Xabi Paya txapeldun, azken urteotako Bizkaiko finalik lehiatuenean
Atzo bukatu zen, Euskalduna Jauregian, maiatzean eskualdetako txapelketekin hasi zen Bizkaiko bertsolari txapelketa. Lehen aldiz denbora askoan, Unai Iturriagak eta Igor Elortzak ez dute parte hartu aurten eta hala, azken urteotako irekiena izan da bertsolari guztientzat. Atzoko Euskalduna Jauregiko finalean ere hala suertatu zen eta azkenean, Xabier Payak eraman zuen txapela, Etxahun Lekueri hiru puntu doi-doi aterata. Hirugarren Iratxe Ibarrak egin zuen, saio polita osatuta eta hortik aurrerako tropelean ere, berdinketa izan zen nagusi, batzuen eta besteen puntuen aldeak benetan murritzak izan baitziren.
BILBO
Xabi Paya da Bizkaiko txapeldun berria. Hogeita lau urterekin, bere lehen txapela jantzi zuen atzo algortarrak Bilboko Euskalduna Jauregian jokatutako finalean. Pozik jantzi ere, izan ere, txapelduna bera zela entzun bezain pronto, bibaka eta saltoka hasi zen, agertoki osotik, emozioari ezin eutsiz. Orotara, 842,5 puntu bildu zituen. Payaren atzetik, eta buruz buruko saiora harekin pasatu ostean, Etxahun Lekue gelditu zen, 839,5 punturekin. Hirugarren Iratxe Ibarrak egin zuen, 498 puntu bilduta eta haren atzetik, euren artean ia berdinduta, Arkaitz Estiballes (487,5 puntu), Onintza Enbeita (487 puntu) eta Fredi Paia (487 puntu) sailkatu ziren. Zazpigarren Ibon Ajuriak egin zuen, 476 puntu bilduta eta Igor Muniategik, ostera, zortzigarren, 465 punturekin. Buruz buru, Xabi eta Etxahun Zortzi bertsolariak luze lehiatu ostean, Xabier Paya eta Etxahun Lekue izan ziren buruz buruko saiora pasa ziren bi bertsolariak. Hala, zortziko txikian eta “Aizak hi mutil mainontzi” doinuan ofizio bana eta kartzelako lanean gai bati hiru bertso kantatu behar izan zituzten. Lehendabiziko ofizioan, zortziko txikian, Adan eta Ebaren paperean jarri zituen gai-jartzaileak, paradisura itzuli eta historia aldatzeko aukera zeukatela esanez. Xabi Payak, ohi duen eran puntutik puntura ahotsaren intentsitatearekin eta erregistroekin jolastuz, «ai sagarrik jaterik/ mesedez saihestu» esanez bukatu zuen bere lehen bertsoa eta horri, Etxahunek honela erantzun zion: «Mundua zelan dauan/ kontuak atara/ dana izurritea/ greba eta traba/ guztia aldatzea / benetan gatxa da/ hobe barriz urteten/ ez baldin bagara». Horren ostean, Xabiren bigarrena honela joan zen: «Ikusten zaitut txarto/ nerbiosa artega/ ta heldu garela gu/ toki gorenera / zera esango deutsut/ neure arabera/ paradisuan gagoz/ lasai egon, Eba» eta Etxahunek honela bukatu zuen bere erantzuna: «Oin mintzatu zatxakit/ hain jarrera arroz/ paradisurik ez dau/ zu alboan bazagoz». Bigarren lana “Mainontzi” doinuan hiruna bertso osatzea izan zen eta hor Etxahun koska bat gainetik aritu zen. Hauxe zuten gaia: «Gizona zendua- naren hilobira loreak uztera joan zara gaur, Etxahun. Hara non aurkitu dozun bertan beste andra bat, Xabi, horrexetan ere». Hala, Larrabetzuko bertsolariaren lehen bertsoa benetan polita izan zen, «Eginaz hainbat efortzu/ honaino nator gogotsu/ nire senarrak hartzen ninduen/ gozo ta amoltsu/ Beraz berton bazagoz zu/ hartuixuz nire bi mosu/ bera ezagutu bazendun zorte/ handia dekozu». Xabik bere anaia Frediren izenari erreferentzia eginez bukatu zuen erantzuna, hilarriari hautsa kentzera joan eta zera erreparatuta: «Końo Eustakio dino hemen ta ez/ Fredi Eusebio». Bigarren bertsoan ere, Etxahunek lehenengoaren ildo beretik segitu zuen, honela bukatuz: «Zoaz hemendik aparte/ zeurearengana joan zaite/ Seinale bera ez zenduala/ nik hau beste maite». Xabiren erantzuna, ostera, hauxe izan zen: «Zer egin dot nik ai ama/ a zelako panorama/ Hauxe konpontzen hasi behar dot/ oxana oxana/ Hamen sarritan izana/ barkatuistezu laztana/ Zeuri toketan jatzu joatea/ neurearengana». Kartzelan, Etxahun nagusi Ofiziotako lana bukatuta, kartzelakoaren ordua iritsi zen eta Etxahunek beste gelaren batera alde eginda, Xabi Paya oholtza gainean geratu zen. Hiru bertso osatzeko, gai hau eman zien bien Bernar Mandalunizek: «Zure logelako mesanotxean betirik izan dozun argazkia gaur aldatu egin dozu». Xabik, bederatzi puntuko doinuan, heriotza zela medio bukatutako harreman baten istorioari heldu zion, baina gaian ageri zen argazkiaren kontua bazter samar utzi zuen. Honela izan zen bere azkeneko bertsoa: «Lehen bi eta orain zero/ patua neure borrero/ Ia lotu nintzen ero/ Ai hemen bera balego/ Azken mosua ematen neutson/ kristal gabean gabero/ ta gero manta ganera botaz/ loak hartzen nindun bero/ Egunen baten ni izan arte/ Paradisuko bezero/ Hementxe bertan egon behar dot/ Besterik ez dot espero/ ta argazki hau ikusiko dot/ begiak itxi ezkero». Etxahunek ere antzeko istorio bati heldu zion, bukatutako maitasun harreman bat marraztuz. Hala kantatu zuen lehen bertsoa: «Argazki horrek aspaldidanik/ baeukon bere tokia/ Orain artean nire ustean/ zana berez egokia/ Erlazino bat eduki neban/ gozoa eta eztia/ Zeru lainoz beteta baina/ nik ikusi eguzkia/ Orain kontuak aldatu dira/ botako dot argazkia/ Irudikatzen daualako nik/ ahaztu nahi dudan guztia». Azken bertsoa ere dotore bukatu zuen: «Nahiz momentua izan daiteken/ iluna edo ta grisa/ argazkia argazki bat da ta/ argazkia ez da bizitza». Azkenean, Xabier Payarentzat izan zen txapela, seguru asko, saio osoan zehar bildutako puntuei esker. Txapela amari eskaini zion, agurraren zati bat gaztelaniaz kantatuz, hunkituta. Ez zen izan bakarra, saioko bertso onenaren saria jaso zuen Iratxe Ibarrak ere hunkituta bukatu zuen saioa. Bertsolari gazteenaren saria ere Xabik atera zuen eta azken agurra txapelketa hau bere azkena izango zela iragarri zuen Jauanjo Respaldiza omentzeko baliatu zuen.
Zortziko nagusitik bertatik hasi eta ale eder asko utzi zituen lehen atalak Euskalduna jauregian
Joxean AGIRRE
BILBO
De Juana presoaren aldeko elastikoak soinean zituztela
atera ziren bost bertsolariak eta agurretatik beretik eman zuen abisua Xabi
Payak: «Gaur bi urte ez bezala dator gaur Xabi Paya/ puntuan banago eta jar
deiziela gaia/ atzekoak danak dira lagun ala anaia/ izan ere horixe da, gaur
bertsoaren jaia/ txaloka zutun daitela bat-batean Bizkaia (bis)», kantatu zuen.
Agurretan bitxiena, hala ere, anaiarena izan zen: «Zazpi urtetan sei txapelketa
jaun-andreok hau da marka/ Euskal Herriko bi joan dira ta Bizkaiko lau zeharka/
asteburutan saiorik saio, bertsoaren zalaparta/ bikoteka ta bakarka/ bertsoz
bertso, tantaz tanta/ asmatu zein sartuz hanka/ ziklo hau borobiltzeko gaur zer
aukera aparta/ txapel premia pertsonalaz gain biologikoa da ta (bis)», kantatu
zuen Fredik.
Iratxe Ibarrak «Egańak lehen txapela jantzi eban hogeita
hamabigaz/ nik justu horrek daukadaz/ ta kontuz ibili nigaz» esan zuen. Hala
ere, txalorik gehien bildu zituena Arkaitz Estiballes izan zen, Irigoienen
eskela irakurri zuela gogoratu ondoren «bi urte barru ez izateko Ińaki de
Juanarena» bukatu zuenean.
Atzoko finalak abantaila handi bat izan zuen: lehen
bertsoaldietatik hasi zen ale bikainak uzten. Zortziko nagusian berean egokitu
ziren elkarrekin Paiatarrak. «Andrea eta gizona zarete. Gizona arduratuta dabil
semeak mehatxatu egin duelako«, agindu zien Mandalunizek. Eta Xabik honela bota
zuen lehen bertsoa: «Ai Mari Karmen, ai Mari Karmen, arreta apur bat eskaini/
geure semea ez banau berbaz mehatxupean imini/ mehatxu edo indarkeririk ez zaigu
etxean komeni/ zeuk erabaki nor maite dozun zeure semea edo ni». «Zelan maitatu
behar dot gizona, kanpoan badago beti», erantzun zion Fredik. Eta «Kanpoan
beharra egiten dot bai, baina hori ez da krimena/ baina orain ostera ezarri nahi
dot behinda betiko kondena/ geure semeak ahaztu daiala familia eta dana/ halako
baten zikindu ez daian Paiatarron abizena», bota zuen Xabik.
Bikain aritu zen neurri horretan Iratxe Ibarra ere. Igor
Muniategirekin egokitu zen. Azken bidaia egiten ari zen autobus gidaria zen hau
eta Iratxe azken bidaiaria. Ispilutik begira daude elkarri. «Keinuren batzuk
egiten dodaz, baina arrazoia daukozu/ mutil altoa, morenazoa, oso morboso zagoz
zu/ kabaret baten egiten dot lan, dantza, kantu eta mosu/ han egin behar
dodanerako asko inspiretan nozu», bota zuen lehen bertsoan.
Etxahun Lekuek eta Estiballesek ere oso maila ona eman
zuten neurri horretan egin zuten bertsoaldian.
Zortziko txikian Fredi eta Onintza oso ondo moldatu
ziren. Onintza luxuzko hotel bateko garbitzailea izaki, nekaturik ohearen
gainean loak hartu du eta Fredi exekutiboa sartzen da. «Ohe gainean etzan naz
trankil, ederto/ aberats izate zer dan jakiteko», bukatu zuen lehena Onintzak.
«Ta bost izarretako zer hotel edarra/ beira nola agertu den seigarren izarra»,
bukatu zuen berea Fredik. «Nahiz oheak egiten dituzun gustura/ oheak desegiten
jakingo duzu ba», jarraitu zuen Fredik.
Bikain aritu ziren Iratxe eta Etxahun ere neurri
horretan, txapeldunordea bereziki. Ezkontzeko egunaren bezperan lau aldiz
dibortziatu den Etxahun amama etorri zaio aholkuak ematera Iratxeri. «Saltoka
ibiltzea ez daukat buruan/ hobeto nahi dot leku seguruan/ amama ez nabil ondo
zure inguruan/ nobiotan be horixe esaten zenuan», bota zuen Iratxek bigarrena.
«Ezkontza egunean danok pozik gabiz/ bihotzak
borborretan, bi begiak diz-diz/ gonbidatuak eta senideak irriz/ horregatik
ezkondu nintzen hiru aldiz», bota zuen bigarrena Etxahunek.
Hamarreko txikian Ibon Ajuriak eta Fredik lan ona egin
zuten lanik gabe geratzeko arriskuan diren bi bizkartzainen paperean. «ETAk
egingo al du ia atentatua/ ia animaten dan gure merkatua», hasi zen Ibon. «Nik
ez dakit nork dekon guztiaren kulpa/ ezin dogu aldatu guk gure kondukta/
bizkartzaina ez den beste lanen bat hartuta/ zergatik ez da egiten behar dan
burruka/ gure lehengo txoiloa ez daitela buka», kantatu zuen hirugarrenean
Ibonek. Eta bertso eder honekin erantzun zion Fredik: «Diruz bete genduzan
hamaika maletin/ beharragatik txulatu horrenbeste mitin/ behar hau ixteari egin
behar muzin/ lasai basko horrekaz egiten dotzut zin/ lau katu dira eta ados
jarri ezin».
Iratxek eta Estiballesek sekulako bertsoaldia egin zuten
hamarreko txikian.
|