GARA > Idatzia > Euskal Herria

Antzinako inauteri mitologikoak: sendo lantz herrian eta berreskuratu berriak Asparrenan

Ohiko arauak, itxura eta jokaera aldatzeko garaia da inauteria. Euskal Herriko txoko batzuetan, Lantzen erraterako, urteak daramatzate terapia kolektibo hori egiten. Ilarduian, Eginon eta Andoinen, aldiz, aurten berreskuratu dute gerrak zapaldutako ohitura.

Gerrak dena oztopatu zuen Euskal Herrian, baita inauteriak ere -baieztatu dio Asparrenako Abetto Oribek GARAri-. Ilarduian, Eginon eta Andoinen ez dituzte orduz geroztik ospatu. Azken herri horretan sekulako festa egin zuten egun batean, eta Aguraingo polizia etxean amaitu zuten gehienek, guardia zibilen ziegan». Abetto Oribe «Hamarrak Bat» aldizkarian ari da lanean, eta elkarrizketak egin izan dizkie udalerriko zaharrei. Beti galdetzen zien inauterien inguruan, eta oso istorio politak kontatzen zizkioten. Horregatik aritu da orain dela bost urtetik hainbat lagunekin batera jaien gaineko informazioa biltzen, garrantzitsua iruditzen zaiolako zaharrak hil baino lehen testigantzak jasotzea. Hala konturatu dira Arabako hiru herri horietako inauteriek antz eta aberastasun handia dutela, eta besta gorpuztera eta idaztera animatu dira, jende gehiago erakartzera, adin guztietako bizilagunak inplikatzera. Etxez etxe informazioa eman eta bilerak egin dituzte. Carlos Ortiz de Zaratek, Arabako bi herri inauteri berreskuratzen aritu den apaizak, hitzaldia eman zuen eta berriro besta egiteko adorea eman zien bizilagunei, pertsonaia bakoitzaren erranahia azalduta.

Atzo izan zuten egun handia, antzinako ekitaldiz, pertsonaiaz eta doinuz lehertu baitziren Ilarduian, Eginon eta Andoinen. Hiru herriek besta elkarrekin egitea izan zen berrikuntza bakarra. Batetik bertzera oinez joanda lotu zituzten, Ilarduiatik abiatuta, bazkari eder batean babarrunak eta sakramentuak jan ondoren. Inauterietako protagonista Lastozko Gizona da, azken boladan gertatu diren zoritxar guztiak ordezkatzen dituen panpina erraldoia. Mozorrotutako pertsonei, berriz, porreroak deitzen diete Arabako txoko horretan. Porreroek lapurtutako asto baten gainean eraman zuten Lastozko Gizona Eginoraino, baina hara ailegatzerakoan, gurdi batean jarrarazi zuten gizatxarra. Ez zen nolanahiko gurdia, idiz mozorrotutako bi herritar ibili baitziren tiraka, uztarri eta guzti. Ulaga gainean eraman zuten Lastozko Gizona Andoinera, arantzaz betetako bertako landare baten gainean, eta han abade batekin egin zuten topo. Apaizaren sermoia aditu ondotik, panpina handia hiltzera kondenatu, petardo bat leherrarazi eta su eman zioten.

Porrero edo mozorro ugari elkartu zen atzo Asparrenan. Han ziren pertsonaia gizenak, zakuak soinean zituztenak eta belarra sartuta gorputz atalen bat nabarmendu zutenak. Batek izter lodiak zituen, bertze batek sabel edo ipurdi ikaragarria, eta bizkarrean konkorra zuenik ere ez zen falta. Txerri urdailarekin egindako puxika zeramaten eskuan, ume txikien atzetik lasterka egin eta jotzeko, baita zurda ere, zaldiaren lepoko eta isatseko ile gogor eta lodien multzoa, tontokeriak eginez jendea ikaratzeko. Ezpainean, berriz, abesti bat: «Porrero, atera itzazu babak bero, atera bat, atera bi, atera hiru, atera lau, atera bost, eta egin korrika!». Hori kantatu bezain agudo, jendearen bila abiatzen ziren denak ziztu bizian.

Kolore biziko pertsonaiek ere ez zuten hitzordura hutsik egin. Lumaz apaindutako txanoak zituzten buruan, kolore alaiko blusa soinean, zarata sortzeko karrakak eta txipli-txaplak eskuetan. Bertze zenbaitek zakua zeraman buruan, ardi hezur mozorroa, arto bigoteak eta hautsa, bizilagunei oinak zikintzeko edo etxe batean nahiko sari ematen ez bazioten ataria zikintzeko. Izan ere, hiru herrietan ibili ziren eskean. Beno, eskean eta baita lapurretan ere, garai batean ohikoa baitzen hori herri txikietan. Ilarduian asto bat ebatsi zuten Lastozko Gizona eramateko; Eginon, gazta bat; Andoinen, ordea, nahiko komeria izan zuten suarekin.

Ezagutu ere ez

Gizon eta emakume batzuek azpiko gona zuria jantzi zuten egun handian, parpaila anitzekoa. Blusa ere zuria zuten, artilezko txanoa eta arto hosto lehorrak zintzilik. Aski zaila zen, beraz, mozorroen barrenean nor zeuden jakitea. Garai batean ere berebiziko ahalegina egiten zuten porreroek bizilagunek ezagut ez zitzaten, eta haurrak euren beldur izaten ziren. Haizatutako puxikak eskuan zituztela gibeletik segitzen zietelako eta, baten bat harrapatuz gero, errekara eraman eta aurpegia garbitzen ziotelako. Bertzalde, gizonek emakumeen azpiko gonak janztea arauak haustea zen. Horregatik agertzen dira antzinako inauteri gehienetan parpailak, modu batera edo bertzera.

Zortzi-hamar pertsona ardi larruz jantzi ziren atzo Asparrenan; txintxarriak zituzten eta buruko kukurutxoek xingolak zituzten dilindan. Iturengo eta Zubietako joaldunak ziruditen. Latorregileak ere bertaratu ziren, aspaldiko urteetan bezala. Orduan, inguru horretara joaten zirenean, Ilarduiako Jentilen Kobazuloa izaten zuten bizileku, eta herritarrek kea ateratzen ikusten zutenean zera erraten zuten: «Iritsi dira dagoeneko jentilak». Herriz herri ibiltzen ziren latorregileak, hondatutako eltze eta pertzak konpontzen. Bizilagunek ez zituzten sobera maite langile horiek; errezeloz begiratzen zietela kontatzen dute, behintzat.

Han ziren herri txikietan hain ezagunak diren bertze pertsonaia batzuk ere: harakina, bikote ezkongaia eta atsoa. Horiek ere ateratzen ziren antzinako inauterietan, eta Abetto Oribek eta jaiak antolatzen aritu diren gainerako lagunek testigantzen arabera prestatu dituzte jantziak, zaharren testigantzei jaramon eginda, ahalik eta era fidelenean. «Eurek esango digute garai batekoen antza duten ala ez», azaldu du Oribek.

Orain urte anitz egiten zuten modu berean egin zituzten txantxak ere. Jaietan ohikoa izaten zen piperminak sutan jarri eta kea etxeko zirrikituren batetik sartzea, harraskatik edo katuaren pasabidetik. Ongi eginez gero, etxeko guztiak haserrarazi, eta eztulka eta ezin arnasturik kalera aterarazten zituzten. Kalean ere egiten zuten txantxa desatsegin hori eta atzo ere jendea haserrarazi zuten une batzuetan. Aitzakia ona zuten: lehen ere egiten zutela oroitaraztea.

Hilerrien paretik igarotzean isildu egiten ziren denak errespetua adierazteko; herri batetik bertzera pasatzerakoan, aldiz, porrero nagusiak, hainbat mozorro zituenak, makila ematen zion hurrengo porrero nagusiari. Sabela goxatzeko aukerarik ere ez zen falta izan atzo: bigarren herrian, Eginon, torradak eta txokolatea izan zituzten; Andoinen ere janaria izan zuten Lastozko Gizona hil ondoren, eta dena amaitutakoan afari baten bueltan elkartu ziren porreroak, antolatzaileak eta lagunak.

Asparrenan bezala, Lantzeko inauterietan ere antzinako erritu eta istorioak ekarriko dituzte gogora heldu den otsailaren 17tik 20ra. Ekaitzak, lehorteak, piztiak, eritasun larriak, heriotza... Zoritxar askoren atzean naturaz gaindiko botereak zeudela pentsatzen zuten arbasoek; horregatik egiten zituzten errituak, indar horiek baretze aldera, eta horregatik iraun dute ohitura horiek gaur egunera arte, nahiz eta 36ko gerraren ondotik debekatu eta urte batzuetan egin ez. Hala gertatu zen Nafarroako herri txiki horretan ere, Lantzen, 130 biztanle izan arren inauterietan bisitariz gainezka egiten duen toki horretan. Esteban herritarrak oroitarazi duenez, 1962. urte inguruan berreskuratu zituzten jaiak. «Orduko gazteriak ez zuen inauteria ezagutzen, baina prest zegoen berriro ospatzeko, eta adineko jendeari eskatu zion laguntza. Gobernadorearen baimena lortzeko konpromisoa hartu zuena, berriz, Julio Caro Baroja izan zen. Arazorik izanez gero, moldatzen lagunduko zigula agindu zuen, baina ez zen beharrik izan, gobernadoreak urtero-urtero eman baitzigun besta egiteko baimena», azaldu du bizilagunak.

Arbasoei aditutako istorioa

Mutikoa zen orduan Esteban, eta igandeko Inauteri Txikian parte hartzen zuen. Horretan jarraitu du gero ere, hutsik egin gabe inauteriez gozatzen, abeltzain lanak uzten dion heinean, jai «bereziak eta sakratuak» baitira harentzat, «zirraragarriak eta bakarrak munduan». Lantzeko inauteriak apenas izan du aldaketarik urteen joanean, eta pertsonaiek ere izaerari eutsi diote. Ziripot, Zaldiko eta Miel Otxin dira protagonistak, baita herriari itzulia egiten laguntzen dieten mozorroak edo txatxuak ere. Istorio bat baino gehiago kontatzen dute hirukoteari buruz. Horietako batek Miel Otxin gauez herrira joaten zen gaizkilea zela dio. Etxeetan ebasten aritzen zen, egun batean harrapatu zuten arte. Ziripot gizon lodikotea izan zen, hain zuzen ere, lapurraren gordelekua topatu zuena eta atxilotzea eta epaitzea ahalbidetu zuena. Hiltzera kondenatu zuten, Ilarduiako, Eginoko eta Andoingo Lastozko Gizona bezalaxe. Zaldiko, aldiz, Miel Otxinen zaldia zen eta jabea atxilotuta eraman zutenean gibeletik jarraitu zien herriraino, atzetik joan zen hil aurretik egin zuten itzuli guztian ere, nagusirik gabe utzi zuen gizona aurkitu nahi baitzuen, Ziripot. Arotzen papera ere garrantzitsua izan zen, Zaldiko ferratu baitzuten. Horixe da Estebanek arbasoei aditu dien istorioa, horixe da urteak joan eta urteak etorri Lantzen interpretatzen dutena.

Logale handia pasatu eta gozatu

Denek hartzen dute parte ekitaldietan, zahar eta gazteek. Aste Santua baino berrogei egun lehenago ematen diote hasiera inauteri bestari, larunbat gauean afaria eta parranda eginda. Igandean, txikien txanda izaten da, eta helduen antzezpen bera egiten dute; pertsonaia berberei ematen diete bizia, hori bai, eskala txikiagoan. Eguerdiko ordu bata aldera buelta ematen diote herriari, eta arratsaldeko zazpietan ibilbide bera egiten dute, bukaeran eskualdea beldurtu zuen Miel Otxin hiltzeko. Helduren batek tiro egiten du zerura eskopetarekin.

Astelehen goizean herriko ostatuan elkartzen dira bizilagunak, gosari eder baten bueltan, eta sabelak alaitu ondotik ganbarara goititzen dira Ziripot janztera. Jutezko zakuekin mozorroa osatu eta belarrez betetzen dute, ozta-ozta ibiltzeko gai den pertsonaia lodia sortzeko. Asko dira Ziripotekin batera trastelekuan janzten diren txatxuak. Ferratzaileak, ordea, bertze etxabe batean batzen dira prestatzeko. Pertsonaiak janzteak denbora eta pazientzia eskatzen du, are gehiago Estebanek bezala eguneroko lana utzi ezin duenari. Abereek berdin-berdin jaten baitute inauteriak izanda ere. «Gaztetatik izan naiz abeltzaina, eta ez dut egun libre bakar bat ere izan parrandarako. Logale handia pasatu eta ahalegin handia egin dudalako gozatu dut. Gaztetan gauez ateratzen nintzenean, batzuetan goizeko seietan erretiratu eta zuzenean joaten nintzen animaliei jana eman eta behiak jeztera, baina dagoeneko ezin dut horrelakorik egin», aitortu du nostalgia pixka batekin.

Astelehen eguerdian herriari itzulia eman eta ostatuan bazkaltzen dute, eta asteartean ere gauza bera egiten dute, ezberdintasun bakarrarekin: arratsaldean plazara eramaten dute gaizkilea, txistu doinuen erritmora mugituta. Langintza zaila da hori, Miel Otxinek berrogei kilo inguru eta hiru metro baititu; beraz, gazteek txandaka dantzarazten dute panpina astuna. Estebanek urteetan egin du, orain dela bi edo hiru urte arte, baina orain txatxua da, «gazteek hagitz ongi egiten dutelako eta lekua utzi behar zaielako». Erdi gizon erdi zaldi den Zaldiko basatiaren paperean lasterka ere ibili izan da Esteban, Ziripoti eraso egin eta lurrera eraisteko ahaleginean.

Txatxuak plazan izaten dira lapurra noiz eramanen duten esperoan, eta iristen denean bi tiro egiten dituzte airera. Besoak zabalduta gurutze itxura duen belarrez betetako panpina lurrera bota eta su ematen diote. Erretzen ari den bitartean Lantzeko Zortzikoa dantzatzen dute inguruan, sugarrekin batera inauteriak itzaltzen diren arte.

Lantzen eta Asparrenako hiru herrietan, Ilarduian, Eginon eta Andoinen, gisa berean bukatzen da besta, gizatxarra erre eta suaren inguruan dantza eginda. Interpretazio bat baino gehiago du horrek, eta zera dio horietako batek: Arabako Lastozko Gizona eta Nafarroako Miel Otxin zoritxarren ordezkari dira; beraz, suntsituz gero herrietako zorigaiztoak uxatzen zituztela pentsatzen zuten arbasoek. Ea bada aurten erritua ongi betetzeak bizilagunei zorte ona ekartzen dien!

Maider IANTZI

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo