Emakumeen liga
Eurokopa ahaztu eta ligan zentratu beharra dauka Hondarribia-Irunek
GARA | HONDARRIBIA
Emakumeen Eurokopatik at geratu berri da Hondarribia-Irun, Faenza talde italiarraren aurka kanporaketa gogoangarria jokatu ostean. Ez dauka, ordea, talde gipuzkoarrak atzera begira galtzeko denborarik, dagoeneko Emakumeen Ligako 18. jardunaldia ate joka ari baitzaio.
Extrugasa talde galiziarra izango da hondarribiarren aurkaria arratsaldeko zazpietatik aurrera jokatuko den neurketan.
Ostegunean jazotako kontuak ahalik eta arinen ahaztu beharko ditu Jon Txakartegik zuzentzen duen taldeak, bere aurkaria ligan nahiko txukun dabil-eta. Hamar garaipen erdietsi dituzte galiziarrek, hondarribiarrek adina, alegia, eta uneotan sailkapeneko zazpigarren postuan daude, gipuzkoarren atzetik.
Txakartegiren neskek argi ibili beharko dute Extrugasaren bosteko nagusiarekin, batik bat Ciudariene eta Hill eta Tuukanenekin, saskiratzaile arriskutsuak baitira.