Hondarribiko alardea, Auzitegi Gorenean bukatu ez den auzia
Hamar urteko ibilbide judizialaren ondoren Espainiako Auzitegi Gorenak Hondarribiko alarde tradizionala ez dela baztertzailea ebatzi izanak herri hartako alkate Borja Jauregiren eta alarde horren aldekoen poza eragin du. Ibilbide luzea auzi horrek tribunaletan egin duena, baina gatazka luzeago, gatazka gogor baten bukaera ez dakarrena.
Hitzetik hortzera entzun ohi da, tribunalen erabakiak kritikatzen direnean, epaileek legeak aplikatzea bermatu egin behar dutela, eta hori baino ez dutela egiten. Hondarribiko alardearen gaineko ebazpenak, ordea, argi utzi du, alde batetik, berdintasun legeen oihartzuna ez dela hainbat auzitegi espainoletara iritsi, eta Auzitegi Gorenaren kontserbadore ospea ez dela funts gabea. Eta, bestetik, herritarren artean hain ondorio larriak dituen gatazka konpontzeko beste bide batzuk aurkitu behar direla, herritarren arteko konponbidea eta Euskal Herrian bertan aurkitu beharrekoa.
Udala herritarrek hurbilen duten erakundea da. Hortaz, espero izatekoa da, bere herritar guztien arteko akordioa sustatu eta lantzea. Hala jokatu beharko luke Hondarribiko alkateak, auzitegi espainol batek emandako sostengua dela-eta harrotu beharrean. Udalak, orain artean keinurik bat ere egin ez duen arren, aurrerantzean bere zeregina behar bezala betetzeko aukera du: herriko festak berreskuratzen ahaleginduz, baina, gorde beharreko errespetua oinarri hartuta, alarde mistoa, denen parte hartzea onar- tu eta sustatzen duena, normaltasunez egin dezaten aukera emanez, elkarrizketa tresna nagusi izanda eta konponbidea bilatzeko ausardia eraku- tsita. Horretara beharko luke denen udala izango balitz.
Alarde tradizionalaren aldekoek bukatutzat eman dute auzia. Baliteke tribunaletan hala izatea, baina argi eta garbi dago oraindik herriko jende multzo handi baten eskubideak urratuta daudela eta, beraz, auziak konpondu gabe segitzen duela. Ondorioz, ezin esan bukatu dela. Garaia da behingoz, herri mailan bezala autonomia erkidego mailan ere, itxuratik harago, pausuak emateko berdintasuna bultzatze aldera.