GARA > Idatzia > Kultura

«Kalitatezko edozein testu antzezteko gai da gaur euskal antzerkigintza"

XABIER AGIRRE
Txalo Produkzioak ekoizpen enpresako ordezkaria Yasmina Rezaren «Art" arrakastatsuaren euskarazko bertsioa harrera ezin hobea izaten ari da. Carlos Zabalak zuzentzen duen lana Tolosako Leidor antzokian estreinatu zuten iragan irailean, eta 60 bat funtzio emanak dituzte Euskal Herrian zehar. Arriaga antzokian dira astelehenean eta asteartean.

Izaskun LABEAGA | BILBO

Zertan datza Yasmina Rezaren obraren arrakasta?

Testua oso ona da. Harreman pertsonal guztiak iritzi desberdinak izateagatik puska daitezkeela erakusten du. Itxuraz, gaia oso sinplea da baina hain ederki idatzita dago, hain ondo hasten da, jarraitzen du eta bukatzen da istorio guztia, ezen orain arte ikusi eta irakurri dudan antzezlanik osoenetakoa dela esaten ausartzen bainaiz. Guztia, gainera, umorez bustita. Testua antzeztuta ikusi nuenean, txoratuta gelditu nintzen. Ideia oso-oso originala da.

Bertsio bakarra eta euskara hutsean sortzearen beldur dira konpainia asko.

Arriskua nabaria da. Guk bagenekien testua ona zela, baina bagenekien, aldi berean, maila handia eskatzen zigula bai interpretazio aldetik, bai euskara maialari dagokionez... Bertsio sinesgarria aurkeztu dugu, eta beste batzuetan gertatu ez zaizkigun gauzak gertatzen ari zaizkigu: antzokiak betetzen dira; estreinatu aurretik ia 50 antzezpen salduta genituen, eta ikusleek eskerrak emateko posta elektronikoak igortzen dizkigute.

Julia Marin itzultzailearen lana goraipatu duzue.

Euskara oso jantzia da benetan antzezlanekoa, baina, bide batez, oso kalekoa eta ulergarria; hor dago, uste dut, Juliak egin duen lanaren meritua. Ikusleak gozatu egiten du euskararekin. Aktoreek ere euskara ederra dute. Horrek esan nahi du euskal antzerkia heldutasunera iristen ari dela.

«Artea»k izandako erantzuna aurrekari izan al daiteke munduan arrakasta duten izenburuak euskarara ekartzeko?

Bai. Nik uste dut bai ikuslea bai ofizio osoa beste maila batean gaudela. Gaur egun, kalitatezko edozein testu egiteko gai gara, eta ikuslea ere prestatuta dago gauza onak ikusteko. Duela gutxi arte, euskara umorezko gauza erraz eta arinetara mugatua zegoela ematen zuen.

Euskarara moldatzeko eskubideak lortzeko arazoak izan zenituzten. Ez al da hala?

Euskaraz egiteko aukera genuela helarazi genionean, gaztelaniazko eskubideak beste enpresa baten eskuetan utzita zeuzkala erantzun zigun Rezak. Espainol lurraldearen barruan beste hizkuntzatxo batekin saltsetan sartzeko asmorik ez zuela eta ezezkoa eman zigun segituan. Azkenean, gure kaskagogorkeriarengatik lortu genuen.

Zer ekarri egin dio Txalok Yasmina Rezaren testuari?

Carlos Zabala zuzendariak bete-betean asmatu du muntaiarekin, eta errepartoarekin ere bai. Ekoizle bezala banabil ere, ni aktorea naiz, eta gure hiru antzezleak taula gainean ikusten ditudanean konturatzen naiz gozatzen ari direla; jendea ere gozatzen ikusten dugu, eta hori handia da. Gomendigarria da ez bakarrik antzerkia maite duen jendearentzat, baita euskaldunentzat ere. Gonbidatuko nituzke hain ondo aurkeztuta dagoen halako mailako testu bat ikustera. Inor ez da gogo txarrez aterako! Musika eta eszenografia ere oso egokiak dira.

Rezaren beste lanik taularatuko zenukete?

Ahal izanez gero, agian bai. Hala ere, aurrena gustatu behar zaigu, eta gero, aukera izan. Honekin eduki dugun esperentzia oso ona izan da.

Euskara
«Euskara oso jantzia da benetan antzezlanekoa, baina, bide batez, oso kalekoa eta ulergarria; hor dago Julia Marinek egin duen lanaren meritua"

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo