GARA > Idatzia > Kirolak

Pilota (Berezkoen Bakarkakoa)

Kurutxarik uste baino errazago egin du aurrera

J.L. | MAULE

Andde Kurutxarik lortu zuen atzo Maulen Bakarkako Txapelketako finalerdiak jokatzeko txartela. Irabaztea normaltasunaren barruan sartzen da, baina ezustea emaitzan egon zen, uste baino askoz ere errazago lortu baitzuen garaipena.

Norgehiagokan oreka lehen hamar kintzeetan egon zen. Ordura arte, partida oso ederra izan zen, baina hortik aitzinera, Kurutxari agintzen hasi zen, eta sakean egon zen gakoa. Nafarroa Beherekoak 14 kintze sartu zituen botetik, eta horrek min handia egin zion. 14-20 egotetik 20-39ra pasatu zen Kurutxari, 6-19ko partziala lortuta, eta hortxe amaitu zen partida.

47 minutu iraun zuen partidak, eta honako partzial hauek izan ziren: 2-2, 5-5, 6-6, 10-10, 11-16, 14-20, 20-39 eta 23-40. 14 bote sartu zituen Kurutxarik, eta 3 besterik ez Sorhuetek.

Atzo final-laurdenetako beste partida bat ere jokatu behar zuten Ozafrainek eta Muskarditzek, baina atzo GARAk jakinarazi zuen moduan, ez zen jokatu, Muskarditzek eskuetako arazoak ez ditu gainditu, eta uko egin behar izan dio lehiaketari. Hori dela-eta, Ozafrainek aurrera egin du, eta finalerdiak jokatuko ditu. Atzoko jaialdia osatzeko, lagunarteko partida jokatu zuen Ezkurra I.aren aurka, eta partida ederra eskaini zuten bi pilotariek. Garaipena Patrick Ozafrainek eraman zuen, 40 eta 35 irabazita.

Atzoko beste berria Mauleko trinketa bera izan zen. Glaria izenekoak dozena bat urte eman ditu itxita, bertako harmailetara jenderik sartzerik ez zegoelako, eta dena berritu ostean, atzo ireki zituen berriro ere ateak, eta jendeak ederki erantzun zuen. Trinketa dotorea geratu da, eta hemendik aitzinera, pilotari profesional eta gainerakoentzat erreferentzia izango da, Baionakoa, Donibane Garazikoa edo Senperekoa diren moduan.

Gaur, Senperen

Final-laurdenetako beste bi partidak gaur jokatuko dituzte Senpereko trinketean, 17.00etan. Ezkurra II.a eta Aranburu neurtuko dira lehendabiziko partidan, eta Etxeto eta Idiart lehiatuko dira bigarrenean.

Lehenengo kanporaketan, Paxkal Ezkurra aterako da irabazteko faboritoa. Bera da txapelduna, baita aurtengoa janzteko faboritoa ere. Aranburuk lehen kanporaketa gainditzearekin helburua beteta dago, eta gaur galtzeko gutxi izango du.

Bigarren partida ere erakargarria da. Etxeto aterako da irabazteko faborito, baina Idiart bakarka oso ongi moldatzen den pilotaria da, eta lan asko egin beharko du menderatu ahal izateko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo