GARA > Idatzia > Kultura

Berrigara gutun lehiaketa irabazi du Oihan Zubizarreta arrasatearrak

GARA | BERGARA

«Goizero entzuten du tabernariak irrati esatariaren programa eta zeharo maiteminduta dauka. Bazkalostean kafea hartzera datorkio tabernara eta betiko hitz solteez gain beste zerbait esan nahiko lioke, baina ez da ausartzen. Irrati esatariaren hitz goxoren bat ere jaso nahi luke,... Ez du esperantza galtzen». Hori da Oihan Zubizarretak Amodiozko Gutunen XV. Berrigara lehiaketara aurkeztu duen lanaren argumentua. Epaimahaiak lehenengo saria (450 euro) eman dio, hauxe nabarmenduz: «Oso ondo idatzitako gutuna, egitura egokia erabiliz eta egoerak ondo deskribatuz».

Bigarren saritua, 240 eurorekin, Iñaki Serrano eibartarra da. Bere lana «oso originala» dela esan dute; «beste gutunetatik gehien bereizten dena. Maitasuna zientifikoki formulatzen du».

Miren Agur Meabe idazlea, Uxue Alberdi idazle eta bertsolaria, Garbiñe Insausti kantaria eta Karlos Aizpurua, iazko irabazlea, aritu dira epaimahian. Orotara 37 izan dira aurkeztutako gutunak.

Lehiaketan bergarar Onena ere saritu dute, eta Nerea Urzelairen gutuna izan da garaile (150 euro). Epaile lanetan aritu direnek zera esan dute: «Joko polita egiten du anorexia pertsonifikatuz».

Epaimahai gaztea

Eneritz Zuazolazigorraga, Judith Martinez, Loitzune Larrañaga, Idoia Ramirez de Okariz, Itziar Perez eta Ane Elorza, bestalde, epaimahai gazteko kide izan dira oraingo honetan. Irakurle gazteek 26 urtetik beherako onenari emandako saria Ainhitze Errastik lortu du (100 euro).

SMS bidezko V. Maitasun Mezuen Lehiaketan, aldiz, 18 mezu aritu dira lehian, eta Goizalde Hernando izan da garaile (90 euro). Hauxe dio: «Gra2tat indrraz ny nuke jabtu, zre grputza nigna erkrtzeko. Uneoro zu nre ganean, ni zre azpian eotko. Newton ta bre sagarra. Zu ta ni.». Sariak asteazkenean banatuko dira, 19.00etan, kultur etxean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo