Europako Konstituzioaren berregituraketa proposatu dute Berdeek
Idoia ERASO |
Europako Parlamentuko presidente orde eta Berdeen partiduko kide Gérard Onestak «A+» bere plana aurkeztu zuen atzo Baionan. Europako Itun Konstituzionalaren egituraren moldaketa den bere proposamenak geldirik dagoen konstituzioaren afera berriro abian jartzea du xede.
Europako Parlamentuko presidente ordeak adierazi zuen 2005ean aurkeztu zen Europako Itun Konstituzionalak oinarrizko konstituzio batetik kanpoko gaiak jorratzen dituela. Beraz kons-tituzioaren parte izan beharko luketen eskubideak eta eskumenak ezarri ditu «A+» egitasmoan, aldaketa txiki batzuekin ahalik eta adostasun gehien lortu nahian.
Gérard Onestak aurkeztu planak lau ezaugarri dituela nabarmendu zuen. Lehenik eskubide eta eskumenak definitzen dituen «konstituziotik» kanpo gelditzen diren tratatu eta bestelako osagaiak indarrean dagoen Nizako tratatuak ezartzea proposatzen du. Bigarrenik, politika den guztia konstituziotik ateratzea proposatzen du Onestak. Bestalde, hitzartutako testuak herritarren oniritzia izatea derrigorrezkotzat jo zuen Berdeak taldeko kideak. Azkenik, bere proposamenaren punturik eztabaidagarriena aurkeztu zuen. Hau da, oinarrizko testua, aho batez ez bada ere, aldatu eta garatu ahal izatea proposatzen du.
«A+» testua kontsentsua bilatzeko egina izan da, Europar Batasunak ahalik eta lasterren konstituzio bat izan dezan. Horrela, parlamentuan geroz eta botere gehiago duten liberalen eta nazionalisten boterea gelditzea da asmoa.
Europa hauteskundeetan
Estatu frantsesean egiten ari diren hauteskundeetarako kanpainan bi gai jorratuko dituztela adierazi zuen Onestak.
Beste partidu politikoek beraien gai zerrendan sartu duten ingurumenarekin batera, Europar Batasunaren gaiari garrantzi handia emanen diotela jakinarazi zuen Berdeen kideak.