GARA > Idatzia > Kirolak

Harri-jasotzea Albizuri Handia

Goenatxorekin berdindu arren, Ostolatza txapeldun

Arautegiaren arabera, kilorik gutxien pisatzen duen kirolariak irabaziko zuen berdinketa izanez gero, eta zestoarra azkoitiarra baino arinagoa da

Jon LEUNDA | AMEZKETA

Joseba Ostolatzak irabazi zuen atzo Amezketan jokatu zen Albizuri Handi Txapelketa. Dena dela, zestoarra Goenatxorekin berdinduta geratu zen, bakoitzak hamaika aldiz jaso baitzuen Amezketako harri baldarra. Arautegiaren arabera, ordea, berdinketa izanez gero, gutxien pisatzen duen harri-jasotzaileak irabaziko zuen, eta Ostolatzak eraman zuen txapela. 114 kilo pisatzen ditu; eta Goenatxok, aldiz, 134 kilo.

Jendeak ez zuen hutsik egin, 600 ikusle inguruk erabat bete baitzituzten Amezketako pilotalekuko harmailak. Hasiera batean, hamar harri-jasotzaile izatekoak ziren, baina zortzi agertu ziren. Aurretik jakina zen Irigoien ez zela joango, gaixorik baitago, eta Goikoetxeak ere ez zuen parte hartu.

165 kiloko harri baldar horrek lan asko eman zizkien kirolariei. Azkeneko aldiz txapelketa jokatu zutenean, 15 aldiz jaso zuen Goenatxok, eta berea da errekorra. Atzo ez zuten marka hori apurtu, ez eta gerturatu ere, baina Ostolatzak eta Goenatxok egindako lana ederra izan zen, eta polita ere bai.

Azkoitiarra aurretik aritu zen lanean, eta hamaika jasoaldirekin konformatu behar izan zuen hamar minutu lanean aritu ostean, hori baitzen bakoitzak egin beharreko lana; hamar minutuko txanda, alegia.

Ostolatza atzetik aritu zen, eta arazoren bat edo beste izan bazuen ere, harrijasotzaile azkotiarrak egindako lana berdindu zuen. Hori bai, azkoitiarra baino arinagoa denez, horrekin txapela ia ziurtatu zuen.

Izeta II.a geratu zen hirugarren. Aiarrak ere lan ona egin zuen, eta hirugarren postuarekin konformatu behar izan zuen zortzi jasoaldi emanda.

Batzuen ahalegina, alferrikakoa

Lehenengo hiru harri-jasotzaileetatik besteetara alde dezentea izan zen. Laugarren postuan Elosukorta izan zen. Azkoitiarrak ere lan ona egin zuen, baina hiru jasoaldirekin geratu behar izan zuen.

Izeta III.a izan zen lanean aritu zen lehenengoa, eta lehen jasioaldia azkar eman baldin bazuen ere, bigarrena ematea asko kosta zitzaion. Baina hamar minutu pasatzerako, beste bat ere jaso zuen, eta ez zen haserre bi jasoaldirekin.

Eizmendi gaztea, berriz, jasoaldi batekin geratu zen. Saiatu zen mutila, bestea ere nahiko gertu ere izan zuen, baina bakar bat izan zen balekoa.

Bi kirolari geratu ziren jasoaldirik egin gabe. Ez Landarbidek, ez eta Urpek ere ez baitzuten jasoaldi bakar bat ere egiterik lortu. Biak ahalegindu ziren, baina ez zuten erdietsi.

Ostolatza gustura zegoen egindakoarekin. «Irabazi dut, eta gustura nago. Ongi hasi naiz, baina arazoak izan ditut. Jasoaldi batean hanka bat mugitu zait, eta behartu handia hartu dut. Gero, asko sufritu behar izan dut. Harria zaila da, batez ere gerritik gora eramateko. Petxuan estu hartu behar da», esan zuen.

Jasoaldirik gabe
Landarbide eta Urpe jasoaldiren bat ematen ahalegindu ziren, baina ez gipuzkoarrak ez eta bizkaitarrak ere ezin izan zuten Albizuri Handia bizkarraren gainean berdindu. Jendeak, ordea, egindako ahalegina eskertu zien.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo