Demokrazia kontua
Beste behin ere ordezkari politikoek errazera jo dute: indargabetu ditzagun «akordioen aurkakoen" bozak eta lortuko dira akordioak!
Adolfo Muñoz, Txiki eta Garbiñe Aranburu
ELA eta LABeko ordezkariak
EAJ, EA eta EB-Berdeek ez legezko proposamena aurkeztu dute Eusko Legebiltzarrean Lan Harremanen Kontseiluko arautegia eta funtzionamendua berraztertzeko. PSE-EE eta PPk, beren aldetik, elkarrizketa sozialerako beste erakundeen egoera ere berrikusteko proposamena erantsi dute.
Oso kezkatuta omen daude gure agintariak lan-harremanak gaiztotzen ari direlako eta elkarrizketa soziala ez dabilelako. Eta, lan-harremanen gaiztotzearen arrazoia elkarrizketa sozialerako erakundeen blokeoa dela uste dutenez, erakundeok astintzea deliberatu dute. Orain arte esan dituztenak kontuan hartuta -azkenak, Azkarraga sailburuak- ez da oso gaizki pentsatu behar berraztertzea funtzionamendu-arauak aldatzeko egingo dela aurreratzeko; hau da, erabakiak gehiengoz hartu behar direla dioen erregela aldatzeko.
Beste behin ere ordezkari politikoek errazera jo dute: erakundeotan ez dela, aspaldian, akordio potolorik lortzen?; alda ditzagun arauak, indargabetu ditzagun «akordioen aurkakoen» bozak -bost axola gehiengoa badute- eta lortuko dira akordioak! Zertarako dituzte, bestela, erakundeok, harmonia soziala irudikatzeko ez bada?
Langile jendearen zati handi batek bizi duen egoerari, edota ugazaben eta langileen artean etengabe hazten doan desorekari erreparatuko baliote, ikusiko lukete elkarrizketa sozialaren ajeak arautegi kontuak baino sakonagoak direla. Baina, ugazabak haserretuko lituzkeen eztabaidarik ireki nahi ez dutenez, elkarrizketa eta akordio kosmetikoen alde egiten dute.
Jokabide kaskar hau Eusko Jaurlaritza osatzen duten alderdien eskuineko ikuspegiaren adierazlea besterik ez litzateke, funtsezko arau demokratikoak zapalduko ez balitu. Zapaldu egiten ditu, ordea, eta eskuinkeria demokraziaren aurkako zuzeneko eraso bihurtzen da.
Edozein sistema demokratikok bi printzipio oinarrizko ditu: eragile bakoitzari hautesleek emandako bozen araberako ordezkaritza aitortzen zaio, eta erabakiak ordezkaritza horren gehiengoz hartzen dira. Oinarri horren gainean eraiki eta eratu da, esate baterako, Eusko Legebiltzar bera. Oinarri hori mugituko balitz, goitik behera letorke demokrazia errepresentatiboa deritzan sistema osoa.
EAJ, EA eta EB-Berdeek osatzen duten gobernuari eta Eusko Legebiltzarrari gogorarazi behar zaie alderdi politikoak ez direla hauteskundetan zilegitasuna irabazi eta ordezkaritza maila neurtzen duten erakunde bakarrak; sindikatuok ere, hauteskundeak izaten ditugu, arau zorrotzak jarraituz egiten direnak; hauteskundeok zehazten dute sindikatu bakoitzak, lantegiz lantegi, irabazitako ordezkaritza eta gaitasun juridikoa.
Sindikalgintza abertzaleak jasotako babesari dagokionez, 2006ko amaierako datuek argi erakusten dute ELA eta LABek aise gainditu dugula ordezkari guztien gehiengo osoa. Are gehiago, kontua ordezkaritza handiena edo «más representativo» izatea lortu dutenen artean egingo bagenu -hauei bakarrik aitortzen zaie ordezkaritza instituzionala-, sindikatu abertzaleok ordezkaritzaren ia bi heren eskuratuko genituzke. Konpara bitza Ibarretxeren hirukoak datu hauek bera sostengatzen duten alderdiek Legebiltzarrean duten ordezkari- tzarekin, sindikatuon gehiengoz erabakitzeko eskubidea desitxuratzen hasi aurretik!
Gobernuko eta Legebiltzarreko jaun-andreak: langileek emandako ordezkaritza ez da politikarien edo patronalaren komenentziara erabiltzeko, bere horretan errespetatzeko baizik. Errespeta ezazue.