«Autodeterminazioa eta amnistia" nazio manifestazioa hilaren 24an
Espetxe politikak «sustrai eta helburu politi- koak" dituen neurrian, irtenbideak politikoa behar duela izan argi dute atzo Tolosan batzartu ziren Amnistiaren Aldeko Mugimenduko ehunka kideek. Bat egiten dute, beraz, Euskal Preso Politikoen Kolektiboak abiatu berri duen borrokaldiarekin, eta «autodeterminazioa eta amnistia Euskal Herriarentzat" lelopean aterako dira kalera Bilbon, hilaren 24an.
Gari MUJIKA |
Amnistiaren Aldeko Mugimenduak bere egin du Euskal Preso Politikoen Kolektiboak otsailean abiatu duen borrokaldia dela-eta zabaldutako deialdia: Bilbon, hilaren 24an, «Autodeterminazioa eta amnistia Euskal Herriarentzat» leloa duen nazio manifestazioa egingo dute. Hori jakinarazi zuten, atzo, Tolosako Beotibar pilotalekuan elkartu ziren lagunek. Euskal preso politiko ohiak, senideak eta, oro har, mugimenduan hainbat eratan aritzen diren seiehun bat pertsona izan ziren Tolosan.
Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren izenean, Joxean Agirrek eta Xabin Juaristik hitz egin zuten hedabideen aurrean. Haiek azaldu zutenez, Beotibarren batu ziren seiehun lagunek, besteren artean, urrian abiatu eta urtarrilaren 20an amaitu zen Ekimen Ibiltaria aztertu zuten ezer baino lehenago. Euskal preso politikoen eskubideak babesteko egindako ekimena positibotzat jo zuten partaideek; gose-grebetan 319 lagunek hartu dute parte orotara, baina ekimenaren inguruan antolatutako mobilizazioetan 16.630 pertsona bildu direla nabarmendu zuten.
Gatazkaren ondorio
Gainera, Euskal Herria ekialdetik mendebalera eta hegoaldetik iparraldera zeharkatu du egitasmo ibiltariak, eta zio nagusia, konpromisoa hartzea, positibotzat jo zuten. Hain zuzen ere, euskal presoen eskubideak babesten lan egiteko konpromisoak. «Euskal Herriko gehiengo sozialarekin izan gara, eta presoen eskubideen alde egin dute», adierazi zuten jarraian.
Ekimenaren azterketa egindakoan, gaur egun preso politi- koek bizi duten egoeraren gainean hausnartu zuten bertaratu ziren ehunka lagunek. Alde horretatik, Euskal Preso Politikoen Kolektiboa (EPPK) existitzea Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoari estuki lotua dagoela nabarmendu zuten; hau da, zio politikoak dituen gatazka politikoa bizi duela Euskal Herriak, eta horren ondorio dela Kolektiboa bera.
Hori hala izanik, gatazkaren izaera politikoak konponbide politikoak behar dituela adierazi zuten. Aldi berean, euskal presoen izaera politikoa aitortzea bertan sartzen dela ondorioztatu zuten.
Gogoeta hori oinarri hartuta aritu ziren eztabaidan pilotalekuan bildu zirenak; eta testuinguru horretan kokatu zuten preso politikoek otsailean abiatu duten borrokaldia, bai eta horrek «Euskal Herriak herri gisa dituen erronketan izan nahi duen» ekarpena ere.
Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren esanetan, espetxe politikak eta haren ondorio guztiek helburu politiko bera dute: «Espetxe politika xantaia politikorako eta mendekuak bultzaturik erabiltzen badute, bihar konponbiderako eta gatazka iraganeko faktore bilakatzeko erabili behar da», nabarmendu zuen Joxean Agirrek.
Egoera alderantzikatzearen alde egin behar dela gaineratu zuen; hain zuzen ere, gatazka politikoan sartzen diren elementuak konponbiderako baliatzeko. «Euskal Herrian, konponbideak eta bakeak izen- abizenak ditu: herri izatea politikoki aitortzea, eskubide guztiak errespetatzea, autodeterminazio eskubidea, barne eta lurralde zatiketa gainditzea. Klabe horietan jarri behar dira esparru guztiak, eta bide horretarantz egin urratsak», jarraitu zuen Joxean Agirrek Amnistiaren Aldeko Mugimenduak ustez egin beharrekoak azaltzen.
«Erabateko aldaketa» behar da
Konponbiderako beharrezkoak diren klabe horiexek espetxe politikan aplikatu behar dira, eta horretarako, Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren ustez, «erabateko eraldaketa» gertatu behar da.
«Aitortza politikoa presoentzat, eskubide guztiak errespetatzea eta Euskal Herrian izan daitezela, gainerako herritar guz- tion baldintza beretan bizi eta parte hartzeko. Estatus politikoa horixe da», nabarmendu zuen bete-beterik agertzen ziren harmailen aurrean.
Ildo beretik, «gezurrezko eztabaidak alboratzeko garaia» dela aipatu zuten, eta honakoa erantsi: «Konponbideaz hutsean hitz egin baino, konponbidea ekarriko duten eskubide eta urratsen alde indar egiteko garaia da. Autodeterminazio eskubidearen alde, lurralde batasunaren alde eta honekin batera herri honek bere etorkizunaren eraikuntza askatasunez burutu ahal izan dezan amnistiaren alde egiteko garaia da». Hitzordua, hilaren 24an Bilbon.