GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-12-02
«Saria bera normalizaziorik ezaren seinale da»
Abbadia saria jaso zuen atzo Chillida-Lekun Juan Bautista Berasategik (Pasaia, 1951). Sari hori urtero ematen dio Gipuzkoako Foru Aldundiak euskararen normalizazioaren alde lan handia egin duen pertsona edo elkarte bati. Berasategik, Lotura ekoiztetxeko buruak, eskertu egin du, jakina, baina, hain justu, saria normalizaziorik ezaren seinale ere badela nabarmendu du. «Izan ere ­esan du­, Espainian, Frantzian edo Japonian ez dute inor lana espainolez, frantsesez edo japonieraz egiteagatik saritzen».

Marrazki bizidunetako euskarazko filmak egiten aitzindari eta maisu izateaz gain, Berasategik euskal zinemaren ekoizleak elkartzen eta proiektu berritzaileak sustatzen ere lan handia egin duela saritu nahi izan dute epaimahaikoek.

­Euskal Herrian egin diren animaziozko film guzti-guztien atzean egotea leporatu dizute. Zer alegatu behar duzu zeure buruaren defentsan?

“Kalabaza Tripontzia” (1985) egiteko 60 bat lagun bildu ginen. Hura bukatu eta filmak egiten jarraitzeko enpresa bat sortu beharra zegoela ikusi genuen. 60 langilerentzako enpresa bat sortzea ezinezkoa zen, jakina, eta orduan enpresa txikiagoetan sakabanatu ginen. Lagunak izaten eta elkarri laguntza ematen jarraitu dugu. Beraz, modu batean edo bestean, proiektu gehienetan parte hartzen bukatu dut, baina guzti-guztietan ere ez.

­2007an «Ekialdeko izarra» labur hark, euskaraz inoiz egin den marrazki bizidunetako lehen filmak, 30 urte beteko ditu. Zinema eta, gainera, marrazki bizidunak, non eta Euskal Herrian, langintza horretan batere tradiziorik ez zuen herri batean, alegia. Zergatik aukera hori?

Kartelak, liburu azalak eta antzekoak egiten hasi nintzen. Baina lan horiek ez zuten istorio luze bat kontatzeko aukerarik ematen, eta hori nuen nik kezka. Beraz, zinema eta marrazkiak uztartzea oso logikoa iruditu zitzaidan.

­Egiten asmatu behar, ordea.

Jakina. Garai hartan ez zegoen inolako erreferenterik eta, alde horretatik ere, erronka polita zen. Parisen, Londresen, Bartzelonan... ibili nintzen.

­Ofizioa ikasten, alegia.

Ez, ofizioa gero ikasi nuen, eginean egiten, eta kopiatzen. Bidaia haietan batez ere material bila ibili nintzen, esaterako, kamera bera edota zelulosazko triazetato hura. Oso gogoan dut gainditu behar izan nuen arazo bat: nola marraztu tinta txinatarrarekin azetatoaren gainean. Izan ere, tinta txinatarra ez da berez plastikoan itsasten, eta garai hartan ez zegoen tinta berezirik. Bada, Bartzelonako enpresa bat bisitatzera joan eta, ondoren, bertako langileekin geratu nintzen afaltzen. Afalondoan, haiek argitu zidaten: «Tinta txinatarra azukrearekin nahastu eta plastikoan marraztu ahal izango duzu». Orduan pentsatu nuen nik: «Horra marrazki bizidunetako sekretua».

­«Kalabaza Tripontzia» gogoangarria da. Zergatik? Animaziozko lehen euskal film luzea izan zelako bakarrik edo baita geroztik horren pareko gutxi egin delako ere?

“Kalabaza Tripontzia” film fundazionala da. Dirua biltzen hasi ginenean, leku guztietan ezinezkoa zela esaten ziguten. Estatu Batuetan, Ingalaterran, Alemanian-eta, bai, baina Euskal Herrian, ez. Mito hori haustea benetan polita izan zen eta, alde horretatik, film gogoangarria da. Kalitate aldetik ere gogoangarria dela uste dut. Hogei urte geroago, oraindik oso film freskoa dela iruditzen zait, bere txikian. Jakina, hogei urte hauetan beste gauza batzuk egin ditugu, teknologia gehiagorekin-eta, baina hura...

­Gero, beste hainbat filmen artean, «Ipar Haizearen erronka» edota «Karramarro uhartea» egin dituzu. Itsasorako joera hori zure sanjoandar senari zor zaio edo kasualitatea baino ez da?

Oso sanjoandarra naiz, bai. “Ipar Haizearen erronka”n Donibane agertzen da eta nire jaioterriarekiko omenaldi gisa uler daiteke. “Karramarro uhartea”, berriz, Loturakook proiektuan parte hartu genuen arren, Irusoinen ekoizpena da.

­Euskal Telebistarako oso harrera ona izan duten sailak egin dituzu, «Lazkao Txiki», «Txirrita» eta «Pernando Amezketarra». Baina bide hura bukatu zen. Zergatik?

Horixe bera esaten dugu guk, zergatik ez jarraitu. Berez, produktu merkeak ziren eta futbol partiden adina ikusle, behintzat, lortzen zuten.

­Atxagaren Banbulo txakurraren ibilerei buruzko beste sail bat ere lantzen ari zineten...

Eta jarraitzen dugu. ETBrekin pilotu bat egin genuen, baina ez dago apustu garbirik. Banbulorekin Italiako eta Alemaniako zenbait kate interesatu dira, baina gure aldetik apustu garbirik ez badago...

­ETBz ari zara.

Bai, baina TVEz ere gauza bera esan nezakeen. Oro har, telebistek ez dute marrazki bizidunik erosten, den-dena Asiatik ekartzen baitute.

­Dena dela, ETBrekin izan dituzu zuk ika-mika gehienak, bai sortzaile independente gisa, bai IBAIA ekoizle elkarteko lehendakari gisa.

ETBn bada ondo ez dabilen zerbait. Ez da posible telebista ekoizleekin gaizki konpontzea. Gure bezero naturala izan behar du eta gauzak elkarrekin planteatu behar dira. Gogorra da esatea, baina ETBk ez du legea betetzen, ez du diru-sarrera guztien %5 ekoiztera bideratzen. Nola da posible erakunde publiko batek legea ez betetzea? Eta bete dezala eskatzen dugulako, ETBren kontra gaudela ematen du.

­Hala ere, azkenaldion gauza batzuk aldatzen ari direla dirudi. Euskarazko film batzuk, behintzat, egiten ari dira.

Hala da, bai, baina... Begira, adibide moduan. Hartzen duzu egunkaria eta irakurtzen duzu: «Zinemaldian ez dakit zenbat milioiko inbertsioa egin behar dute». Beraz, porlana jartzeko ba omen dago dirudik. Eta filmak egiteko, aldiz, ez? Ez dut ulertzen. Berdin zait esatea ez dakit nondik etorriko direla filmak egitera. Guk ez badugu filmik egiten, akabo. Ekoizpena da bultzatu behar dena. Eta hortik aterako dira profesionalak eta gainerako guztiak. Beste adibide bat: zinema kultura da, baina baita industria ere. Beraz, Gobernuaren Kultura Sailak bultzatu behar du, baina baita Industriakoak eta, oro har, baita politika ekonomikoarekin zerikusirik duten beste sailek ere. Horien guztien lanak bateratzeko, Katalunian, esate baterako, aspaldi dute zinema sustatzeko erakunde autonomo bat. Hemen, berriz, antzeko zerbaiten arrastorik ere ez.

­Kulturaren Euskal Planarekin ari dira...

Horrekin eta Ikus-entzunezko Liburu Zuriarekin eta abarrekin. Hori dena ondo dago, baina asmo on horien atzean ez baldin badago erabaki sendorik, hau da, ez badago aurrekontu zehatzik...

­Nolanahi ere, zuek ez duzue borroka galdutzat ematen. Orain ere film berria egiten hasi zarete.

Bai, “Barriola, San Adriango azeria”. Bidelapur bat da protagonista. Gidoia Koldo Izagirrek egin du.

­Iaz garai honetan estreinatu zenuten «Txirri, Mirri eta Txiribiton» bezala, haur txiki-txikientzat izango al da?

Mementoz, ez, baina ikusi beharko dugu.

­Hemen, beste herrialdeetan ez bezala, marrazki bizidunek haur txikiak bakarrik biltzen dituztela dirudi.

Hala da, bai. Japonian eta Estatu Batuetan, “Shrek” eta antzeko filmekin, publiko zabalagoa biltzen dute. Guk, berriz, ezin dugu helduentzako marrazki bizidunik saldu eta, are gehiago, gero eta haur txikiagoentzako produktuak eskatzen dizkigute. Horregatik diot “Barriola”, jatorriz haur txiki-txikientzako produktua ez den arren, beharbada, azkenean, publiko horri zuzendu beharko diogula. Dena den, ikusiko dugu. Azken batean, oso diru gutxiren truke lan handia egin behar den ofizio honetan, geure gustuko zerbait ere egin beharko dugu, ezta?

­«Barriola, San Adriango azeria»n ere marrazki tradizionalari eutsiko al diozue?

Ez da ordenagailu bidez hiru dimentsiotan animatutako filma izango, baina gurean ere gauzak aldatzen ari dira. Orain arte marrazkiak paperean egin izan ditugu eta gero ordenagailura pasatu. “Barriola”ri begira, berriz, seguru asko ez dugu paperik erabiliko eta marrazkiak zuzen-zuzenean ordenagailuan egingo ditugu. Nolanahi ere, eskuak protagonismo handia izaten jarraituko du.

­«Barriola», noizko?

2008. urteko bukaera aldera estreinatzeko moduan egongo garela espero dugu.

­Hil honetan bertan, berriz, «Txirri, Mirri eta Txiribiton» estreinatu behar duzue, gaztelaniaz baina.

Bai, 25 kopiarekin goaz Andaluzia, Katalunia eta beste zenbait herrialdetara. Ea harrera ona egiten diguten.



«Marraztea oso osasungarria da niretzat»
Marrazki bizidunak egiten ditu Juan Bautista Berasategik, baina hori ez ezik, beste hainbat gauza ere egiten ditu.

­Orain dela urte batzuk, marrazki bizidunei ez ezik film dokumentalei ere gogotik heldu zenien.

Nire kontaktua irudi errealarekin aspaldi-aspaldikoa da, “Ikuska” haien garaikoa. Egia da, hala ere, azken urteotan, adinagatik edo ez dakit zergatik, edozein dokumental proiektutara bi aldiz pentsatu gabe apuntatu naizela.

­Modako generoa ere ba omen da, gainera, eta beharbada marrazki bizidunek baino harrera hobea lortzen du merkatuan.

Ez dakit nik, bada. Begira, orain dela ez gehiegi “Trintxerpe” filmatu genuen, Pasaiako komunitate galiziarraren historiari buruzko lana. Galiziako telebistan ez zuten erosi, «politikoki zuzena ez zelako». Jakina, anarkistak, grebak, borrokak... Euskal Telebistak ere ez zuen erosi, «didaktikoegia» omen zelako.

­Marrazki bizidunak egiten dituzun arren, marrazki «egonkorrak» egiten ere jarraitzen duzu. Nahiz eta zure ohar biografiko gehienetan «Oh Euzkadi!» harentzat egin zenituenak baino ez diren aipatzen, oso «aktibo» jarraitzen duzu.

Dudarik gabe. Tapiaren diskorako azal bat egin berri dut, baita Izagirreren “Rimmel”erako beste bat ere. Unibertsitateak argitaratzen duen “Gogoa” aldizkarirako azalak ere marrazten ditut. Oso gustura egiten ditut lan hauek, nire buruaren orekarako oso osasungarriak dira. -

M.A.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Mundua
«Ni Depardieu hace sombra a Fidel»
Euskal Herria
Batasuna lamenta que los estados «echen por tierra las esperanzas de este pueblo»
Ekonomia
Langileen %3 besterik ez dabiltza laborantzan
Mundua
Felipe Calderón se hace con el cargo por la puerta de atrás
Euskal Herria
El Parlamento de Gasteiz pide que desaparezca la Audiencia Nacional
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss