Pilota Berezkoen Bakarkakoa
Mauleko trinketak berriro ere irekiko ditu ateak
Glaria dozena bat urte pasa itxita egon da, eta dena berritu ostean, gaur final- laurdenetako partidak hartuko ditu; aurrerantzean gehiago izango dira
Jon LEUNDA | MAULE
Berezkoen final-laurdenetako lehenengo partidak jokatuko dituzte gaur, Maulen, Glaria trinketean (17.00). Zuberoako hiriburuko trinketa dozena bat urte itxita egon da, eta, berriro ere, dena berritu ostean, ateak zabalduko ditu. Hori berri oso ona da pilotarako. Hamabi urtean partidarik ez da izan Glarian, eta profesionalen azkeneko partida jokatu zutela, oraindik eta urte gehiago pasatu omen dira.
Glaria trinketeko harmailak erabat zaharkitu ziren, eta azkenerako harmailak itxi behar izan zituzten, jendea bertan sartzea arriskutsu bihurtu baitzen. Horrek lehiaketa ofizialak eta lagunartekoak ez jokatzea ekarri zuen. Dena dela, trinketa bera erabiltzeko moduan zegoen, eta pilotariek entrenatzeko erabiltzen zuten.
Urte asko pasatu dituzte konpontzen hasteko, gehiegi, baina azkenean egin dute, eta orain berriro ere lehiaketak hartu ahal izango ditu. Gaur jokatuko dituzte lehen aldiz partidak; eta profesionalenak, gainera.
«Trinket garrantzitsua zen Glaria. Nik uste dut Moderne Baionakoarekin, Garat Donibane Garazikoarekin, Hazparnekoarekin edo Baigorrikoarekin alderatuta, bera zela garrantzi- tsuena. Jendeak erruz erantzuten zuen, eta hemendik aitzinera, berriro ere lehengora itzultzea garrantzitsua izango litzateke», esan du Mixel Etxetok, Federazioko kideak. Glaria trinketa berriro ere zabaldu ostean, asko aldatuko da Zuberoaren egoera urte bakar batean. Izan ere, Larrainen eta Eskiulan bakarrik jokatzen zituzten lehiaketa ofizialak, eta orain lau trinket dituzte. Maulen, gaur zabalduko dute, eta orain dela urtebete, Gerendaingo trinketa ireki zuten.
Muskarditz ez da arituko
Hala ere, final-laurdenetako partida bakarra hartuko du; izan ere, Ozafrainek eta Muskarditzek jokatu behar zuten partida bertan behera utzi dute. Donibane Garaziko pilotariak joan den asteleheneko partida nahiko gaizki amaitu zuen eskuetatik, eta ezin izan da osatu. Horregatik, gaur ezingo du jokatu, eta arautegiaren arabera, kanpoan geratuko da. Ozafrainek aurrera egingo du, eta datorren ostiralean Pauen jokatuko duten finalerdietan izango da. Gaur partida bakarra ez izateko, ordea, Ozafrainek eta Ezkurra II.ak lagunarteko neurketa jokatuko dute jaialdia hasteko.
Bigarren norgehiagoka final-laurdenetakoa izango da, eta bertan, Sorhuet eta Kurutxari lehiatuko dira. Kanporaketa hori ere erakargarria da, eta ez da erraza esatea bietan zein izango den faboritoa. Biek erraz irabazi zuten final-zortzirenetako norgehiagoka, eta gaur ere bietako edonor da irabazteko gai. Sorhuet aurrelaria da, eta Kurutxari, atzelaria.