Ikusezina agerian utzi du Ana Urkizak «Zortzi unibertso, zortzi idazle» lanean
Aurelia Arkotxa, Yolanda Arrieta, Itxaro Borda, Mariasun Landa, Miren Agur Meabe, Laura Mintegi, Lourdes Ońederra eta Arantxa Urretabizkaia. Puntako zortzi euskal idazle emakumezko elkarrizketatu eta beren esanak bildu ditu Ana Urkizak «Zortzi unibertso, zortzi idazle»n, oharkabean nekez pasatuko den liburuan. Jakin-mina, behintzat, piztu du, eta horren lekuko da atzo Donostiako Liburutegiko aretoan bildu zen jendea. Han aurkeztu zuen Urkizak liburua.
DONOSTIA
Ana Urkizak idatzi eta Alberdaniak argitaratu duen “Zortzi unibertso, zortzi idazle”k «ikusezina azalaratzea» du helburu. Izan ere, Urkizak elkarrizketatu dituen zortzi idazleek ibilbide oparoa egin duten arren, ez dute hedabideetan eta kritikan dagokien espazioa. «Ikusezinak» dira, nolabait esateko.«Liburu hau falta zen esan zuen Urkizak. Idazleei buruzko liburu eta zerrendetan emakumezkoak falta dira eta, falta ez direnean ere, beren presentzia nola edo hala justifikatzen da, egin duten literatur lana berez nahikoa ez balitz bezala». Falta zen liburu hori egiteko ardura bere gain hartu zuen Urkizak berak. «Helburua zen euskal literaturaren egungo kanonaren barruan sartu behar diren emakumezko idazleak badirela esatea, eta liburura ekarri ditudan zortzi hauek sartu behar dira, ezbairik gabe. Gehiago ere egongo dira, baina liburuan zortzi baino gehiago sartzea gehiegi izan zitekeela pentsatu nuen, alde batetik, eta, bestetik, zortzi hauek hausnarketa sustatzeko patroi bat ematen digute», esan zuen egileak. Elkarrizketatutako zortzi idazleetatik zaharrena 1947an jaioa da eta gazteena, berriz, 1963an. «70eko hamarkadan jaiotakorik ez sartzea erabaki nuen, irizpide demografiko eta soziologikoengatik, idazle gazteago horiek zerbait desberdina ekarri beharko luketela iruditzen zaidalako».
«Halako min sakon bat» Liburua zortzi ataletan dago banatuta, bat idazle bakoitzeko, eta atal horietako bakoitzak, berriz, egitura jakin bati jarraitzen dio. Lehendabizi, idazle elkarrizketatuaren argazkiarekin batean, ohar biografikoa eta Urkizak berak eginiko profila. Gero, elkarrizketa bera. Galderak, kasu guztietan, lau multzotan banatzen dira: pertsona-idazleari buruzkoak, bere lanari buruzkoak, emakumeari berari buruzkoak eta euskal literaturari buruzkoak. Atal bakoitza elkarrizketatuaren bibliografiak biribiltzen du.
Irakurleak liburuan «idazleak eta pertsonak» aurkituko dituela aurreratu zuen Urkizak, eta, horretaz gain, «hiru gauza», behintzat. «Irakurleak aurkituko du esan zuen idazle elkarrizketatuek espazio propio bat dutela, espazio hori medioetan eta kritikan ez badago ere». Idazle horiek «beren burua bazterrean kokatu dutela ere» aurkituko du. «Bazterreko gaiak jorratzen, bazterreko hizkuntza lantzen eta bazterreko erreferentzia mundua jasotzen ohituta daude», ohartarazi zuen egileak. Eta «sakonean» badagoela «halako min bat» ere aurkituko du irakurleak. Ikusezintasunak-edo sortu duen eta elkarrizketetan azaleratu den mina.Ana Urkizak nabarmendu zuenez, elkarrizketatu dituen idazleak «biluztu» egin dira eta gauza intimoak kontatu dituzte, «asko eta asko gehienentzat ezezagunak eta benetan zirraragarriak. Badutela zer esan, eta esan egin dute jarraitu zuen. Uste dut haiek ere gustura gelditu direla dena esan eta gero. Hau da, bazegoen nik sumatzen nuen behar hori».
«A! idatzi ere egiten al duzu?»
M.A. DONOSTIA Zortzi elkarrizketatik ateratako ondorioak batuta, idazle emakumezkoaren «argazkia» egiten saiatu da Ana Urkiza. Idazlearen argazkia. Eta argazki horretan oso nabarmena da «ofiziotasuna»ren aldarrikapena. «Idazketaren profesionalak dira. Idazle izan nahi zuten, ezin dute idatzi gabe bizi, idazteko bizi dira. Hori argi jarri beharra dago, emakumeari beti idazteko kontu hau bigarren, hirugarren edo laugarren planoan jartzen baitzaio», esan zuen Urkizak. Gutxiespen horren adibide argiena ondoko galdera izango litzateke: «A! Idatzi ere egiten al duzu?». Kontraesana badirudi ere, elkarrizketatutako idazle gehienek aitortzen dute ez dutela argitaratzeko aparteko arazorik izan. «Egiten utzi zaie, ez zutelako haiengandik ezer berezirik espero. Eta aurretiaz espero ez dena gero ere ez da baloratzen. Argitaratu dute, bai, arazorik gabe, gainera, baina argitaratutakoari gero ez diote behar bezala erreparatu». Egoera honetan, idazle emakumezkoak aske eta eroso ere sentitu direla esan zuen Ana Urkizak, baina prezioa ikusezintasuna izan da.
|