GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Jo puntua 2006-12-17
Kirmen Uribe - Idazlea
Kontzezio egunean

Lehenengo gabonak esaten zion Kontzezio egunari amonak. Orduantxe hasten zirela gabonetako jaiak. Eta, ohitura zaharrari jarraituz, huraxe zen eguna jaiotza etxean jartzeko, astoa eta idia ganbaratik atera eta sukaldean jartzeko, beste irudi guztiekin batera. Markinan ohitura dute bertso-jaialdia egiteko egun horretan. Eta gu, nola ez, Durangon egoten gara Azokan. Aurtengo Kontzezio eguna ederra izan zen. Eguerdian hainbat lagun batu ginen errezitala egiteko, kondena bete duten eta gaisorik dauden presoak etxera daitezen eskatuz. Bakoitzak berea egin zuen, batzuek kanta, besteak bertsoak bota, eta guk irakurri. Mikel Urdangarin, Josu Zabala eta hirurok egin genuen gurea. Mikelek hogeinaka urte espetxean daramatzan zornotzar bati eginiko kanta kantatu zuen. Nik beste horrenbeste daramatzan Ondarroako preso bati, Isidro Garalderi, bihotzekoak eman zionean idatzi nuen testutxoa. Horrelaxe moldatu nuen:

«Ez dakit zergatik deitzen dioten Isidro Garalderi Mamarru. Mamarru Ondarroan pertsona txikiari esaten zaio da, ezdeusari. Eta beldurtiari ere bai.

Baina Eibarren mamarru esaten zaie haurrei amesgaiztoetan agertzen zaizkien mamuei.

Eta Nafarroan, Nafarroan maimurrak esaten zaie mamarruei, eta maimurrak ziren halako jeinu txiki batzuk hegan egiteko erabiltzen zirenak. Intsektu itxura zuten eta horrexegatik izena.

Haiek harrapatzeko modu egokia hauxe zen: San Joan bezpera iristen zelarik, orratz-ontzia zabalik utzi behar zen sasitza batean. Biharamonean tapa itxi di-da batean eta barruan geratuko ziren harrapatuta mamarruak. Horretarako trebeziarik ez zuenak bazuen beste aukera hau ere: erostea. Itxura denez Baionako denda batean saltzen zituzten ontza-erdi urreren truke.

Asko erabiltzen ziren mamarruak edo maimurrak sasoi batean. Esaten dute Orozkoko abade bat Madrilera joaten zela hegan zezenketak ikustera, mamarroei esker.

Ez dakit zergatik esaten dioten Isidro Garalderi Mamarru. Ez da izango txikiagatik, ez da izango ezdeusagatik. Ez da izango beldurtia delako. Ez horixe. Beharbada hegan egiteko gaitasun horregatik esango diote mamarru. Pentsatu nahi nuke ez duela oraindik hegan egiteko gaitasuna galdu, eta hegan etorriko dela guregana, eta berarekin ekarriko dituela, jeinu txiki haiek bezala, bere egoeran daduden beste guztiak ere.

Nahiko nuke pentsa ahal dutela hegan egin. Eta ezingo balute, guk geuk lagunduko diogu». -


Kirmen Uribe - Idazlea - Artikulo gehiago [..+]
 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
Volver al pueblo o inflamar al pueblo
Euskal Herria
La asamblea de torturados pide el fin de leyes y tribunales de excepción
Euskal Herria
«El desbloqueo vendrá de abordar que hay un sujeto con derecho a decidir»
Euskal Herria
«Euskal Herri osoan euskara ofizial izendatuko duen legedia behar dugu»
Kultura
Xabi Paya txapeldun, azken urteotako Bizkaiko finalik lehiatuenean
Mundua
La tensión se dispara en Palestina con el anuncio de adelanto electoral
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss