GARA > Idatzia > Ekonomia

Zure enpresak ba al du euskara bultzatzeko planik?

Gizarte eragileok munduan euskara bultzatzeko lanean inplikatu beharra dugu; argi dago euskarak ez duela ideologiarik, eta guztion mesederako dela Gure sindikatuak badu eginkizun handi bat, hizkuntzaren normalkuntza eremu formaletara eramatea eta enpresan lan sendo bat egitea, besteak beste euskara planak bultzatuz

Jesus UZKUDUN

CCOO sindikatuko Hizkuntz Normalizaziorako arduraduna

Euskarak abagune polita du lan munduan. Euskadin ordezkaritza handiena duten lau sindikatuak azken urteotan akordio bakar batera iritsi dira: euskararen ingurukoa. Duela hilabete batzuk, CCOOk ELArekin, LABekin eta UGTrekin batera, akordioa sinatu zuen Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailarekin. Akordio horren asmoa euskal enpresetan euskararen erabilera bultzatzea da, enpresaren jardueran pixkanaka euskararen erabilera txertatzen hasteko. Sinatutako akordioak aukera ematen dio enpresari Lanhitz programaren bidez finantzaketa publikoa izateko, lehenago Kontseiluak bultzatutako kanpainako Bai Euskarari ziurtagiriak ez bezala.

CCOOk beti izan du euskararekin konpromiso argia eta sendoa. Langile Komisioek zortzigarren kongresuan apustu argia egin zuten euskararen alde eta hizkuntz normalizazioaren alde. Konpromisoa hartu zuen euskararen erabilera gizartean zabaltzeko, guztion kultur ondasuna delako. Harrezkero, gure sindikatuak euskara garatzeko ahalegina egin du, bai erakundearen barruan, bai lan harremanen esparruan. Ahalegin horretan askatasuna, pluraltasuna eta errespetua dira oinarrizko baloreak. Akordio honetaz oso balorazio positiboa egin genuen eta orain adostutakoa gauzatzen hastea dagokigu. Hala, bada, datorren otsailaren 14an CCOOk sindikatuko ordezkariak bilduko ditu Donostian, Euskara planen edukiak azaltzeko eta parte-hartze sindikalaren berri emateko.

Gizarte eragileok lan munduan euskara bultzatzeko lanean inplikatu beharra dugu; argi dago euskarak ez duela ideologiarik, eta guztion mesederako dela. Beste sindikatu batzuk ez bide dira iritzi berekoak; horiek diotenez, akordio honetan zein eginkizun duten ez dute argi. Beharbada deseroso daude argazkian eta akordioan gainerakoen ondoan agertu behar dutelako. Abertzale «label-a» izanik ezer justifikatu behar ez dutenez, euskararen arloan besoak gurutzaturik jarraitzen dute, eta, okerrago dena, euskara tresna politiko moduan erabiltzen dute.

Gure sindikatuak badu eginkizun handi bat, eta da hizkuntzaren normalkuntza eremu formaletara eramatea, eta enpresetan lan sendo bat egitea, besteak beste euskara planak bultzatuz. Horrenbestez, Langile Komisioetan lanean jarraitu eta edozein ekimenetan parte hartuko dugu, pluraltasuna onartuz eta enpleguaren babesarekin kontraesanean erori gabe, euskara gure gizartean zabaltzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo