Harrera ona egin zaio euskal emakumeak omentzen dituen manifestuari
Korrika 15ek euskararen alde aritu diren emakumeak omenduko ditu aurten. Hori dela-eta manifestu bat aurkeztu zuten atzo AEK-ko eta Korrika-ko antolatzaileek, hari atxiki zaizkion hainbat emakume talderekin batean. Sinadurak biltzeko deialdia zabaldu zuten.
GARA |
Atzo aurkeztu zuten emakumeek historian euskararen alde egindako lana omentzen duen manifestua. Emakundek, Bilgune Feministak, Mujeres Progresistas de Nafarroa, Ahotsak eta bertze hainbat taldek beren atxikimendua erakutsi zuten Gasteizen egindako aurkezpenean. Bertze talde anitzek ere eman dute sinadura, eta oraindik egin ez duenak www.korrika.org orrialdean edo AEKren euskaltegietara joanez eman dezakeela gogorarazi zuten antolatzaileek. AEK-ko koordinatzaile nagusi Mertxe Mujikak eta Korrika 15en arduradun Edurne Brouardek azaldu zuten: «Helburua ekimena ahalik eta gehiena hedatzea da, euskarak aurrera egingo badu, gaur egungo emakumeoi dagokigulako lekukoa hartzea, gure hizkuntzaren berreskurapena eta iraupena bermatzeko».
Manifestua
Sarrea moduan, Karrantzako Pozalagua kobazuloan dauden estalaktita batzuei buruz mintzatu ziren. Dirudienez, estalaktita horiek bereziak dira goitik behera joan beharrean ezkerretik eskuinera egin direlako. Manifestuan, euskaldunekin alderatu dituzte: «Elkar jo gabe, nork bere nortasunari eutsiz, baina sarea behar den moduan egituratzeko, ondokoaren laguntza eta itzalaren babesean sortu dira». Horrela azaldu dute euskaldunek eraiki duten herria, eta emakumeek sare hori lantzen izandako parte-hartze ezinbesteko eta garrantzitsua nabarmendu nahi izan dute. Idazkian kontatzen dute: «Garai desberdinetan zehar emakumeak izan gara, euskararen aurka izan diren legeei aurre eginez, gure hizkuntza etxeetan gorde, atxiki eta ahoz aho iraunarazi dugunak». Historian ibildea marraztu eta egoera ezberdinak aipatu dituzte: «Gerra garaian, nahiz baserrian nahiz itsaoan gizonezkoak falta zirela, Francoren garaian hegoaldean eta jakobinoenean iparraldean... belaunaldiz belaunaldi emakumea izan da gotorleku garrantzitsua. Berak bermatu du gaur arteko transmisioa».
Gaur egun emakumeak duen papera ere aipatzen da, herri txikienetako eskoletatik hasi eta Euskaltzaindiraino, kultura esparruetatik pasatuta. Amaitzeko, etorkizunean ere lan horretan segitzeko konpromisoa hartzen dute sinatzaileek, Korrika-n gertatzen den moduan, «lekukoa hartuta», adierazi zutenez. Eurekin bat egiteko deia zabaldu diete euskararen alde jardun nahi duten emakumeei.