GARA > Idatzia > Kirolak

Azkoitia

Asperen amesgaiztoa ostiral arratsean hasi zen

TITIN III-LASA III 11

OLAIZOLA I-BELOKI 22

A.A. | DONOSTIA

Asier Olaizola eta Ruben Beloki ere bide azkarrenetik sartu dira finalerdietako ligaxkan ostiralean Titini eta Lasari egundoko pasada emanda. Hasiera-hasieratik ikusi zen bikote urdina askoz ere freskoago iritsi dela lehiaketaren erdialde honetara, eta bi beteranoek ez zuten maila batere ona eman.

Asierrek eta Rubenek jokoa atzean zamatu zuten behin eta berriro, eta Oskar Lasak asko sufritu zuen lehen tantotik. Azken txanpara iritsi arte ez zuen ia pilotarik galdu, baina Etxarrikoak eraman besterik ez zuen egin, eta Titinek oso urrutitik sartu behar izan zuen.

Edonola ere, Tricioko aurrelariak pilota bat baino gehiago bihurritu zuen lehen tantoetan, eta, Asier Olaizolaren huts batzuk behartzeaz gain, tanto ederren bat ere egin zuen -txokoan utzita 4-2koa edota ezker airez 10-11koa-.

Baina bigarren zatian egurrean hasi ziren urdinak eta, batez ere, Ruben Belokiren lana nabarmendu behar da. Burlatakoak ikaragarri jo zuen eta lau tanto egin ere bai, 3 atzean eta 1 ezkerrez pilota zabalduta.

Gaur hitzordu bikoitza

Final-laurdenetako bigarren jardunaldia gaur amaituko da Bergara (18.00, ETB1) eta Tafallako bi neurketekin. Udal Pilotalekuan Xalak eta Eulatek bigarren puntua eskuratu nahiko dute Leitza eta Zearraren kontra. Aspeko pilotariek 22-20 irabazi zuten aurreko astean Zornotzako partida luze eta gogorrean.

Tafallako Ereta pilotalekuan, berriz, Koka eta Otxandorena izango dira finalerdietarako txartela eskuratu dezaketenak Gonzalez eta Pascualen aurka. Partida horretan, gainera, beste arretagune bat ere izango dugu. Asegarcekoek irabazten badute, Juantxo Kokak titular postua lortuko du Aimar Olaizolaren kaltetan. Altzakoak, beraz, aukera ederra du gaur arratsaldean Tafallako pilotalekuan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo