euskal herriko oinarrizko hezkuntza akordioa
Hezkuntzaren inguruko eztabaida soziala bultzatuko du NGBk
Nazio Garapen Biltzarrak urrian «Euskal Herriko Oinarrizko Hezkuntza Akordioa" ezagutarazi zuen, eta eztabaida gizarteratzeko xedez, hainbat bitarteko jarri ditu martxan: hainbat eskualde eta hezigunetan egingo dituzten aurkezpen batzarrak eta web orria. Bitarteko horien bidez, akordioaren inguruko atxikimenduak jasotzeaz gain, ekarpenak, proposamenak eta kezkak biltzeko parada izango da.
Oihana LLORENTE | DONOSTIA
Joan den urrian, Nazio Garapen Biltzarrak «Euskal Herriko Oinarrizko Hezkuntza Akordioa» aukeztu zuen Euskal Herriak bizirik irautea ziurtatuko duen hezkuntza sistema propioa zehaztu eta garatzen hasteko. Hezkuntza komunitateko makina bat pertsona ezagunek babestu zuen akordioa, eta bertan, euskal herritarren hezkuntza eskubideak izendatzearekin batera, eskubide horietan oinarri izango duen publikotasunaren beste definizio bati bide eman zioten. Atzo, berriz, hartutako akordioaren bitartez eztabaida bultzatzeko eta hezigune guztietara hedatzeko konpromisoa berretsi zuten Nazio Garapen Biltzarraren (NGB) Hezkuntza Batzordeko hainbat kidek Donostian egin zuten agerraldian.
Egungo zatiketa sozialaren arriskuak gainditu eta euskal herritarrek nolako hezkuntza sistema nahi duten definitzeko sasoia dela adierazi zuen Abel Ariznabarretak, Lakuako Gobernuko Hezkuntza sailburuordeak eta EHUko irakasleak.
Nazio Eztabaida Guneak 2005. urtean egindako Nazio Planean hezkuntza sistema nazionala eraikitzeko erronka onartu zuen, eta joan den udazkenean jaso zuen ereindako lanaren lehendabiziko fruitua. Urrian, Miramar jauregian egindako agerpen publikoan, hezkuntza eremuko eta hainbat sektoretako hamarnaka kidek eztabaida horren abiapuntu izan nahi duen «Euskal Herriko Oinarrizkoa Hezkuntza Akordioa» aurkeztu zuten.
Atxikimendu ugari izan zuten orduan, eta orain, indar bilketa egiten jarraitzeko asmoz, bitartekoak martxan jarriko dituztela jakinarazi zuten atzo. Es- kualdeko eta heziguneetako aurkezpenak edota abian jarri berri duten www.hezkuntzaakordioa.net web orrialdea dira martxan jarritako tresna esanguratsuenak.
Abel Ariznabarretarekin batera, Hik Hasiko kide Joxe Mari Auzmendi, EHBEko Edurne Larrañaga eta Seaskako kide Maite Bergara bildu ziren Donostian egindako agerraldian. Eztabaida herriratu beharraren premiaz luze eta zabal aritu ziren agerraldian. «Egon daitekeen borondateari bide emateko eta ahaleginak bateratzeko» aukeratzat jo zuten eskualdez eskualde antolatuko dituzten batzarrak. Bertan, pertsonen atxikimenduak biltzeaz gain, ekarpenak egiteko beta ere izango dela adierazi zuten.
Udaberrian ekitaldia
Nafarroako hiriburuan izango da lehendabiziko ekimena datorren ostegunean. Arratsaldeko seietan hasiko da batzarra Alde Zaharreko San Frantzisko eskolan, hain zuzen ere. Aurkezpenen egutegi osoa web orrian egongo bada ere, eskualde eta heziguneek, eskaera eginez gero, batzarra egiteko aukera izango dute.
Hezkuntza eragileekin harreman iraunkorra mantentzea eta haien babesa jasotzea izango da udaberrira bitartean Nazio Garapen Biltzarreko Hezkuntza Batzordeak egin beharreko beste zereginetako bat.
Datorren udaberrian, jasotako atxikimendu eta ekarpen guztiak gizarteratzea eta «Euskal Herriko Oinarrizkoa Hezkuntza Akordioa» zabaltzea helburu izango duen ekitaldi bat egitea aurrez ikusi dute Nazio Garapen Biltzarreko Hezkuntza Batzordeko kideek. Ekitaldian, hezkuntza sistema erdiesteko egin beharreko urratsez hitz egingo dute.