Auzapezak 2x2 proiektuaren aurka azaldu dira
·Laurogei bat hautetsi eta auzapez elkartu ziren ostiral gauean Larzabalen
Nafarroa Behereko laurogei bat auzapez eta hautetsi elkartu ziren ostiral gauean Larzabalen Kontseilu Nagusiko lehendakariak zabalduriko bide proiektuaz hausnarketa egiteko. Aho batez ezezkoa eman zioten egitasmoari eta mozio bat ere aurkeztu zuten. Era berean, abenduaren 30ean izanen den manifestaziora ere deitu zuten.
LARZABALE
Jean Jacques Lasserre Kontseilu Nagusiko lehendakariak berriki kaleratu bide proiektu berria aztergai izan zuten ostiral gauean Nafarroa Behereko auzapez eta hautetsiek Larzabalen. Bertan, Nafarroa Beherea Nafarroa Garaiarekin lotuko lukeen proiektu horrek aurreko 2x2 bidearekin zerikusi handia zuela ohartu zirela jakinarazi zuten, eta den-denak egitasmo horren aurka agertu ziren.Daniel Olzomendi Leiako lehendakaria ere bilkuran zen eta honakoa azaldu zuen: «Proiektua argi azaltzeko mapa guztiak erakutsi ditugu, eta argi ikusi da Lasserreren egitasmo hori kamioiak pasatzeko egina den bide handiko proiektua dela». Aurreko proiektuarekin egin bezala, auzapez eta hautetsien kolektibo horrek mozio bat lantzea erabaki du. Eta izenpetu dezaten, Nafarroa Behereko hautetsi guztiei bidaliko dietela jakinarazi zuen Olzomendik. Horretaz gain, proiektuak ukituko dituen herrietako kontseiluek biztanleei zuzenduriko biltzar publikoak antolatzen hasi zirela nabarmendu zuen Leiako lehendakariak, eta urtarrilean, herriko kontseiluetan proiektuaren aurkako deliberoak hartzekotan zirela gehitu zuen. «Guztiak bildu eta publiko eginen ditugu», esan zuen. Azkenik, abenduaren 30erako Leia elkarteak Lasserreren proiektu berri horren aurka antolaturiko manifestaziora deitu zuen Hautetsien Kolektiboak.
|