GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak 2006-12-17
Beñat Hach Embarek Irizar - Ikasle abertzalea
Hi gazte, irakurri hau!

E uskal Herriko Gazteriaren Kontseiluak (EHGK) hots eginda, Gazte Eguna ospatu zen joan den azaroaren 18an Andoainen, herri horretako gazteon arazoak aztertu eta irtenbideak aurkitzeko. Ekimen zoragarria, benetan; gazteok ez daukagu beste erremediorik antolakuntza eta erresistentzia baino, alde guztietatik datozkigun erasoei aurre egiteko: errepresio politikoa, etxebizitza, langabezia... Hori gutxi balitz, euskal gaztedia ez da bere arazoetara mugatzen, begiak baititu mundua suntsitzen ari den sistema neoliberalaren ondorioak aztertzeko. Horri lotuta, beraien aldetik gonbita jaso nuen bertaratu eta herri sahararraren egoerari buruz mintzatzeko, eta noski, ohore horri ezin ezetz esan. Baina lehen aipatu dudan bezala, mila gauzataz hitz egin zen bilgune hartan. Gai horietako bat soilik jorratuko dut hemen.

Droga

Droga kontsumitzen duten gazteei galdetuz gero, errealitatetik ihes egiteko hartzen dutela esango digute, edota ondo pasatzeko, beste sentsazio batzuk sentitzeko, beharbada. Kontzientziarik ez duten gazteek hori egitea txarto dago, baina gazte borrokalari bat horretan ibiltzea logikatik at dagoela iruditzen zait.

Denok dugu herri honetan egon den droga mugimenduaren berri, eta badakigu ez dela kasualitatea izan guri tokatzea. Frankoren garaian eta trantsizioan Barne ministro izan zen batek honakoa zioen jendeak Euskal Herrian droga sartzea leporatzen zioenean: «Un drogadicto más, un terrorista menos». Drogak gure aurka erabili dituzten arma politikoak dira, lokartu eta anestesiatuta egoteko, herri honetako gazteria kalera irten ez zedin bere eskubide eta aldarrikapenen alde borrokatzera.

Errealitatetik ihes egitea

Aztertu dezagun ez hanka eta ez buru duen argudio hau. Gaztea eta errealitatetik ihes egin nahian? Gaztea bere inguruko bidegabekerien aurka matxinatzen dena da; mundu zikin honetako egoera salatzen duena; formalismoari, absolutismoari, hipokrisiari aurre egiten diona. Errealitatea alde batera uztea ahulezia sintoma kezkagarria da, bere borrokan sinesten ez duenarena edota berorretaz neka- turik aurkitzen denarena; gure herriak, institutuak edota lanpostuak betetzen dituzten kontzientzia gabeko artaldearen parte ez bada. Iraultzaileak zailtasunei, arazoei eta etsaiei begietara so egin eta kontra egiten saiatzen dira; ezin da errealitatetik ihes egin, errealitatea aldatu behar dugu.

Indibidualismoa

Zera aditu nion behin gazte abertzale eta ezkertiar bati: «Aizu, drogatzearena bakoitzak ikusi behar duen gauza bat da». Askotan hanka sartzen dugu, aurrerakoiak garela pentsatuz, askatasun bat eta aldarrikapen batzuk argudiatuz. Gustatu edo ez, euskal gazteok gazteria «primer-mundista» garela onartu beharrean gaude, eta lehen munduko pertsona bezala, asko jorratu dugu geure barnean indibidualismoaren doktrina. Soilik norbera- rentzat onena zer den aztertzea erabateko pentsamendu aburgesatua da; bururik gabekoen artaldeko ardiak uste horretan aurkitzea ez zait arraroa iruditzen, baina ezkertiar gazte batek ezin du hori egin. Kolektibo baten parte gara, euskal gazteriarena, eta gure ekintzek kolektibo horretan duten eragina aztertu behar dugu. Ez gara nire, zure edo haren askatasunarengatik borrokatzen, gure eskubideengatik baizik.

Txinaren atzean

Pentsatu al duzue sekula nora doan txina (hachis) zati batean gastatzen duzuen dirua? Nik esango dizuet: Marokoko Gobernura eta bere monarkia absolutistaren bankuetara. Diru hori beraien Polizia eta Armada hornitzeko erabiltzen dute, ondoren kaleetan marokoarrak eta sahararrak hilko dituzten gorputz errepresiboak sustatzeko; sahararrak aurrera eramaten ari diren intifada zapaltzeko. Kartzelak eraikitzeko; bertan pertsonak torturatzen dira eta saharar umeak bortxatzen dituzten kartzelari putakumeen soldatak ordaindu. Pentsatu horretan guztian norbait hachis kanuto bat erretzen ikusten duzun hurrengo aldian.

Gazte iraultzaile batek langilea eta diziplinatua izan behar du, helburu batzuk lortu nahi dituelako. Beldurrik gabe elkartu behar da mundua aldatu nahi duten gazteekin; inposatu nahi diguten gizarte eredua antzarrak ferratzera bidali, nazio guztietako herriekin lurra eraldatzen dugun heinean. Eta bide horretan gaztea izateaz gozatu.

Planeta hau kaka eginda dago; gure helburua hau aldatzea da. Horretarako esnatu beharrean gaude, ez baitugu nahi gure seme-alabek gu ikusten ari garena ikustea. Atzerapausorik eman gabe, burua altxatuta eta tinko. Gazteria aurrera! -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
Volver al pueblo o inflamar al pueblo
Euskal Herria
La asamblea de torturados pide el fin de leyes y tribunales de excepción
Euskal Herria
«El desbloqueo vendrá de abordar que hay un sujeto con derecho a decidir»
Euskal Herria
«Euskal Herri osoan euskara ofizial izendatuko duen legedia behar dugu»
Kultura
Xabi Paya txapeldun, azken urteotako Bizkaiko finalik lehiatuenean
Mundua
La tensión se dispara en Palestina con el anuncio de adelanto electoral
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss