GARA > Idatzia > Ikusmira

Mahastiak erauztea ez da garapen iraunkorra

Europako Batzordeak proposatutako mahasti-erauzteak uste baino oztopo gehiago izango du. Atzo Europako Parlamentuak ez zuen onartu Bruselaren nahia, eta, erabakia loteslea ez bada ere, badu balio politiko ukaezina. Maiatzean edo ekainean ardoaren Merkatu Erakunde Komuna aldatzeko proposamen biribilago bat aurkeztu bitartean, beraz, Parlamentuaren erabakia balazta da Bruselaren asmorako. Eta kontua ez da erreforma horren beharra zalantzan jartzea, nola egiten den baizik. Izan ere, horrelako erabaki zentralizatuek, dela Madrildik, dela Bruselatik, hau da, erabakigune urrun batetik eginak, interes orokorraren aitzakian kalte handia eragiten diete herrialde edo lurralde askori. Gaur egun Europako agintariek hitzetik hortzera darabilte ahoan garapen iraunkorra delakoa. Hala ere, garapenak, iraunkorra izan dadin, orekatua behar du izan. Horrek esan nahi du sektore guztien garapena izan behar duela kontuan. Euskal Herria horren adibide da, zentzu negatiboan, ordea, eta ez ardoaren Merkatu Erakunde Komunaren erreformari dagokionez soilik; izan ere, azpiegitura handiak nonahi ugaldu ahala, lehen sektorea murriztuz doa. Erreforma Arabako Errioxari zuzen eragingo liokeen proiektua da, eta ez da gogoeta handiegirik behar ondorioztatzeko edozein herrik, biziraun nahi badu, lehen sektorea oinarrizkoa duela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo