ditu liburuan bildu dituen hamaika ipuinak idazteko orduan.
DONOSTIA
Orain arte Jon Arretxek bidaia liburuak eta umorezko liburuak edo nobela beltzeko pare bat liburu idatzi baditu ere, oraingo liburuarekin joera aldaketa dakar. Izan ere, “Sustrai beltzak” izenburupean beldurrezko hamaika ipuin bildu baititu. «Gogoa etorri zaitzaidan beste zerbait egiteko», aitortu zuen atzo Arretxek. «Dozena bat liburu bidaiei buruz idatzi eta gero, ganberrada bat ere idatzi nuen, ‘Ostegunak’, alegia. Ez nuen pentsatzen hainbesteko arrakasta izango lukeenik. Orain, berriz, beldurrezko ipuinak idatzi ditut eta oso gustura aritu naiz», jarraitu zuen idazleak. Hari gidaririk ez dago liburuak jasotzen dituen hamaika ipuin hauen artean. Istorio bakoitza munduko toki ezberdin batean kokatzen da eta horretarako, egin dituen bidaiek emandako esperientziaz baliatu da Jon Arretxe. «Guztiak dira nik asmatutakoak azaldu zuen. Hala ere, fikziozkoak badira ere, esperientzia propioak aprobetxatu ditut pertsonaiak eta istorioak gauzatzeko. Ipuin batzuk geografian nahiko urrun kokatu ditut, hala nola, Amazonian, Benaresen, Laosen edota Marrakexen, eta beste batzuk ordea, Europako mendebalderagoko lekuetan. Bidaietan ezagutu ditudan kontuak agertzen dira bertan; adibidez, magia beltzaren kontuei, espirituei, Ganges ibaiko tarte ilunei eta Amazoniako tribu kanibalei ere erreferentzia egin diet. Filmeen bidez agian errazagoa egiten da izua edo terrorea sorraraztea eta ez liburu baten bitartez. Horregatik erabili ditut baliabide horiek. Herri sinesmenak ere tartekatu ditut originaltasun puntua emateko». Hortaz, “Sustrai beltzak” lanak paisaia eta pertsonaia errealak aprobetxatuz fikziozko pasarte beldurgarriak eskaintzen ditu. Elea etxearekin Arretxek atera duen argitalpen berriak Kristina Fernandezen sinadura ere badakar, berak egin baititu marrazkiak. Liburuaren azalean agerian utzi nahi izan du ipuinen nondik norakoa. Sei hatzeko eskua ikus daiteke. Deabruaren zenbakia. Beldurraren susmoa dario “Sustrai beltzak” liburuari.
|