GARA > Idatzia > Kirolak

Futbola Emakumezkoen Superliga

Reala Athletici estualdi bat emateko prest dago

Bizkaitarrek garaipena behar dute lehen postua indartzeko, eta gipuzkoarrek puntuak behar dituzte beheko postuak atzerago utzi ahal izateko

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Reala eta Athletic neurtuko dira gaur, eguerdiko hamabietan (ETB-1), Zubietako zazpigarren zelaian. Bi taldeek behar dituzte puntuak, baina biek helburu oso ezberdinetarako behar dituzte. Gipuzkoarrek, beheko postuetatik ihes egin ahal izateko; eta bizkaitarrek, berriz, Liga irabazteko.

Talde zuri-gorria da gaurko partida irabazteko faboritoa. Lehen itzulian 3-0 irabazi zuen, eta zerbaitegatik dago sailkapeneko lehen postuan. Reala, ordea, ez dago lehen itzulian zegoen egoera berean. Orduan, azkeneko postuan zegoen, partidarik irabazi gabe. Ordutik, ordea, gorantz egin du.

Hutsune gutxi

Gaur egun, Emakumezkoen Ligan bi lehiaketa ari dira jokatzen. Alde batetik, lehenengo sei postuetan daudenak, eta, bestetik, hortik atzera daudenak, taldeen artean aldea dezentea baita. Horregatik, talde zuri-gorriarentzat zaplazteko dezentea izango litzateke ustez bera baino ahulagoa den talde baten zelaian galtzea.

Relarentzat, aldiz, garaipenak bestelako poztasun bat izango du. Horrelako partidak galtzea normaltzat har daiteke, baina irabazita, atzetik dituen taldeei tartea zabaltzeko bidea izango litzateke. eta indarra emango liekeen garaipena litzateke.

Jokalariei dagokienez, Realean, Leire Landaren hutsunea izango dute, berriro ere min hartu baitu, eta gaur ez da jokatzeko moduan izango. Gainerako jokalari guztiak deialdian izango dira.

Athleticen, aldiz, hutsune garrantzitsurik ez dute, eta hemezortzi jokalari deitu ditu Juaristi entrenatzaileak. Partida, gainera, Euskal Telebistak zuzen-zuzenean emango du.

Bestetik, Lagunak Levante hartuko du gaur etxetik kanpo. Alacantekoak hirugarrenak dira sailkapenean; beraz, jokalari nafarrek ez dute lan erraza izango.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo