GARA > Idatzia > Euskal Herria

Auziperatuek leporatutako ekintzak ukatu dituzte Auzitegi Nazionalean

Atzo hasi zen 8/97 sumarioan auzipetutako hamabi nafarren epaiketa. «Kale borroka" leporatzen zaie, baina denek ukatu zuten aipatutako ekintzetan parte hartu izana. Torturapeko adierazpenak salatu zituzten.

GARA |

Herenegun hastekoa zen epaiketa, baina bertan behera geratu zen ustez fiskalen artean emandako aldaketa batengatik. Hori dela eta, atzo goizean burutu zen lehenengo saioa Auzitegi Nazionalean. Hamabi auzipetuek egin zituzten adierazpenak, eta horietan, denek bat egin zuten leporatutako ekintzen berri ez zutela eta horietan parte hartu izana ukatuz. Horrez gainera, horietako batzuk beraien burua edo hirugarren pertsonak erruduntzat jotzen zituzten adierazpenak tortura eta mehatxuen bidez lortutakoak zirela salatu zuten. Dirudienez, adierazpen horiek dira auzipetuak kale borroka ekintzen egiletzat jotzen dituzten froga nagusiak.

Auzipetuek uko egin zioten fiskalaren eta akusazio partikularraren galderei erantzuteari, eta defentsa abokatua den Amaia Izkoren aurrean bakarrik deklaratu zuten.

Datorren ostegunean segituko du epaiketak, fiskalak adin txikiko batzuk lekuko bezala deklaratzera deituko dituelarik.

 

401 urteko zigor-eskaria

Duela ia hamabi urte atxilotu zituzten Iruñerriko bizilagun horiek, hamalau adin txikikorekin batean. Fidantza ordainduta atera ziren gehienak eta iazko abuztura arte ez zuten berri gehiagorik izan. Adin txikikoak kargurik gabe utzi zituzten, euren kontrako «frogarik ez zegoela eta». Joan den irailan hasi beharrekoa zen epaiketa, baina atzeratu eta pasa den ostegunerako hitzartua zegoen. Orduan ere ez zen hasi, atzo baizik.

Fiskalak 401 urteko zigorrak eskatzen ditu guztira, horien artean 9 eta 56 urte bitarteko eskariak daudelarik. Kontuan hartzekoa da gisa horretako auzipetze kasu ezagunetan zigor eskari handiena duena dela. Horrez gainera, hamaika urte hauetan inolako neurri edo pausorik ez denez eman, prozesua orain hasteak harritu egin ditu.

Aurreko egunetan eginiko adierazpenetan, epaiketa horren izaera politikoa salatu zuten. Izan ere, beraientzat hain zigor eskari handia egiten den bitartean, hainbat kasu larritan auzipetutakoak libre daudela gogoratu zuten. Adibide gisa jarri zuten Pilar Rubio, Angel Berruetaren heriotzan zuzeneko eragilea izanik, gaur egun kargurik gabe aske dagoela, baita GALeko kideen eta Galindoren kasuak ere. Horrez gainera, ez zuten aipatu gabe utzi nahi izan tratu txarrak leporatzen zaizkion bat lau urteko zigorra beteta kaleratzen dela eta kutxazain bat erretzeagatik 56 urte eskatzen direla. Hori hala izanik, epaiketa politikoa dela garbi ikusten dute auzipetuek.

Bertzalde, frogarik ez dagoela eta inkomunikazio egoeran eurek egindako adierazpenak torturapean lortu zirela argi utzi nahi izan zuten.

« y taldeak"
1996 urte inguruan, PP Gobernura iritsi zen garaian, ordu arte kale aztoratze hutsak zirenak kale borroka deitzen hasi ziren. Horietan aritzeak berriz, «Y taldeen" partaide egiten zuen bat. Auziperatuen ustez, «gazte ezkertiar eta abertzaleekin bukatzeko" asmatu zituzten «Y taldeak".

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo