GARA > Idatzia > Kirolak

Pilota Binakako Txapelketa

Faboritoek bizirik jarraitu nahi dute nafarren lehian

Irujok eta Goñi III.ak irabazi beste aukerarik ez dute, Labriten, Bengoetxea VI.aren eta Patxi Ruizen aurka

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Juan Martinez de Irujok eta Fernando Goñik, Binakako Txapelketan faborito nagusitzat jo dituzten pilotariek, irabazi beste aukerarik ez dute gaur Labriten (17.30, Tele5) jokatuko den norgehiagokan. Aurreko igandean, Bergarako Udal Pilotalekuan, Oinatz Bengoetxearen eta Patxi Ruizen aurka 22 eta 21 galdu ostean, 2005eko txapeldunak irabaztera behartuta daude finalerdietako ligaxkan sartzeko aukerei eutsi nahi badiete.

Hori horrela, sekulako giroa espero da gaur arratsalderako Labriteko harmailetan. Ez alferrik, lau pilotariak nafarrak dira, eta asteazkeneko pilota hautaketan ikusi ahal izan genuen Iruñeko zaleak pilota gose ikaragarriz dabiltzala. Bergarakoaren hiru laurdenak jokatuta ere, ziur jendea pozik irtengo dela frontoitik.

Arretagune nagusia Irujo izango da beste behin. Iberoko aurrelariak eskuko minarekin amaitu zuen lehen norgehiagoka, baina adierazi duenez ez du arazorik izango gaur jokatzeko. Astean zehar hotza eta masajea jaso ditu eskuan, eta joko onena erakutsi beharko du kanporaketa berdintzeko.

Beste aldean, berriz, lehiaketak aurten izan duen bikote aldrebesena izango da. Oinatz Bengoetxeak eta Patxi Ruizek ere, beren gaurko aurkariek bezalatsu, txapela irabazteko faborito gisa ekin zioten Binakakoari. Jokorik hartu ezinda ibili dira, ordea, lehen ligaxkan, eta jokatutako lau neurketak galdu zituzten. Eta hara non, final-laurdenetako lehen partida erabakigarrian, faboritoak kinka larrian jarri zituzten sekulako erakustaldia emanda.

Lorpen horretan zeresan handia izan du Patxi Ruizen susperraldiak. Lizarrako atzelaria ongi gozatuz eta lasai jokatzen ikustea gozamen hutsa da pilotazale ororentzat, eta Bergaran atzelariaren bertsio eder horretaz gozatzeko aukera izan genuen.

Horixe izango da, gaur ere, norgehiagoka alde batera edo bestera eraman dezakeen gakoa. Ruizek Fernando Goñi errebotean sartuta edukitzea lortzen badu, Irujori lanak pilatuko zaizkio, eta Oinatzek tantoa amaitzeko aukerak izango ditu. Baina atzean horrelako alderik ez bada izaten, oso zaila izango da Asegarcekoentzat Irujoren erauntsia gelditzea.

AURREKARIA
Bi bikote horien arteko ligaxkako neurketa ere Labriten jokatu zuten urtarrilaren 20an, eta, orduan, Irujok eta Goñik 22-19 menderatu zituzten Bengoetxea eta Patxi Ruiz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo