Hasiera onak
Liburuen hasiera onak asko dira Literatura Unibertsalaren Historian, batzuen batzuk ezagun ere egin dira. Liburu osoa irakurri gabe ere, badakigu hasiera esanda zein liburutaz ari garen
Kirmen Uribe
Idazlea
Garrantzitsuak dira hasierak. Bizitzako alor guztietan halaxe esan ohi da. Ondo hasi behar dela. Horixe esaten da maitasunari buruz ere. Inportantea dela ondo hastea harremana, gauzak erraz doazela sentitzea. Gauza bera gertatzen da liburuekin. Hasierak ona izan behar omen du liburu on batean, eta erraz sartu behar zaio irakurleari. Hasiera hori irakurri eta gero, irakurleak jarrai dezan liburua irakurtzen. Liburuen hasiera onak asko dira Literatura Unibertsalaren Historian, batzuen batzuk ezagun ere egin dira. Liburu osoa irakurri gabe ere, badakigu hasiera esanda zein liburutaz ari garen.
Nik, esate baterako, Carson McCullersen «Bihotza ehiztari bakartia» da izeneko nobelaren hasiera dut gustuko. Halaxe dio: «Hirian bi mutu zeuden, eta beti zeuden elkarrekin». Badaki- gu nortzuk diren protagonistak eta badakigu haien egoera, bakarrik daudela, bazterrean daudela alegia.
Baina hasierei buruz ari naizela, egunkari honetan bertan irakurri dut asteon Gabriel Garcia Marquezek nola idatzi zuen «Cien años de soledad» eleberri entzutetsua. Liburu horren hasiera ere famatua da oso, eta egia da mundu bat zabaltzen duela hiru-lau lerrotan.
Hilabete gutxi batzuetan idatzi omen zuen Garcia Marquezek nobela, Mexicoko etxean sartuta. Ez zuen beste ezer egiten. Egunak joan eta egunak etorri, eleberria idatzi besterik ez. Eta horren denbora gutxian idatzi zuen nobela, aurretik buruan ondo idatzita zuelako. Urte askoan egon zelako beraren bostean nobela hartako pasarteak irudikatzen. Baita tonua ere. Eta erritmoa. Musika hura izan zuen buruan luzaroan. Eta musika hari hitzak jartzea baino ez zitzaion falta.
Azkenerako, nobela buruz esateko moduan omen zegoen gizona, eta atera ere halaxe atera zitzaiola barrutik, dena jarraian. Hori bai, bi adiskide on zituen ondoan esateko idazten ari zena ona zen, ala beste egosialdi bat merezi zuen testuak. Nor bere buruaz gehiegi fidatzea ez baita ona.
Eta adiskideei buruz ari naizela, gordean nuen kontu bat etorri zait burura.
Denbora daramat eleberri batekin buruan. Eta neu ere hasiera on baten bila ibili nintzen hastapenetan, aurkitu nuen bat azkenean, duela bi edo hiru urte: «Jaio zenerako, etxea hondakinetan zegoen». Huraxe zen esaldia. Miste- riotsua zela iristen nion, jakinmina sortuko zuela nonbait. Pozarren nengoen hasierarekin eta lagun minei irakurri nien, nire irizpideaz seguru. Mikel Urdangarinekin eta Arkaitz Basterrari hain zuzen ere. Haiek ondo iritzi zioten hasierari, baina nobela bukatu orduko aldatu egingo nuela iragarri zidaten. Nik ezetz, ez nuela aldatuko. Gauzak horrela, apostua egin nuen haiekin nobela bukatu arte hasiera berari eutsiko niola. Haiek ezetz, aldatu egingo nuela eta ez banu aldatuko, seinale txarra izango zela gainera.
Hiru urtera goaz. Eta uste dut apustua galdu egingo dudala. Izan ere, garrantzitsuak dira hasierak.