Osasuna Gorritxoek sailkapeneko azkenaren zelaian jokatuko dute
Etxetik kanpoko bolada txarra apurtzeko aukera
Liderraren aurka berdindu ostean, Osasunak sailkapeneko azkenaren zelaian jokatuko du; oraingoan, etxetik kanpoko bolada txarra apurtzeko asmoarekin
GARA | IRUÑEA
Urtarril madarikatua amaitu, eta Osasunak liderraren aurka berdinduta hasi zuen hurrengo hilabetea. Orain, berriz, otsaileko bigarren asteburu honek irabazteko aukera ezin hobea ematen dio taldeari.
Egia da talde gorritxoak sekulako arazoak izan dituela etxetik kanpo azkenaldian. Izan ere, Iruñetik urrun, azkeneko aldiz abenduaren 17an irabazi zuen -El Madrigalen lortutako 1-4 ikusgarri hura-; ordutik aurrera, hiru aldiz jarraian galdu du. Ezin da ahaztu, gainera, Nastic denak emanda ari dela datorren urtean Lehen Mailan jarraitzeko behar duen erreakzioaren bila; izan ere, azken hiru asteetan ez du porrot egin.
Baina argi dagoena zera da: Paco Floresen taldea sailkapenaren azken postuan dago, salbatzetik bederatzi puntura. Horrek jokalariak oso motibatuta irtengo direla adierazi nahi du, eta horrek arrisku handia izango duela esaten du, baina, aldi berean, mailako talde txarrena dela ere. Osasunak, adibidez, kataluniarren aurka lortu zuen denboraldiko lehen garaipena.
Gaurkoa, beraz, oso aukera ona izan daiteke Nafarroako taldeak etxetik kanpoko bolada txar hori apur dezan.
Arrastorik ez
Lehen itzuliko emaitza errepikatzeko asmoz -datozen partidei begira moralki adieraz dezakeena ahaztu barik-, badirudi Jose Angel Zigandak txandatzeak egingo dituela, Bordeleko norgehiagoka heltzear baitago.
Entrenatzaile nafarrak ateak itxita zuzendu zuen atzoko saioa, eta ondorengo prentsaurrekoan ez zuen arrasto handiegirik eman -«bi sistema ezberdinen» artean zalantzan zegoela bakarrik aitortu zuen-, baina badirudi Krutxaga eta Milosevic jokalariak hamaikakotik kanpo geratuko direla. Josetxo eta Webo, berriz, ez dira deialdian sartu ere egin.
Nastici dagokionez, Pinillak azaro fisikoak ditu, eta Paco Floresek 19 jokalariko deialdia egin zuen atzo.