GARA > Idatzia > Txokotik

Bota ezazu lanetik zeure burua prezio onean

Xabier Izaga

Irakaslea

Baina zer dela-eta zaudete horren haserre? Sikiera lanik falta ez duzue, eta hori gaur egun oso inportantea da...», ziotsan nire lagun bati nagusiaren emazteak orain dela hamar bat urte, langileek zenbait hilabete kobratu gabe zituztela, fabrika itxi baino beste zenbait hilabete lehenago. Eta niri hark aurreko hamarraldian adar soinuan esaten zena ekarri zidan gogora; langileak ordaindu egin beharko zuela lanpostu baten truke, alegia.

Aste honetan jakin dugunez, Ekonomi Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak (OCDE) Estatu espainolari eskatu dio kontratu mugagabea dutenen ka- leratzea merkatzeko. Hartarako, enpresak eta langileek, bai, langileek ere, kontribuzio bat egin beharko lukete langileak kaleratzerakoan kalte-ordainei aurre egiteko.

Kontua da Europako zenbait lekutan enplegu finkoa oso babestuta dagoela, gazteen kaltetan. Horiek horrela, beharrezkoa da gazteentzako kontratu eredu babesleago bat. Eta, Afrikako bizilagun guztiek egunero bapo bazkalduko balute Lehen Munduan lehertu eta nazkatu arte ezin jango genukeen bezala, gazteen enplegua babestuz gero, gainerako langileenari horrenbesteko babesa kendu behar. Hori da aholkatzen den kontratu mota, batez bestekoa, langile arteko elkartasuna dakarrena eta, bide batez, kaleratze merkeagoak.

Honetara ezkero, ordea, zer esan? Bide luzea egin du merkatuak, erlijioa eta zientzia gainditerainokoa, bi-biak bere zerbitzura ezartzerainokoa. Haren legeen arabera, ekonomi krisia dagoenean, langileek lagundu egin behar dute, izorratu, alegia; eta ekonomi egoera arrakastatsua denean, arrakastatsu jarrai dezan, gauza bera.

Kapitalak Adan Smith santuari baino kasu handiagoa egin zion Marx deabruari. Proletarioek baino kasu handiagoa, inondik ere. Egia da Marx ez dagoela modan, azkenontzat, baina. Eta, paradoxa paradoxaren gainean, beharbada lanpostu baten truke ez, baina gure kaleratzea ordaindu beharko dugu eta, hartara, jarritako dirua kalte-ordainera hurbiltzen denean, beste lanpostu baten bila hasi.

Daniel Landartek «Lantegiko hamar manamenduak» idatzi eta Errobi taldeak famatu zituen orain dela 30 urte. Ordutik hamar baino dezente gehiago dira. Ironia ere ostu digute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo