Eskubaloia Euskal derbia
Bidasoak ezinbesteko garaipena lortu du etxean
Lehenengo lerroaren jaurtiketek eta Oleg Erevik atezainaren lan bikainak arnasa eman zion Julian Ruizen taldeari eta, ondorioz, irundarrek hamargarren aldiz irabazi zion jarraian Arrateri Artaleku pabilioian
Arnaitz GORRITI | DONOSTIA
Behar zuen Bidasoak halako garaipen bat ASOBAL ligan eta, bestela ezinean, Arrateren aurkako derbian eskuratu zuen. 26-24 izan zen azken emaitza, eta, partidaren nondik norakoa ikusita, ongi merezita irabazi zuten Julian Ruizen mutilek. Hala, hamargarren aldiz jarraian nagusitu ziren irundarrak Artalekun Arrateren kontra.
Bi ardatz izan zituen irundarren garaipenak: alde batetik, erasoko lehenengo lerrokoen lana itzela izan zen. Stankovi-Nilsson-Tioumentsev hirukoteak lan bikaina egin zuen hala jaurtiketan nola jokoaren gidaritzan. Horrezaz gainera, beren minutuak bapo aprobetxatu zituzten Biblijak eta Aranburuk erasoan, eta Akos Kis fitxatze berriak, defentsan.
Irundarren garaipenaren bigarren ardatza atepean egon zen. Oleg Erevik atezain norvegiarrak partida itzela jokatu zuen. Orotara 14 geldiketa egin zituen, eta segurtasun irudi bikaina eman zien taldekideei. Joan den Munduko Txapelketan geldiketa portzentaia onena zergatik eskuratu duen erakutsi zuen atzo Erevikek.
Hasiera indartsua
Julian Ruizenek oso haisera indartsua egin zuten zati bietan, eta hor oinarritu zuten garaipena. Aurreneko hamar minutuetan, erasoko lehendabiziko lerroaren golei eta Ereviken geldituei esker, markagailuak 7-3 erakusten zuen.
Alabaina, Arrate talde orekatua eta beteranoa da. Iñaki Malunbres atezain nafarraren eskutik eta talde joko egokiari esker, 10-8 hurbildu ziren markagailuan Victor Debreren mutilak. Eibartarren bigarren lerroak min ematen zien irundarrei, Salaberriaren eskutik, batez ere, eta Cuturak zazpi metrotik asmatzen zuen. Aldiz, Malunbresek zazpi metroko hiru jaurtiketa geratu zituen.
Lehen zatiko 11-8aren ondotik, bigarren erdian ere bizi-bizi hasi ziren etxekoak. Defentsa bapo zorroztu zuten eta, Jurkiewiczen jaurtiketengatik izan ez balitz, behin betiko ihes egingo zuketen markagailuan.
Ez zen horrela izan, ordea. Arrateren talde jokoa ez zen oso ona, baina Jurkiewicz azaldu zen gutxien uste zenean. Hala, poloniarrak hiruzpalau gol ia jarraian sartu zituen eta, ondorioz, eibartarrek partidan jarraitu zuten.
Defentsa ere asko gogortu zuten eibartarrek eta bi minutuko kanporatze asko izan ziren. Borroka hartan, Arrate atera zen garaile, eta hamar minuturen faltan, 18-18 ezarri zuen markagailuan Davor Cuturak.
Markagailua estuen zen unean, baina, Viudesek bere mementoa aurkitu zuen. Nilssonek eta Viudesek hiru gol sartu zituzten ia jarraian. 23-21 aurreratu ziren etxekoak.
Ez zeuden irundarrak barkatzeko. Hala, «Pocholo» Moriñigoren golak ere iritsi ziren Arrate presioa sartzen ari zela. Azken kolpea, ordea, Oleg Erevikek eman zuen, Cuturari zazpi metroko jaurtiketa bat geratu zion-eta.