- Frantziako Kopa
Penaltiei esker egin ahal izan du aurrera Avironek
·0-2 galtzen joan ziren bi maila beherago dagoen talde amateur baten aurka
AVIRON 2 COURNON 2 Aviron: Bouet, Fauconier, Laporte, Estrade, Degoul,
Bidegain (Lestege, 53.m), El Hajjam, Van den Bruwaenne, Louit, J.Lalane (Comets,
78.m) eta L. Sautie (Lancien, 63.m). Cournon: Bardet, Buison, Chevalerin,
Alcacer, Vialantte, Granier (Leclerc, 103.m), Lucarelli, Andrieux, Altunluoglu
(Ruffeau, 59.m), Ouali (Provanchere, 75.m) eta Vial. Epailea: Chaoui. Avirongo
Sautiek eta Cournons taldeko Chevaleriensek eta Buisonek ikusi zituten txartel
horiak Golak: 0-1, 8.m: Altunlouglu. 0-2, 21.m: Andrieux. 1-2, 26.m: El Hajjam.
2-2, 81.m: Comets. Penaltiak: 4-3 irabazi zuen Avironek. El Hajjamek, Cometsek,
Degoulek eta Louitek penaltiak barrura bidali zituzten, eta Lestagek, huts egin
zuen. Cournonen, Lucarellik, Violek eta Provecencharek gola egin zuten, eta
Andrieuxek eta Ruffeautek, huts egin zuten. Gorabeherak: 1.000 ikusle inguru
batu ziren Didier Deschampsen.
BAIONA
Bouet atezaina izan zen Avirongo protagonista nagusia, penaltietan bi geratu baitzituen, eta sailkapena eman zion taldeari. Aurkaria talde amateurra zuen Avironek eta bi maila beherago zegoen. Aurretik dena egina ikusten zuen, eta konturatzerako 0-2 galtzen ari zen. Penaltiei esker lortu zuen sailkatzea, 4-3 irabazi baitzuen.Lehen zatian, Avironek oso gaizki jokatu zuen. Oinez aritzea nahikoa zela pentsatuz zelairatu ziren, eta hogeita bat minututan 0-2 gibeletik ibili ziren. Zortzigarrenean aurreratu ziren kanpotarrak. Fauconnierrek baloia galdu, eta eskuinetik egindako erdiraketa aprobetxatu zuen Altunlougluk markagailuan aitzineratzeko. Sei minutu geroago, gertu izan zuten frantziarrek bigarren gola, baina euskaldunen zorionerako, Lucarellik baloia kanpora bidali zuen. Hurrengo aukeran, ordea, eta berriro ere etxekoen atzealdeak egindako hutsa aprobetxatuz, Andrieuxek 0-2koa jarri zuen markagailuan. Bost minutu geroago, El Hajjamek lortu zuen zuri-urdinen lehen gola, eta itxaropena ekarri zuen harmailetara. Hortik eta lehen zatia amaitu bitarte, lapurtarrak nagusi izan ziren zelaian, baina ez zuten golerako aukera bat bera ere egin. Bigarren zatian, Aviron partidari buelta ematen saiatu zen, baina ezin izan zuen. Ezin zuten sinetsi, ez baitzuten uste markagailuan atzetik izango zirenik. Avirongo entrenatzaile Pochatek egindako aldaketak indarra eman zien zuri-urdinei, eta azkenean Cometsek berdinketa lortu zuen. Hamar minutu geratzen ziren partida amaitzeko, baina golik ez zuten egin, eta luzapenera joan ziren. Luzapenean, etxekoek abantaila izan behar zutela ematen zuen, talde profesionala baitute, baina Cournon bera hobeto aritu zen, eta aukerak bereak izan ziren, baina ez zuten asmatu, eta penaltietara joan ziren. Hamaika metrotik jaurtitzerakoan, Aviron hobeto aritu zen, batez ere Bouet atezaina, bi geratu baitzituen. Azkenean, aurrera, eta Lehen Mailako baten aurka jokatzeko itxaropena dute orain. Hori asteleheneko zozketaren ostean jakingo da.
|