Gasteszenak De La Soul hip hop aitzindarien erritmora errimatuko du
90eko hamarkada hasieran hip hop musika berritu, jazz rapa egin eta «Me, myself & I" hit-a sortu zuen hirukotea Dj P3z ekoizle eta musikari donostiar ezagunak lagunduko du plateretan.
GARA | BILBO
Zulu Nation mugimenduko partaide izandakoak, A Tribe Called Quest edo Jungle Brothersekin batera, hitz surrealistek eta sanpler elektronikoek ospetsu egindako hip hop talde esanguratsua dugu De La Soul, duela ia hogei urte New Yorken sortua.
Pos, Dave eta Maseok 1989an egin zuten debuta «3 Feet High And Rising» lanarekin, eta berehala lortu zuten arrakasta. Etorkizuneko hip hopa jorratu nahian eta jazz rapa zabalduz, bakeaz eta maitasunaz ari zen lan horretan zegoen oraindik orain taldearen kantarik ezagunena den «Me, Myself & I» egozentrikoa. Lanetik lanera joerak aldatuz, 1991n plazaratu zuten hurrengoa, «De La Soul Is Dead» iluna. Umore zantzuak mantendu bazituzten ere, orduko hip hopak zeraman bidearen kritika zorrotza zen diskoa. Trinkoagoa eta funkyagoa zen hirugarrena, «Buhloone Mindstate» serioa. Bertan, besteak beste Maceo Parkerrek hartu zuen parte.
«Clearlake Audiotorium» ep-a 1994an argitaratu eta bi urte geroago «Stakes Is High» eman ondoren, taldeak hiru diskoz osatutako sorta bat iragarri zuen, nahiz eta azkenean lehenengo biak baino ez zituzten plazaratu, «Art Official Inteligente» sortako «Mosaic Thump» eta «Bionix», ordura arteko guztiak bezala, Tommy Boy Records diskoetxean. Mende aldaketaz geroztik bilduma edo singleak baino ez zituzten eman 2004an estudioko zazpigarren lana,«The Grind Date», Sanctuary Recordsen agertu zen arte, Common, Flava Flav, Sean Paul, Spike Lee eta generoko beste izen handi batzuen laguntzarekin. Urte berean, 1996an grabatutako zuzeneko bat ere atera zuten Rhinorekin, «Live at Tramps, NYC». Urtebete geroago, Gorillaz xelebreen «Feel Good Inc» single entzutetsuan parte hartu zuten, eta baita Grammy bat lortu ere.
Dj P3z
Iparramerikarrekin batera Javi P3z donostiarra arituko da. Musikari, musikagile, soinu teknikari, kultur ekoizle edo disko jartzaile, hiriko musika munduan aski ezaguna da esparru ezberdinetan egindako lan ugariengatik. Pare bat talderen ostean Parafünk sortu zuen 90eko hamarkada hasieran eta 1995etik aurrera Etxekalteko programazioa antolatu eta «club» kultura sortzen dihardu. Urte berean sortu zuen Txarly Brownekin Novophonic zigilua ere.
Etxeko eta nazioarteko makina bat talde nahastu eta berrikusi ditu, Fermin Muguruza edo Pizzicato Five, adibidez. 2004an plazaratu zuen bere azken lana Hitop zigiluan, «Sports» bikaina, iaz orkestrarekin aurkeztu zuena, eta beste batzuen artean «Aupa Etxebeste» filmeko musikaz ere arduratu zen. Ez da ez geldirik egotekoa, iaz Dylanek jo ondoren Zurriolako hondartzan musika jarri zuen morroia.