GARA > Idatzia > Euskal Herria

Zaldibiako Udal taldea Hodei Galarraga «seme kuttun" izendatzeagatik Auzitegi Nazionalean

GARA |

Atzo deklaratu zuten epailearen aurrean Zaldibiako alkate izandakoak eta zortzi zinegotziek. «Terrorismoa goraipatzea» egotzi diete herriko gazte bat omentzeagatik. Hodei Galarraga zaldibiarra 2002an hil zen lehergailu batek eztanda egin zionean. Udaletxeak «seme kuttun» izendatu zuen, herrian oso maitatua baitzen, orduan alkatea zen Augus Mujikak azaldu zuenez. Bera da bederatzi auzipetuetako bat.

Fiskalak 16 hilabetetako zigorra eskatu du bakoitzarentzat, aipaturiko omenaldiarekin «terrorismoa goraipatzea » leporatuz. Atzo epailearen aurrean egindako adierazpenetan, «seme kuttuna» izendapenak herrian maitatua zen gaztea omentzea bertze helbururik ez zuela azaldu zuten auzipetuek, eta ez fiskalak dioen bezala, «hijo predilecto» izendapenak izan dezakeen zentzua. Horregatik, itzultzaileen lana bereziki garrantzitsua iruditzen zitzaion Iñigo Iruin, defentsa abokatuari, eta epaitegiak jarritako itzultzailea baino egokiago iritzi zion Saioa Mendiguren, Zaldibiako idazkariaren parte hartzeari. Izan ere, Mendiguren hizkuntzalaria da, eta «kuttun» hitzaren ezaugarriak hobeki azalduko dituela uste du abokatuak. Aipaturiko hizkuntzalariak atzokoan bertan egoterik ez zuenez, datorren astean bertze saio bat egiteko hitzartu ziren. Iruinek epaiketa Donostiako auzitegian egiteko ere eskatua zuen, haren ustez Madrileraino joan beharrik ez zegoelako, baina ez zuten onartu eta han egin behar izan zuten lehenengo saioa.

Atzo goizean lau zinegotzik egin zituzten adierazpenak, eta arratsaldean lekukoen txanda izan zen, hamabi herritarrena hain zuzen ere. Augus Mujikak adierazi zuenez, herritarrek autobus bat bete zuten eurekin Madrilera joateko. Herrira itzultzear zela, han ere zain izango zituztela adierazi zuen. Izan ere, 1.500 biztanleko herri txikia izanik, oso elkarturik omen daude, eta hori ere azaldu zuten epailearen aurrean, horrek zerikusi handia baitu, alkatearen erranetan, Hodei Galarraga herritarra gogoan hartzearekin. Gazte horrek herriko ekimenetan zuen parte hartze handia aipatu zuen, eta horregatik oso ezaguna eta maitatua zela herrian .

AVTren eskaera

Epaiketak asteartean segituko du, eta orduan defentsak «seme kuttuna» izendapena argitzea espero du eta gaztea herrian maitatua zela garbi gelditzea. Mujikak gaineratu zuenez, ez da lehen aldia horrelako izendapenak egiten direla, aurreko legealdietan izandako alkateek ere egoera berezietan zendu edo herrian bereziki maitatua ziren pertsonak aspalditik omendu omen ditu, izaera politikoaz harago dagoelako egitasmo hau.

Akusazio partikularrak hiru urtetako zigorra eskatu zuen. Eskaera horren oinarrian Hodei Galarragaren errauste eta gainerako prestaketen gastuak Udalak bere gain hartu zituela dago. Dena den, Mujikak azaldu zuenez, «fiskalak ez duela eskaera bera eginen ematen du».

Hodei Galarraga zaldibiarra 2002an hil zen Basurton, Egoitz Gurrutxaga gaztearekin kotxean zihoala. Lehergailuak eztanda egin zuen martxan zirela. Zaldibiako Udalak, herriaren ordezkari moduan, ikurrina jaitsi eta zinta beltza jarri zuen dolumina erakusteko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo